BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Anayet (2.559 m): "Frantziarren korridoretik", 300 m, D-, 75º, IV.

Korridore klasikoenetakoa sumendi izan zen mendi ezagunetako batean. Eta gainera etxetik urrun joan gabe...
Ibilbidearen nondik norakoak, gorriz igoera eta urdinez jaitsiera
Ibilbidearen nondik norakoak, gorriz igoera eta urdinez jaitsiera / Smithy

Anayet, naturak Pirinioetako Tena bailarako paraje eder batean kokatutako piramide perfektua da. Bakartiak diren beste mendi batzuekin gertatzen den moduan, begiratzen dugun lekutik begiratuta ere mendi ederra da, hotz uzten ez duen horietakoa.

Aspalditik Anayeten ekialdeko horma behetik goraino zeharkatzen duen "Frantziarren korridorearen" eskalada buruan genuen, mendizale gehienok dugun proiektuen karpeta horretan.

Internet eta sare sozialek duten gauzarik onenetakoa mendiaren egoeraren informazio eguneratua eskura izatea da, honegatik,"Frantziarren korridorea" primerako egoeran zegoela irakurri bezain laster ez genuen bitan pentsatu.

Ibilbidea goizeko bostak eta laurden aldera Formigal eski-estazioko Anayet aparkalekuan (1.735 metro) hasi genuen. Normalean itxita egoten den aparkaleku honetako hesia bezperan irekia topatzea ezusteko atsegina izan zen, hurbilketari ordu erdi inguru kentzen baitzaio.

Anayet aparkalekutik gora, GR-11 ibilbidea jarraituz, Culivillas sakana zeharkatu eta Anayet aintziretara igo ginen, aintzirak zeharkatu eta "Frantziarren korridorera" zuzenduz.

Goizeko zazpiak baino lehen korridorearen deiekzio-konoaren ezkerreko harkaitz batzuen artean elurretako erraketak eta eskiak utzi eta eskaladarako prestatzeko aprobetxatu genuen. Hogei minutu pasatxoko atsedenaldiaren ondoren martxan jarri eta zazpiak eta erdi aldera korridorea eskalatzen hasi ginen atzetik bi sokada genituela.

Hanka sartzen galanta izan zen II zailtasuneko irtengune bat zelakoan IV zailtasuneko irtengune bertikala sokarik gabe eskalatu genuenean!!!! Hanka sartzea nire aldetik izan zen, momentu horretan aurretik zihoana ni bainintzen. Kontuak kontu korridorearen 300 metroak hiru ordu laurden pasatxoan eskalatu genituen, tartean, nahiz eta mantso eskalatu, gaixotasun batek eragindako deshidratazioak jota majo sufritu ondoren. Elurra denbora osoan gogorra topatu genuen, eskalatzeko primerakoa.

Anayet mendiaren ipar hormara pasatu ginenean elurraren egoerak ere behera egin eta gailurrera arteko azken 150 metroak eskalatzeko lan handiak egin behar izan nituen, goizeko bederatziak hamar gutxiagotan gailurrera oso nekatuta iritsiz.

Jaitsiera Anayet mendira doan ohiko bidea jarraituz egin genuen elurretako erraketa eta eskiak utzitako harkaitzetara bederatziak eta erdi pasatxoan iritsiz, deshidratazioagatik fisikoki txikituta eta mentalki etsita.

Zerbait jan, erruz edan eta, ordu erdi pasatxoko atsedenaldiaren ondoren, igoerako ibilbide bera jarraituz Formigal eski-estaziora goizeko hamaikak eta erdi aldera iritsi ginen, jaitsieran korridore osoan izandako sentsazio txarrak atzean utzi eta pixkanaka gorputza bere onera itzuliz.

Korridorea ederra iruditu zitzaigun arren, oso estetikoa eta IV zailtasuneko irtenguneak ukitu pikantea ematen diona. Bion iritziz, pasatakoak pasatuta ere, "motza" iruditu zitzaigun, Aizkorriko kanaletan gertatzen zaigun moduan. Halere, Asierrek esan bezala, "holako bide klasikok eskalatu beharren dare".

Egoera onean badago eta korridore hau eskalatzeko aukera baduzue ez bitan pentsatu, ez zarete damutuko eta!!!!


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 10 kilometro eskas.- Korridorearen luzera: 300 m.

- Punturik baxuena: Formigal eski-estazioko Anayet aparkalekua, 1.735 metro.
- Punturik altuena: Anayet, 2.559 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 825 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Inguruko herrietako iturrietatik aparte, Culivillas sakanean gora doan bidea errekatxo baten ondotik doa.
- Zailtasuna: D-, IV. Zailtasun osoa korridorean dagoen 8-10 metro inguru eta IVko zailtasuneko irtengunea eskalatzean datza. Irtengune honetaz aparte, korridoreak 55 gradu inguruan mantentzen da. Hala ere, maldaren inklinazioa korridorearen irteeran sor daiteken erlaitzaren baitan dago, hainbat deskribapenetan irteera 65 graduetara iristen dela irakurri daiteke eta. Gailurrera iristeko ipar horman eskalatzen den zatian, elur-maila eta honen egoeraren arabera noski, M2-M3 zailtasuneko zati mistoak eskalatu beharko ditugu. Jaitsieran, hasieran 40-45 gradu inguruko malda bat jaitsiko dugu (normalean arrasto onarekin harrapatuko duguna) eta, amildegiaren gainetik, 45 gradu inguruko malda baten gainean zeharkaldi horizontal bat egin beharko dugu kateen bidez aseguratutako lekura iristeko. Anayet eta Vertice de Anayet mendien arteko lepora iritsi aurretik 8-10 metro eta II zailtasuneko hormatxo tente bat ere eskuak erabiliz jaitsi beharko dugu.

- Jaitsiera: Anayetera doan ohiko bidetik.
- Eramandako materiala: 30 metroetako bi soka, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa, hiru iltze, hiru izotz-torloju, bi elur-hesola, dozena erdi bat express-zinta eta zinta-uztai batzuk.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Sei ordu eta laurden pasatxo, atseden eta hamaiketarako uneak ere zenbatuz.

Ibilbidearen inguruko informazio, krokis, argazki eta ibilbidea bera deskargatzeko hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa