BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Egino, Larriñegiko haitza: "Lore festa" bidea, 225 metro, 6a

Askorentzat “Lore Festa” Eginoko luzerik ederrena duen bidea da. Ezagutu nahi?
Ibilbidearen nondik norakoak. Gorriz eskalada, zuriz, oinezko eta jaitsierako bidea.
Ibilbidearen nondik norakoak. Gorriz eskalada, zuriz, oinezko eta jaitsierako bidea. "Lore festa" lokalizatu ahal izateko ondoan dituen bideak marraztuta daude: orlegiz "Txitxibiritxi", urdinez "Susi" eta arrosaz "Txomin". /

6a zaitasunarekin, "Lore festa" Antxon Gorrotxategik Eginon irekitako bideen artean zailtasun mailarik handiena duena da. Zailtasun osoa lehen bi luzeetan kontzentratuta dauka eta, bigarrenean batez ere, estutu beharko dugu. Bidea eskalatu duten askoren iritziz bigarren luze hau Eginoko luzerik ederrena da.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 225 metro.
- Luze kopurua: 7.
- Nork irekia: Antxon Gorrotxategi eta Gontzal Avila 2014an.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: 6a (35 m), 2ºL: 6a (35 m), 3ºL: V (35 m), 4ºL: 5c (35 m), 5ºL: 5b (35 m), 6ºL: V (30 m) eta 7ºL: II-II+ (20 m).
- Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Egino herrian dagoen iturrian ura hartu daiteke.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 20-25 minutu. Bidea "Susi" eta "Txomin" bideen artean dago. Bidearen hasieran "Lore Festa" izena duen plakatxo iluna dago baina oraingoan izena ezabatuta dago.
- Jaitsiera: "Aztorea" eta "Usoa"tik behera doan ohiko bidea jarraituz 30 minutu inguruan Eginon izango gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 13 express-zinta (bigarren luzean denak erabiliko ditugu) eta zinta-uztaia batzuk bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Bilgune guztiak uztaidun bi paraboltez muntatuta daude seigarren eta zazpigarrena ezik: azkeneko bi hauekuztaidun parabolt bakarra eta harkaitz baten ingurutik pasatako soka batekin muntatuta daude.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru ordu eta laurden.

DESKRIBAPENA

- Lehengo luzea, 35 metro, 6a. Plakatxoa dagoen lekuan harkaitz-zubi batetik pasatako soka zaharra jarrita dago. Hemendik gora 10 metro inguru igo ondoren parean dugun hormaren oinean kokatuko gara (aukeran hobe da luzea hemendik hastea, baina lekua ez da oso erosoa trasteak prestatzeko). Luzea kanal-arrakala bertikal itsurako bat eskalatuz hasten da (5b) goien ikusten den zuhaixkara zuzenduz.

Zuhaixkara zuzen iritsi baino honen ezkerrean dagoen diedro itsurako harkaitz-plaka metro pare batean eskalatu (5c) eta zuhaitzaren enborrari eutsiko diogu. Hurrengo metroak eskuinera 3 paraboltez babestutako 3-4 metroetako zeharkaldi bat eginez bete beharko ditugu. Hemen dago luzearen pasabiderik zailena (6a). Zeharkaldiaren amaieran kanaltxo bertikal itsurako batetik gora eskalatzen jarraitu (5c) eta harri txiki eta lurrez estalitako kanal batera aterako gara 5-6 metroetara eskuineko horman bilgunea topatuz.

Lehen "bis" bilgunea kanaltxotik 15 metro inguru oinez egin ondoren eskuinean topatuko dugu, ur-tantadun harkaitz-plaka bertikal baten azpian.

- Bigarren luzea, 35 metro, 6a. Hasteko, bi paraboltez babestutako ur-tantadun harkaitz-plaka motz eta bertikala eskalatuko dugu (5c). Harkaitz-plakaren eskuinetik, ertzarekin eta bertako zuhaixken enborren laguntzarekin, errazago eskalatuko ditugu.

Hasierako plakaren ondoren hilda dirudien zuhaixka batera iritsiko gara (zinta zahar bat dauka enborretik pasata) eta hemendik pixka bat ezkerrera botaz ur-tantadun harkaitz-plaka bertikal bat eskalatuz jarraituko dugu. Harkaitz-plaka honetan estutu beharko dugu (6a) oso bertikala baita (zertxobait makurtzen dela ere esango nuke). Harkaitz-plakako hirugarren paraboltetik gora bigarren ur-tantadun plaka bat eskalatzen hasiko gara. Bertikaltasuna zertxobait galtzen bada ere zailtasuna ez da hainbeste jaisten (5c). Bilgunea ur-tantadun harkaitz-plakaren eskuineko zuhaixkaren ondoan dago. Bertara iristeko erosoena zuzen eskalatzen jarraitu eta, bilgunearen altuera berean gaudela, 3 metro inguruko zeharkaldi horizontala eskuinera egitea da, harkaitz-plakak dituen helduleku ederrak aprobetxatuz (V).

- Hirugarren luzea, 35 metro, V. Bilgunetik eskuinera metro pare bateko zeharkaldia egin ondoren harkaitz-zubi batetik pasatako zinta batera iritsiko gara (V). Hemendik gora 3 metro inguru zuzen eskalatuz lehen paraboltera iritsiko gara (5b). Lehen paraboltetik gora, helduleku oneko harkaitz-plaka tentea eskalatzen jarraituko dugu goian dauden zuhaixketara zuzenduz (V). Zuhaixken artetik pasa ondoren eskuinera 3-4 metroetako zeharkaldia egin beharko dugu (IV+) hurrengo paraboltera iristeko. Zeharkaldi hau aukeran friend edo artaka-trabagailuekin ongi babestu daiteke.

Zeharkaldiaren ondoren gora zuzen eskalatzen jarraitu dugu (IV+) bigarren parabolt bat atzean utzi eta hormatik ateratzeko. Bilgunea pareko monolitoaren oinean dago, gauden lekutik 10 metro ingurura gutxi gora behera, bidearen izena erdi ezabatua duen plakatxo ilun baten ondoan.

- Laugarren luzea, 35 metro, 5c. Bilgunetik gora zuzen aterako gara (IV), 4-5 metroetako harkaitz-plaka inklinatua (V) eta, eskuinean zuhaixka bat utziz, arrakala eta heldulekuz jositako harkaitz-plaka bat eskalatuz (V). Harkaitz-plaka honen ondoren pixkanaka heldulekuak gutxituz doan harkaitz-plaka tentea eskalatzen jarraituko dugu (5b). Goiko zatian eroso eta errazagoa da monolitoaren eskuin ertzaren laguntzarekin eskalatzen jarraitzea (5c). Azken 3 metroak eskalatzeko berriro ere harkaitz-plakara pasatu eta zailtasuna jaisten doan heinean monolitoaren puntan kokatutako bilgunera iritsiko gara.

Laugarren "bis" bilgunera iristeko 70-80 metro oinez egin beharko ditugu. Bilgunea kokatutako puntaren bestaldera pasa eta nahiko zuzen jarraituko dugu parean dugun hormara zuzenduz. Bosgarren luzearen oinean berriro ere izena ezabatutako plakatxo ilun bat topatuko dugu.

- Bosgarren luzea, 35 metro, 5b. Plakatxotik gorako harkaitz-plaka zuzen eskalatuko dugu harkaitz-zubi batean jarritako soka zahar batera iritsiz (IV+). Hemendik gora, zertxobait ezkerrera joz eskalatzen jarraituko dugu harkaitz-bloke handi batekin topo egin arte (V). Harkaitz-blokearen gaineko erlaitzetik gora helduleku oneko harkaitz-plaka tentea zuzen eskalatzen jarraituko dugu heldulekuak amaitzen diren arte (V). Azken parabolta eta bilgunearen artean 5 metro inguruko tartea badago ere, luzearen pasabiderik gogorrena (5b) justu azken paraboltaren gainean dago. Oinetan ongi fidatu behar den pasabide motza da. Pasabide hau gaindituta oinetan ongi fidatuz (errazagoa) bilgunera iritsiko gara.

- Seigarren luzea, 30 metro, V. Bilgunearen ezkerretik gora metro gutxi batzuetan erdi-oinez egin eta parean dugun horma bertikala bitan erdibitzen duen tximinia bertikalaren oinean kokatuko gara. Tximinian helduleku onak daude baina gorputza ongi kokatu behar da eroso eskalatu ahal izateko. Tximiniaren zatirik bertikalena eskalatuta (V) ezkerreko joerarekin zertxobait jarraituko dugu. Harlauz baten laguntzaz metro pare bat zuzen eskalatu (V) eta, zailtasun handienak amaituta, zuhaixka baten azpian kokatutako bilgunera eramango gaituen harkaitz-plaka inklinatua eskalatuko dugu (IV+).

- Zazpigarren luzea, 20 metro, II-II+. Bilgunetik ezkerrera 2-3 metroetako zeharkaldi horizontala egin eta parabolt bakarrez babestutako harkaitz-plaka etzana topatuko dugu. Harkaitz-plaka etzana eskalatu ondoren bilgunera iritsiko gara, seigarren bilgunearen gaineko zuhaixkaren gainetik dagoena.

Jaisteko, mugarriak jarraituz Eginoko hormen gainera iritsiko gara tartean II zailtasuneko eskaladatxo erraz batzuk eginez. Behin hormaren gainean ongi zapaldutako bidea jarraituko dugu "Aztorea" eta "Usoa"-ra doan bidearekin bat egin arte.

Informazio, krokis eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa