BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Artikutzaren erraiak IV: Izu eta Pagolleta

/ mikel arrizabalaga

2019-04-25 / Mikel Arrizabalaga

Luzera: 19,5 km Desnibela: 523 m Denbora: 3 ordu 15’

Artikutza
Almandoz etxearen ondotik San Agustin ermita aldera hartu eta berehala pista utziko dugu eskuinean dugun belardia zeharkatzen duen xendari heltzeko. Berehala pinudian sartuko gara eta sigi-sagan urtegiaren hormatzarraren ondora iritsiko gara. Bertatik izango dugu ikuspegirik zabal eta ederrena. Xenda jarraituz urtegia inguratzen duen pistara helduko gara. Parez pare Izura igotzeko PR NA 125aren bide-seinale zuri-horiak atakan margoturik ikusiko ditugu. Pagolletaraino bidelagun izango ditugu.
Lizarurdiñeta
Langa igaro eta aldapa malkartsu bati aurre egingo diogu eta lehen izerdi tantak kopetatik isurtzen hasi orduko pistara helduko gara. Ezkerrera hartuz gero, berriro urtegiko pistara jaitsiko ginateke, beraz gorantz joko dugu. Aldapa pikoak ez du etenik. Pagadi eta pinu gorrien basora iristean bidea zertxobait leundu egiten da eta tarteka txondor plaza batzuk ere ikusiko ditugu. Gorago, landaretzak ezkutatutako eraikin megalitiko batzuk atzean utzi eta bidegurutze batera iritsiko gara. Ezkerrerantz joz gero, pagadi bikain bat zeharkatuz Pagolletara jaitsiko ginateke, eskuinera, berriz, Barazar aldera. Guk aurrean dugun bidezidorrari eutsiko diogu eta tontorrera, Izu aldera abiatuko gara azken maldari ekinez.
Izu
Bost minutu eskas beharko ditugu alanbrezko hesiaren beste aldean dagoen Izuko gailurra zapaltzeko. Parez pare Mendaurko tontor bikaina eta honen ondoan Mendieder. Arantza herriaren eta Arrata errekak zeharkatzen duen haranaren ikuspegi ederraz gozatzeko aukera izango dugu. Ikusmenari gozatua eman ostean, hesiaren ondotik doan zidorra segituko dugu eta berehala iritsiko gara basora. Amekorrungo atakaren ondoan berriro Artikutzako barrutian murgilduko gara eta pagadian aurkituko dugun orbela zapalduz erraz jaitsiko gara Pagolletara.
Pagolleta
Basotik atera eta Pagolletara iristean Orreagaren garaiko mugarri bat ikusiko dugu, eta honen atzean, barrutitik kanpo, trikuharri baten aztarnak. Leku honetan egurrezko hesola batek norabide desberdinak erakutsiko dizkigu. Hesia zeharkatuz gero, Igantzi-Lesaka aldera jaitsiko ginateke, aurrera segituz Eskaseko atezaindegira eta ezker aldera jaitsiz gero, Enobietako urtegira. Guk azken hau aukeratuko dugu abiapuntura itzultzeko. Ez dugu bide-seinalerik ikusiko baina oso bide egina da eta pagadian zehar berehala izango gara, Urgurutzen. Puntu honetatik Artikutzara bueltatzeko urtegia inguratzen duen pista jarraitu behar dugu (ikus 3. ibilbidea).

ORREAGA
XIII. mende arte ez ditugu lehenengo erreferentzi historiko idatziak aurkituko eta horietan, antzina lurralde hauek Orreagako Errege Etxe eta bere Ospitale Orokorraren menpe egon zirela aipatzen da. Egun, barrutiaren hainbat lekutan Monasterio ospetsuaren irudia den makulua landurik duten zenbait mugarri ikus ditzakegu. Ehun mugarritik gora mantentzen dira oraindik. XIX. mendean Mendizabal eta Esparteroren Desamortizazio legearen arabera lurralde hauek besterenduak izan ziren eta ondorioz, hurrengo urteetan jabez maiz aldatu ere.
Beraz, esan daiteke, XIII. mendetik XIX. mendera arte barruti osoa Orreagako Santa Maria Kolejiata Errealaren eskutan egon zela eta garai horietan eman zela Artikutzako balore naturalen ustiaketarik handiena, mende horietan sortu baitziren burdinaren metalurgia gunerik garrantzitsuenak. Ikazkinek, artzainek, karobigileek eta burdingintzan aritzen zirenek jabeei errenta ordaintzen zieten lur horien ustiaketaren trukez.

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko:
Klikatu hemen 3D (ayvri) deskargatzeko

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa