BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Artikutzaren erraiak 2: Erroiarri inguratuz

/ mikel arrizabalaga

2019-04-10 / Mikel Arrizabalaga

Luzera: 11 km Desnibela: 340 m Denbora: 3 ordu

Eskas
Guardaren etxetik abiatu eta 400 metro inguru beteko ditugu errepidetik PR NA-124ari dagozkion bide-seinale zuri-horiak jarraituz. Errepidea utzi eta pagadian murgilduko gara. Bidea zabala da eta jaitsiera piko batek, Eskaspe erreka igarotzeko egur enborrez egindako zubitxora eramango gaitu. Bidea leundu egiten da eta isiltasuna nagusituko da goroldioz jantzitako pago zaharren erreinu honetan.
Erroiarri
Aurrerago, beste zubitxo batek Erroiarri erreka igarotzen lagunduko digu, izen bera duen ur jauziaren ondora heldu aurretik. Gure eskuinera eta bidetik at, balkoi natural bat dago eta kontu handiz ibili behar da gerturatzean.
Bidera itzuli eta Elizmendi ingurura iristean ekosistemaren aldaketa nabarmenaz ohartuko gara, pagadia atzean utzi eta haritz, gorosti eta hagin ale bikainak ikusteko parada izango dugu. Jaitsiera txiki baten ostean, urtegia inguratzen duen pistarekin bat egingo dugu. Ataka metalikoa gainditu eta berehala izango gara Artikutzako auzoan.
Artikutza
Auzora iristean, hau osatzen duten dozena bat eraikin ikusiko dugu. Benta Zarra ezkerrean utzi eta errepidetik ehunen bat metro bete beharko ditugu eskuinera ateratzen den bidezidor batekin topo egin arte. Egurrezko seinaleak adierazten duen norabidea jarraituz igoera luze eta gogor bati ekingo diogu itzalean.
Bide estuko trenbidea
Aldapa amaitzean, bidegurutze batekin egingo dugu topo. Bide balizatua jarraitu aurretik, ezker aldera joko dugu egurrezko seinaleak erakusten duen lekutik. 150 bat metro beteko ditugu burdinbide zaharraren plano inklinatuan dagoen geltokiaren aztarnak ikusteko.
Bidegurutzera itzuli eta burdinbidearentzat irekitako bidean barna aurrera jarraituko dugu. Laster, eskuin aldean, bidetik metro batzuk beherago, granitoan landutako errotarriak ikusiko ditugu. Aurrerago, Erroiarriko behatoki naturala dagoen lekura iritsiko gara eta bertatik Artikutzako baso trinkoen ikuspegi zabalaz gozatzeko aukera izango dugu. Berriro pagadian sartuko gara eta pista zabal eta erosoa jarraituz errepidera iritsiko gara, Eskaseko guardaren etxetik gertu.

BIDE ESTUKO TRENA
Egun ingurune babestua bada ere, historian zehar Artikutzako lurrak bizimodu desberdinen eta bertako errekurtso naturalen ustiapen ugarien lekuko izan direla esan behar da. Europan gertatu ziren aurrerapen teknologikoen ondorioz, burdinolak baztertu egin ziren, erabat ahaztu arte. Hauek izan ziren garai zailenak. Momentuko korronte sozio-ekonomikoen babesean, egur-ikatzaren ekoizpena eta meategien ustiapena (burdina batik bat) indartu eta areagotu egin ziren. Horrela, 1898an bide estuko trena eraiki zen ustiapen horiek errazteko. 1903tik 1908ra Artikutzako Oihandar eta Ustiapenerako Konpainiak eratu ziren. Burdinbidearen bihotza Elamako meategi gunea zen eta hau Errenteriako iparraldeko geltokiarekin komunikatzera iritsi zen, plano inklinatu eta korapilotsu baten bitartez. Neurririk gabeko ustiapen hauek basoaren berehalako atzerakada ekarri zuten 1919an Donostiako udalak finka erosi eta berreskurapen lanak hasi arte.

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2016/05/artikutzako-trenaren-arrastotik.html
http://askemikel.blogspot.com/2015/07/artikutza-auzoa.html
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko:
https://es.wikiloc.com/rutas-senderismo/artikutzako-trenaren-arrastotik-13239957

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather