BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Menditxiki: Lazkuako behatokia

Lazkuako behatokia
Lazkuako behatokia / mikel arrizabalaga

2019-05-01 / Mikel Arrizabalaga

Ibilbide honek, Nafarroako behatoki ikusgarrienetako batera eraman gaitu. Urederra haranaren talaia paregabea den leku hau kareharrizko hormatzar natural batean "zizelkatutako" balkoi luze bat da. Malkorrak Eozenoko kareharriz osatuta daude (58-37 milioi urte). Bere jatorria itsasoko sedimentuetan dute eta ondorioz, erraza da horiek osatzen dituzten fosilak antzematea. Bertigoa dutenentzat oso egokia ez izan arren, ez dago zailtasun berezirik bertaratzeko.
Deierri udalerrikoa den Eraul kontzejuan eman diogu hasiera ibilaldiari. Herriaren goiko aldean, XIII. mendean eraiki eta XVI. eta XVIII. mendeetan birgaitua izan zen Done Mikelen eliza ikusi dugu. Herriaren amaieran dagoen ikuztegi ederraren ondotik abiatu gara. Lurrezko pista zabalak Eraulgo mendateraino eraman gaitu eta bertara ailegatzean, bide zabala utzi eta egurrezko hesolak, xenda estua hartu eta artadian murgiltzera gonbidatu gaitu. Hasieran kokatuta dagoen egurrezko informazio-panelean inguru honen geologia, landaretza, fauna eta gizakiaren presentziaz datuak irakurri ahal izango ditugu. Basotik ateratzean, xendak harkaitz artera eraman gaitu eta pareta bertikalen artetik igaro ondoren, burdinazko lau mailek aurkitu dugun zailtasun bakarra gainditzen lagundu digute. Goiko terrazan kokaturik, Lazkuako behatoki naturala aurrez aurre zabaldu zaigu, eta honen amaieran gurutze handi bat. Gure mendean dauden hormetan ohikoa da eskalatzen jendea ikustea.

Behatoki aparta honetatik dagoen panoramika ikusgarriaz gozatu eta gero, herrira itzuliko gara. Etorritako bidetik atzera egin eta Eraulgo mendatetik beherantz egin dugu pista zabalean zehar herriguneraino zuzenean jaisteko. Herritik kilometro erdira dagoen Eraulgo artea ezagutzea merezi du. Monumentu Naturala izendatuta dagoen zuhaitz honek enborra zabalduta eta adakera alde batera etzanda, zutik dirau oraindik.

Luzera: 2,8 km (joan-etorri)
Desnibela: 83 m

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko:
Klikatu hemen 3D (ayvri) deskargatzeko

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather