BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Aiztondo: "Fliparax" bidea, 110 m, 6a+

“Fliparax” bide ederra da eta bertan eskalada mota ezberdinak praktikatzeko aukera izango dugu: itsasgarritasunezko pasabideak, harkaitz-plakako eskalada, babariar teknikarekin eskalatuko ditugun harlauzak eta sabaiak. Ezagutu nahi?
"Fliparax" bidearen nondik norakoak / Smithy

Eskalatzaile askok hainbat luzeetako lehen bidea Uharteko Aiztondo eskolan eskalatu dute. Orokorrean zailtasuna ez da oso gogorra izaten eta aseguruen arteko tartea ere ez da luzea, eskalada segurua eskainiz. Bide gehienak 5c-6a zailtasunaren baitan dauden arren, badira hiru bide 6a+ zailtasunera iristen direnak, horien artean kronika honetan aurkeztutakoa.

"Fliparax" bide ederra da eta bertan eskalada mota ezberdinak praktikatzeko aukera izango dugu: itsasgarritasunezko pasabideak, harkaitz-plakako eskalada, babariar teknikarekin eskalatuko ditugun harlauzak eta sabaiak. Hori bai, 6a+ zailtasuna izanda, azken luzean estutu beharko dugu, jejeje.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 110 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Honen inguruko daturik ez dut topatu.
- Zailtasuna: 6a+. Luzez-luze: 1ºL: 4c (30 m), 2ºL: 6a (30 m), 3ºL: 6a (30 m) eta 4ºL: 6a+ (20 m).
- Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Hala ere, goiz ibiliz gero, eguerdira arte bide osoa itzalpean eskalatzeko aukera izango dugu.
- Ura: Uharte Arakil herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Kotxea uzten den lekutik 10-15 minutu.
- Jaitsiera: Bidea rappelatuz, soken luzeraren arabera bi edo lau rappel egin beharko ditugu.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 12 express zinta eta zinta batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko, dena den bigarren bilgunea ezik, beste bilgune guztiak begi-bistan izango ditugu. Bilgune guztiak uztaidun bi paraboltez osatuak daude.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta berrogei minutu.

DESKRIBAPENA

- Lehengo luzea, 30 metro, 4c. Bidearen hasiera "Ainhoa" eta "Irrintzi" bideek partekatzen duten lehen luzetik 6-7 metro eskuinera dago. Lehenengo parabolta oinetik 4-5 metro gorago ikusiko dugu. Bertara iristeko errazena lehen metroak harkaitz-plakaren ezkerretik eskalatzen hastea da, helduleku onenak hemen baitaude. Dena den metro hauek ez dira zailak.

Lehen paraboltetik gora harkaitz-plaka etzan bat eskalatzen jarraituko dugu. Eskalada gozatzeko modukoa da (IV) eta helduleku paregabe bezain ugariak ditu, arrakalak eta erlaitz txikiak tartekatuz. Honetaz aparte parabolten arteko tartea luzea ez denez inongo momentuan ez da estutasunik pasatzen.

Harkaitz-plaka etzanaren amaieran harlauz tente bat dago, bavariar teknika erabiliz eskalatuko duguna (4b). Harlauz honetatik gora, zailtasunari dagokionez, luzeak puntutxo bat gora egiten duen arren (4c), heldulekuak onak izaten jarraitzen dute, eskaladaz gozatzeko aukera ederra emanez. Metro gutxi batzuetan zuzen eskalatzen jarraituz heldulekuak bukatu direla dirudien leku batera iritsitakoan, ezkerrera metro pare bateko zeharkaldi horizontala egin beharko dugu bilgunera iristeko.

- Bigarren luzea, 30 metro, 6a. Bilgunearen ezkerretik goraka joko dugu harkaitz-plakaren erdian dagoen zuhaixkara zuzenduz. Lehen metroetan oinekin asko fidatu beharreko pasagunea dago (5c). Bigarren paraboltetik zuhaixkara zailtasuna zertxobait jaisten da.

Zuhaixkatik gora plaka tentetu eta 6a pasabidera iritsiko gara. Zailtasun osoa itsasgarritasunezko 2-3 metroetako tarte motza eskalatzean dago, nahiz eta eskuinetik nola-hala saihestu daiteken. 6a pasabidea atzean utzita harkaitz-plaka zertxobait inklinatzen da zailtasuna pixkat murriztuz (5c). Bilgunera iritsi aurretik 2-3 metroetako zeharkaldia egin beharko dugu harlauz baten azpian kokatuz. Babariar teknika erabiliz harlauza eskalatu (V) eta bilgunera iritsiko gara.

- Hirugarren luzea, 30 metro, 6a. Zuhaitzen artean dagoen bilgunearen ezkerretik atera eta, "Irrintzi" bidearen bigarren bilgunearen ondotik pasa ondoren, bide beraren hirugarren luzearen lehen metroak eskalatzen hasi nintzen lehen kimikora iritsi eta bilgunearen gaineko sabaitxoa ezkerretik eskalatuz. Sabaitxoaren gainetik, kimikotik eskuinera zeharkalditxo motz bat egin eta lehen paraboltera iritsiko gara (V).

Lehen paraboltetik gora harkaitz-plakak bertikal bihurtzerainoko inklinazioa hartuz doa. Harkaitz-plaka bertikala izan arren heldulekuak zailtasun handirik gabe topatuko ditugu (5c).

Luzearen erdian gutxi gora behera bavariar teknika erabiliz eskalatzen den harlauza bat dago (V). Harlauza eskalatuta, orain arteko harkaitz-plaka bertikala metro gutxi batzuk gehiagotan eskalatu ondoren (5c) zutik egon daiteken erlaitz txiki batera igoko gara, 6a pasabidearen azpian dagoena, hain zuzen ere.

6a pasabidea helduleku eskas eta 2-3 metroetako harkaitz-plaka bertikala eskalada bat da. Pasabidea 2 metro eskuinera dagoen harlauz bertikala eskalatuz (5c) saihestu daiteke.

6a pasabidea eskalatuta, helduleku oneko arrakal bertikal bat eskalatuko dugu (5c) sabaitxo baten azpian kokatutako bilgunera iritsiz.

- Laugarren luzea, 20 metro, 6a+. Bilgunearen eskuinetik atera eta gaineko sabaitxoa eskuinetik eskalatuko dugu paraboltera iritsiz (V). Hemendik gora hasieran helduleku onak dituen harkaitz-plaka bertikala eskalatuz jarraituko dugu (V).

Heldulekuak txikitzearekin batera luzearen zailtasuna puntutxo bat igotzen da (5c), eskuin eskuarentzat helduleku alderantzikatu nabarmen bat duen sabaitxo itsurako batera hurbilduz.

Helduleku alderantzikatua dagoen sabaitxo itsurakoan hastean da 6a+ pasabidea. Pasabidea ezkerrera pixkanaka diagonalean eskalatuz gainditzen da, pasabideak dituen helduleku txikietan behatzak sartuz.

Pasabidea eskalatuta, bilgunera iristeko eskalatu beharreko sabaiaren azpian atseden hartzeko erlaitz bat topatuko dugu. Sabaia eskuinetik eskalatuko dugu (6a). Heldulekuak dituen pasabidea da, besoetatik tira egiten den horietakoa. Pasabidearen gainean bilgunea dago.

Bidearen inguruko argazki, krokis eta informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather