BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Dent D'Orlu: "Tapas sans dalle" bidea, 425 metro, 5c+

400 metroetatik gorako horma ekipatuak, zailtasun eramangarria, sabaiak, diedroak eta harkaitz-plakak eskalatzeko aukera: zer gehiago eskatu daiteke?
Dent D'Orluren ekialdeko horma ikusgarria, 400 metroetatik gorako eskalada bide ezberdinek zeharkatzen dutena.
Dent D'Orluren ekialdeko horma ikusgarria, 400 metroetatik gorako eskalada bide ezberdinek zeharkatzen dutena. / Smithy

Dent D’Orlu Frantziako mendebaldeko Pirinioetan, Ariège departamentuan kokatutako 2.222 metroetako granitozko mendi ikusgarria da. Bere ekialde eta hego-ekialdeko hormak eskalatzaileen artean preziatuak dira, eskalatzeko bide luze eta ekipatuak baitaude, bakarren bat 1.000 metroetatik gorakoa. Bide errazenek V zailtasunean solturaz eskalatzea eskatuko digute, orokorrean parabolten arteko tartea luzea baita. Biderik errazenak ekialdeko horman topatuko ditugu. Artikulu honetan "Tapas sans dalle" bidearen (horma osoko biderik errazena) inguruko azalpenak irakurtzeko aukera izango duzue.

BIDEAREN DATU BATZUK

Bilgune guztiak uztaidun bi paraboltez osatuak daude, lehenengo bostak gainera, kate batek lotutako uztaidun bi paraboltez.

- Luzera: 425 metro.
- Luze kopurua: 11.
- Nork irekia: Dominique Fourcade eta René Vignolles 1993 urtean.
- Zailtasuna: 5c+. Luzez-luze: 1ºL: IV (40 m), 2ºL: IV+ (35 m), 3ºL: III+ (35 m), 4ºL: IV+ (40 m), 5ºL: IV (40 m), 6ºL: 5b (40 m), 7ºL: 5c+ (45 m), 8ºL: IV (40 m), 9ºL: IV (35 m), 10ºL: III+ (40 m) eta 11ºL: III+ (35 m).
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Leku ezberdinetan hartzeko aukera dago: Ax les Thermes herrian, "Le Belvédère" izeneko hostatuaren ondoko iturrian eta "Ascou la Forge" kanpinean.
- Hurbilketa: Kotxea uzten den lekutik Dent D’Orlu mendira doan ohiko bidea hartuko dugu Brasseil lepora arte. Puntu honetan (indikazio poste bat dago), ohiko bidea utzi eta L’Egue lepora zuzenduko gara. Lepotik dagoeneko ekialdeko horma ikusiko dugu. Bidea horma alderik alde horizontalean erdibitzen duen belarrezko erlaitz nabariaren hasieran hasten da, harkaitz baten ondoan. Bidearen hasieran "Tapas sans Dalle" izena idatzita dago. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera lasai joanda ordu bete eta hogei minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Dent D’Orlura doan ohiko bidea jarraituz ordu eta laurdenean kotxea utzitako aparkalekura iritsiko gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 12 express zinta eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko, nahiz eta bilguneen artean denbora osoan begi-bistan izango garen.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru ordu eta berrogeita hamar minutu.

DESKRIBAPENA

- Lehengo luzea, 40 metro, 4a. Koska txiki batera igo eta harkaitz-plaka etzan bat zuzen eskalatzen hasiko gara (II-III). Lehenengo paraboltera iritsitakoan, "Les dalles blanches" bidearen paraboltak eskuinean utzi eta ezkerrera diagonalean eskalatzen jarraituko dugu (III).

Bilgunera iritsi aurretik horma zertxobait tentetu arren helduleku ederrak ditu (IV), sabai nabarmen baten azpitik 5-6 metroetara dagoen bilgunera iritsiz.

- Bigarren luzea, 35 metro, 4c. Bilgunetik atera eta harkaitz-plaka inklinatua zuzen eskalatuko dugu (III) bidea mozten digun sabaiaren azpira iritsiz. Sabaia eskalatu (IV+) eta harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatzen jarraituko dugu. Zazpigarren paraboltetik aurrera eskuinera zeharkaldi horizontal bat egin (zortzigarren parabolta eskuineko hormatxoan dago), tartean pasabide fin bat eskalatuz. Zortzigarren paraboltera iritsitakoan metro batzuetan helduleku ederreko plaka bat eskalatuz bilgunera iritsiko gara.

- Hirugarren luzea, 35 metro, 3c. Bilgunetik gora harkaitz-plaka etzan batetik zuzen eskalatzen jarraituko dugu lehen paraboltetik gora pixkanaka eskuinean ikusten den sabai nabarmen batera diagonalean zuzenduz. Bilgunera iritsi aurretik plaka zertxobait tentetu (III+) arren zailtasunik gabe eskalatzen da. Bilgunea, gainetik dagoen sabai nabaritik 15 metro inguru beherago kokatzen da harkaitzak egiten duen koska baten eskuinean.

- Laugarren luzea, 40 metro, 4c. Bilgunetik gora zuzen aterako gara gaineko sabaira zuzenduz (III). Sabaiaren ezkerrera zuzendu eta bertako bi koskak eskalatuko ditugu (IV+). Laugarren bilgunea justu sabaiaren gainean dago.

- Bosgarren luzea, 40 metro, 4a. Luzeak harkaitz-plaka etzan batetik zuzen jarraitzen du gainean dugun sabaira zuzenduz. Tarteka koska txikiren bat eskalatu arren, luzeak zailtasun handirik ez dauka. Bilgunea, harkaitz-plaka alderik alde ebakitzen duen sabaitik 5-6 metro beherago dago.

- Seigarren luzea, 40 metro, 5b. Bilgunetik atera eta zertxobait eskuin aldera diagonalean jarraituz hormatxo txiki baten ezkerretik eskalatuko dugu, sabaiak eskuinean duen arrakala antzekora zuzenduz.

Sabaia eskalatzean dago luzearen pasabiderik zailena. Erlaitz inklinatu batera igo eta horma makurtua eskalatuko dugu (5b). Pasabidea arraroa da, gorputza ongi kokatu behar den horietakoa. Sabaia eskalatuta, honen gaineko harkaitz-plaka inklinatuetatik zuzen jarraituko dugu belarrezko kanal baten ondoan kokatutako bilgunera iritsiz.

- Zazpigarren luzea, 45 metro, 5c+. Bilgunetik zuzen eskalatzen hasiko gara belarrez estalitako harkaitz-plaka ezberdinak eskalatuz. Eskuinean dagoen belarrezko kanala zeharkatu eta honen eskuineko harkaitz-plaka trinkotik eskalatzen jarraituko dugu.

Luzearen pasabidea dagoen sabaiaren azpian sabaitxo txiki bat duen harkaitz-plaka inklinatu bat dago. Plaka hau ezkerretik eskalatuko dugu (IV) sabai handiaren ezkerrean kokatuz. Horizontalean metro pare bat eskuinera egin eta bidearen pasabiderik zailena babesten duen paraboltaren parean geldituko gara. Pasabidearen gakoa sabaiaren ertzean dagoen garbantzu baten tamainako koska txiki batean eskuin oinarekin indarra egitean dago, helduleku handirik ez baitago. Sabaia eskalatuta, honen gaineko harkaitz-plaka tentea eskalatzen jarraituko dugu. Plaka honetako bigarren paraboltetik aurrera luzeak eskuinera jotzen du harkaitz-inklinatu bat zeharkatu eta hormatxo bertikal baten azpiko bilgunera iritsiz.

- Zortzigarren luzea, 40 metro, 4a. Bilgunearen gaineko hormatxo bertikala eskalatu (IV) eta pixkanaka etzanez doan harkaitz-plaka inklinatu bat zeharkatu ondoren sabaitxo baten azpira iritsiko gara. Sabaitxo hau zuzen eskalatu (III+) eta harkaitz-plaka etzan bat jarraituz bilgunea topatuko dugu.

- Bederatzigarren luzea, 35 metro, 4a. Bilgunetik zuzen eskalatzen jarraituko dugu sabai edo hormatxo txiki eta harkaitz-plaka inklinatu ezberdinak tartekatuz. Luzea hormatxo txikiz josia izan arren, helduleku ederrak ditu IV zailtasunean mantenduz.

- Hamargarren luzea, 40 metro, 3c. Bilgunearen gaineko harkaitz-plaka etzanetik zuzen eskalatzen jarraituko dugu zertxobait ezkerrera bota eta diedro etzan baten oinera iritsiz. Diedroaren erdian arrail bat dago nahi izanez gero babaresa moduan eskalatu ahal izateko. Hala ere diedroaren ezker plakatik ongi eskalatzen da (III+). Diedrotxo hau eskalatuta luzeak zuzen jarraitzen du bigarren diedrotxo bat eskalatuz. Diedro honek belar pila dauka eta aukeran hobe da belarretara hurbiltzerakoan eskuinera bota eta diedroa osatzen duen eskuin hormatxoaren ertzetik jarraitzea. Bilgunea bigarren diedro honen gainean kokatua dago.

- Hamaikagarren luzea, 35 metro, 3c. Bilgunetik eskuinera 5-6 metro inguruko zeharkaldi horizontala egingo dugu lehen paraboltera iritsiz. Bertatik gora zuzen eskalatzen jarraituko dugu harkaitz-plaka eta belar zatiak tartekatu eta piska bat eskuinera botaz (III+), baina eskuinera gehiegi jo gabe. Azken metroak nahi eta nahi ez belarra zapalduz igo beharko digutu Dent D’Orluren gailurrera iritsiz. Bilgunea gailurrean bertan muntatuko dugu.

Informazio, krokis, azalpen eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa