BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Egino: "Ezezaguna" bidea, 65 metro, V

Bide berria edo ahaztutako bide zahar bat? Bat edo bestea izan, bide honek zapore ederra utziko digu.
"Ezezaguna" bidearen kokalekua eta nondik norakoak / Smithy

Berrocoso anaiek La Leze inguruan irekitako "Ekaitzean Elaia" eta "La Última Meiga" bideen eskuinean badago hirugarren bide bat, nork irekia eta zein izen duen ez dakiguna, hortik "ezezaguna" izena.

Ezkerrean dituen bideen estilo eta zailtasun berekoa bada ere, kasu honetan express-zintak bakarrik eramatearekin nahiko izango dugu nahiz eta bigarren luzeko lehen parabolta urrun dagoen (10 metro inguru). Auto-babeserako materiala eraman eta "Ekaitzean Elaia" eta "La Última Meiga" bideak ere eskalatzen baditugu goiz pasa ederra egingo dugu inongo zalantzarik gabe.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 60 metro.
- Luze kopurua: 2. Lehenengo luzea "Ekaitzean Elaia" bidearekin partekatzen du.
- Nork irekia: Honen inguruko daturik ez dugu topatu.
- Zailtasuna: V. Luzez luze: 1ºL: V (25 m), 2ºL: V (35 m). Lehenengo luzea paraboltez oso ondo ekipatua dagoen bitartean, bigarren luzearen lehenengo 10-12 metroetan ez dago paraboltik. Tarte honetan auto-babeserako materiala ongi etorriko zaigu, baita parabolten artean bakarren bat jarri nahi bada, hauen arteko tartea ez baita motza.
- Orientazioa: Ekialdea.
- Ura: La Lezeko aparkalekuaren ondoko iturrian.
- Hurbilketa: La Lezetik Olano mendira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Berakaitz pitzadurara iritsitakoan ezkerrera hartu eta "La fuente" sektorera zuzenduko gara gure eskuinean pitzadura/kanal antzeko bat utziz. Kanal honen amaieran, basoan sartu aurretik, eskuinera gora doan malda igoko dugu bidearen oinera iritsiz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 10-15 minutu pasako ditugu.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Auto-babeserako materiala lehen paraboltera iristeko bakarrik erabili genuen (friend bat eta artaka-trabagailu bat).
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordubete inguru.

DESKRIBAPENA

- Lehenengo luzea, 25 metro. Luzea plaka inklinatu bat eskalatuz hasten da horma bertikalarekin topo egin arte. Hemendik gora luze osoa V zailtasunaren baitan mugitzen da.

Horma bertikala kolokan diruditen harkaitz batzuk eskalatuz hasi eta bilgunetik oso nabaria den harlauza handira zuzenduko gara. Denbora osoan primerako heldulekuak topatuko ditugu eta luzea oso ondo babestua dago.

Harlauzaren gainera igo eta harkaitz-plaka bertikal bat eskalatuz jarraituko dugu (helduleku oso onak), zuhaixka baten ondoko erlaitz txiki batera arte. Hemendik gora, zailtasun guztiak amaituta, harkaitz-plaka txiki bat eskalatuko dugu bilgunera iritsiz. Bilgunea, kate eta eraitsi ahal izateko mosketoi batez osatua dago.

Lehenengo luzearen eskuinean hildako zuhaitz handi eta nabaria dago. Bilgunetik oinez atera eta zuhaitz honetara zuzenduko gara. Zuhaitzera iritsi gabe eskuinera jo eta, oinez, zuzen joko dugu bigarren luzea hasten den harkaitz-plakara iritsiz. Bertan uztaidun parabolt bat eta harkaitz-zubi pare batek lotutako mailoi batez osatutako bilgunea topatuko dugu.

- Bigarren luzea, 35 metro, V. Bilgunearen eskuinetik irten eta goian dugun zuhaitzaren eskuin aldetik eskalatzen jarraituko dugu helduleku onak dituen harkaitz-plaka baten oinera iritsiz. Harkaitz-plaka bertikal hau eskalatuz (5 metro inguru) lehenengo paraboltera iritsiko gara. Zati honetan guztian ez dago inongo asegururik, beraz, gomendagarria izan daiteke auto-babeserako materiala eramatea.

Lehen paraboltetik gora, belar eta lurrak hartzen hasitako harkaitz-plaka bertikala eskalatu (V) eta honen ezkerreko erlaitz txiki eta eroso batera iritsiko gara. Erlaitzetik gorako horma bertikala eskalatzen jarraituko dugu (V) bigarren erlaitz txiki batera iritsiz. Bigarren erlaitzetik gora horma bertikala eskalatzen jarraituko dugu (V) bilgunea kokatutako horma bertikalaren oinera iritsiz. Bertako erlaitz inklinatua metro pare batean eskuinera jarraitu (II) eta eskuin ezker doan harlauza bavariar moduan eskalatuz bilgunearen parean kokatuko gara (IV+), ezkerrera egindako metro eskaseko zeharkaldi horizontalaren ondoren bertara iritsiz. Bilgunea ez da erosoa eta bi eskalatzaile eroso nekez sartzen baitira eta kate batez lotutako bi paraboltez osatua dago. Bigarren luze honetako parabolten arteko tartea ez da motza. Hala ere, burua estu ikusi eta auto-babeserako materiala eraman bada, friend eta artaka-trabagailuak trabatzeko aukera handia dago.

Jaitsiera bidea rapelatuz egingo dugu.

Bide honen krokis, argazki eta informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa