BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Egino: "Consejo de sabios" bidea, 60 metro, 6a

Paraboltez ongi ekipatutako bidea, bi luzez osatutakoa eta zertxobait estutzea eskatuko diguna. Frogatu nahi?
"Consejo de sabios" bidearen kokaleku eta nondik norakoak / Smithy

Berro anaiek Eginoko "La Leze" inguruan irekitako altxor txikia da "Consejo de sabios" bidea. "La fuente" sektorearen eskuinean dago, "Superbloke" bidearen eskuinean hain zuzen ere. Bi luzez osatuta dago, biak 6a zailtasunekoak. Lehenengo luzea teknikoa da, indarrekin baino gorputza ongi mugitu eta kokatuz eskalatu behar den horietakoa; bigarrenean aldiz, indarra beharko dugu. Horma paretik begiratzen badugu, bigarren luzearen ezkerreko sabai edo leizetxo hori nabarmena erraz identifikatuko dugu.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 60 metro.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: Josema eta Iban Berrocoso, 2016eko neguan.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: 6a (35 m) eta 2ºL: 6a (25 m).
- Orientazioa: Ekialdea.
- Ura: La Lezeko gunean dagoen iturrian hartu daitek.
- Hurbilketa: La Lezetik Olano mendira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Berakaitz pitzadurara iritsitakoan ezkerrera hartu eta "La fuente" sektorera zuzenduko gara gure eskuinean pitzadura/kanal antzeko bat utziz. Pitzaduraren amaieran, basoan sartu eta lehen haritzak atzean utzi ondoren eskuinean dugun plaka inklinatua igoko dugu. Bidea parean dugun hormaren eskuinean hasten da, "Superbloke" bidearen eskuinean, hain zuzen ere. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 10-15 minutu pasako ditugu..
- Jaitsiera: Bidea rappelatuz.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 12 express zinta eta zinta-uztai bat bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: 45 minutu inguru

DESKRIBAPENA

- Lehenengo luzea, 35 metro, 6a. Bilgunetik atera eta parean dugun horma bertikala arteko metro errazak (II) eskalatu ondoren, "Consejo de necios" bidea (6b) ezkerrean utziko dugu. Hormaren azpitik eskuinerako joeran jarraituko dugu zuhaitz baten ondotik pasatu eta horma bertikalarekin topo egin arte (IV).

Horma bertikalean gora metro pare bat eskalatu eta ezkerrera 2-3 metroetako zeharkaldia egin behar da eskuentzat dauden helduleku ederrak aprobetxatuz (V+). Zeharkaldiaren amaieran dagoen paraboltaren gaineko erlaitz estura igo eta eskuin horman eskuarentzat dagoen zulo txiki bat aprobetxatuz zertxobait eskuinetik eskalatzen jarraituko dugu (6a) hurrengo parabolta arte. Hemendik gora ezkerrerako joerarekin eskalatzen jarraituko dugu helduleku justuak dituen horma bertikalean zehar (V+). Zortzigarren paraboltetik gora luzeak ezkerrerako joera utzi eta, metro batzuetan zuzen egin ondoren (V+), berriro ere eskuinerako joera hartzen du bertatik eraitsi ahal izateko mosketoia duen bilgunera zuzenduz. Bilgunera iritsi aurretik gorputza ongi kokatzea eskatzen duen pasabide fin bat (6a) eskalatu beharko dugu. Lehen bilgune hau atzean utzi eta harkaitz-bloke eta plakatxo erraz batzuk eskalatu ondoren (II) uztaidun bi paraboltez osatutako bigarren bilgunera iritsiko gara.

- Bigarren luzea, 25 metro, 6a. Bigarren luzeak pareko horma zuzen-zuzen jarraitzen du. Harkaitz-bloke eta plakatxo erraz batzuk eskalatu ondoren (II), leizetxo horiaren eskuin ertzera hurbildu eta bertako plaka inklinatua eskalatzen hasiko gara (IV) sabai batekin topo egin arte. Sabaia eskalatu (6a) eta erlaitz txiki baten gainean kokatuko gara. Erlaitzetik gora V+ zailtasuneko horma bertikala eskalatuko dugu zutik mantentzeko nahikoa den erlaitz batera iritsiz. Gainetik zertxobait makurtzen den horma bat izango dugu. Horma honetan zertxobait estutu beharko dugu (V+ edo 6a) hormaren amaieran dagoen arrail makurtu baten laguntzarekin eskalatu eta bilgunera iristeko.

Krokis, azalpen eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather