BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Artikutzaren erraiak 3: Bianditzeko itzulia

/ mikel arrizabalaga

2019-04-18 / Mikel Arrizabalaga

Eskas
Artikutzako atezaindegiaren ezkerretik atera, langa igaro eta berehala basoan murgilduko gara "napar bidea" izenez ezagutzen den bidea segituz. Bide honen lehen zatian PR NA 125aren marka zuri horiak izango ditugu bidelagun. Batzutan, enbor luze eta leuna duten zuhaitz gazteak ikusiko ditugu, bestetan, berriz, adar erori eta zimurrez beteriko zuhaitz zaharrak. Bakoitzak bere lekua okupatzen baitu espazio erakargarri honetan. Hotsak ez dira falta ere, txorien kantak ezezik, errekastoen urek orbel eta harrien gainetik igarotzean inguruari jartzen diote musika. Pinu, pago eta izeien artean zabaltzen den bidea oso erosoa da eta Burnaiztietako lepora jaitsi aurretik Burdin Aroko mairubaratza bat (harrespila) ikusi ahal izango dugu.
Burnaiztieta
Artikutza mugatzen duen hesiaren beste aldean Gaztin borda dago, ehiztarien gordeleku. Barrutia inguratzen duen alanbrezko hesia gainditu eta norabidea aldatuz, Galtzarrietako gain aldera joko dugu hesiaren paraleloan. Aldapa pikoa da eta Domiko urtegiaren aldera dagoen ikuspegi ederraz gozatuz, laster izango gara tontorrean. Gutunontzia eta metalezko piramide txiki bat granitozko arrokaren gainean. Aldapa txiki bat jaitsi eta gertu dagoen Bianditzeko gailur aldera joko dugu.
Bianditz
Hesiaren beste aldean gorosti ale bikain batzuk han hemen barreiaturik. Belarrezko tapiza zapalduz gailurrera igoko gara eta bertan, gure mendietan ohikoak diren elementu batzuk: erpin geodesikoa, gutunontzia, gurutzea eta oroitarri bat. Hesiaren ondotik segi, aldapa txiki bat jaitsi eta Irumugarrieta izenez ezaguna den puntura iritsiko gara, Lesaka, Oiartzun eta Goizuetako udalbarrutiek bat egiten duten tokira hain zuzen. Bertan, Arritxulangañako multzo megalitikoa aurkituko dugu, hamar mairubaratzez eta bi tumuluz osatuta. Hauen ondoan, lur hauek garai batean Orreagako Kolejiataren jabegoa zirela adierazten duen mugarri eder bat.
Iturria
Marka zurigorriak jarraituz (GR 121), bide erosoak Bianditzeko lepora garamatza, barrutitik urrutiratuz. Beraz, Artikutzako barrutia mugatzen duen alanbrezko hesia erreferentzi gisa hartuz, honen paraleloan segi eta aldapa pikoa jaitsiko dugu. Laster izango gara Artikutzako sarrera adierazten duen kartelaren ondoan, baina metro batzuk lehenago zintzurra freskatzeko iturri bikain batekin egingo dugu topo. Errepidean barna aurrera segituz, berehala helduko gara atezaindegira.

MAIRUBARATZAK
Oiartzungo mendietan eta Nafarroako inguruko herrietan harrespil mordoa aurki dezakegu. Oiartzunen "Mairubaratzak" izenez ezagutzen dituzte. "Mairu" hitza euskal mitologiarekin lotuta dago, izen honekin kristauak ez diren pertsonak izendatzen dira, bataiatu gabeak. Normalean monumentu megalitiko hauek mendilepo edo muinoetan kokaturik daude, batik bat artzaintza oso zabaldua zen ingurutan. Esan behar da Bianditz-Oianleku inguruko parajeak artaldeen joan-etorrien lekuko izan direla mendeetan zehar. Azpimarratzekoa da ere, Burdin Aroan Euskal Herriko ekialdeko artzainek harrespilak eta tumuluak eraiki zituztela, errausketa egin ostean, gorpuzkinak ehorzteko eta mendebaldekoek berriz trikuharriak. Artikutzako lurretan ugariagoak dira harrespilak, 60tik gora baitaude, baina hauek haranen sakonean baino barrutiaren zonalde altuetan daude. Trikuharriak, berriz, hiru bakarrik aurkituko ditugu.

Luzera: 5 km Desnibela: 240 m Denbora: 1 ordu 45’

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko:
Klikatu hemen 3D (ayvri) deskargatzeko

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather