BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Ziordia: Arbara ekialdea: "Altzania" bidea, 235 metro, V

2018an Antxon Gorrotxategik (Susana Agirre eta Iñaki Zuzarekin batera) Ziordian irekitako azkeneko bidea. Ondoan dituen beste bideen estilo eta modu berekoa eta zailtasun ertainekoa izanda, goiz polita pasatzeko bide ederra izan daiteke.
Antxon Gorrotxategik Ziordian irekitako bideak.
Antxon Gorrotxategik Ziordian irekitako bideak. "Altzania" eskuinekoa da, gorriz margotua dagoena. / Smithy

Bildumazalea naiz. Zerrenda partikularrak ditut, bakarren bat "ofiziala" (Pirinioetako hiru milako guztiak igotzea gustatuko litzaidake, adibidez) besteren bat pertsonala. Eskaladari dagokionez, Antxon Gorrotxategik irekitzen dituen bideen bildumazalea naiz eta bide berri bat irekitzen duen bakoitzean ilaran jartzen naiz bidea noiz eskalatuko dudan irrikan. Horixe bera gertatu zitzaidan bide honen berri izan nuenean. Ez nuen asko itxaron bidea eskalatu arte, jejejeje.

BIDEAREN DATU BATZUK

Bilgune guztiak uztaidun bi paraboltez osatuak daude.

- Luzera: 235 metro.
- Luze kopurua: 7.
- Nork irekia: Antxon Gorrotxategi, Susana Agirre eta Iñaki Zuza, 2018an.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: IV (35 m), 2ºL: IV+ (25 m), 3ºL: II (30 m), 4ºL: V (35 m), 5ºL: II-III (30 m), 6ºL: III (30 m), 7ºL: III (20 m).
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ziordian hartu daiteke.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 20-25 minutu lasai joanda. Zuhaixka erreferentzi bezala hartu eta kordino gorria bidearen hasieran.
- Jaitsiera: 2019tik horma rappelatu daiteke. Rappelen inguruko informazioa hemen irakurri dezakezue. Rappelik egin nahi ez bada, bidea amaitzen den lekutik ekialdera doa eta harrobiraino puntu gorri eta mugarriz adierazita dago. Ziordiako harrobia erditik zeharkatzen denez, bide hau harrobia itxita dagoenean bakarrik eskalatzea komeni da, hau da, jaiegunetan, bertako langileei lanean lasai utzi eta egiten diren leherketen arriskuagatik. Bidea amaitzen den lekutik kotxera lasai ibiliz gero 45 minutu inguru pasako ditugu.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 12 express zinta, zintak bilguneetarako eta bi zinta harkaitz-zubietatik pasatzeko (harkaitz-zubi asko soka edota kordinoekin babestuak dauden arren, pentsatzen dut soka hauek zahartzen diren heinean material gehiago eraman beharko dela). Alien semaforoa eta Lincam jokua azken bi luzeak ezproitik eskalatu nahi bada. "Marieta" bidearen azken luzea eskalatu nahi badugu ez dugu autobabeserako materialik beharko. Walkie-talkie parea eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ia hiru ordu.

DESKRIBAPENA

Bidearen hasiera "Marieta" bidetik 15-20 metro inguru eskuinera dago. Erreferentzi bezala lehen luzean ezkerrean uzten den zuhaixka hartuko dugu, bidearen oina honen azpian baitago. Oraindik Gorrotxategi markadun bideen izena duen plakatxo gorri bereizgarririk ez badu ere, bidearen oinean harkaitz-zubi batetik pasatako kordel gorria eta hemendik gorako paraboltak erraz ikusten dira.

- Lehengo luzea, 35 metro, IV. Kordel gorriaren gainetik zertxobait ezkerrera diagonalean doan plaka inklinatu ezberdinak eskalatzen joango gara. Bigarren paraboletik eskuinera pasa plaka bertikala eskalatzen hasiz. Azken paraboltera iritsi aurretik pasabide arraro bat topako dugu, parabolta altu gelditzen da eta. Aukeran, pasabide hau artaka-trabagailu batekin babestu daiteke. Bilgunera iritsi aurretik plaka bat eskalatuko dugu, hobe eskuinetik eskalatzen bada, ezkerretik zikina eta harri solteak dituelako. Bilgunea, bi paraboltez (bat mailloi batekin) osatua, erlaitz horizontal eta eroso batean dago.

- Bigarren luzea, 25 metro, IV+. Erlaitzean metro pare bat eskuinera egin eta gora doan arrail bertikala eskalatzen hasi (helduleku oso onak). Bigarren paraboltaren parera iritsitakoan ezkerreko plakan dagoen erlaitz txikiaren gainera pasa eta ezkerrera jarraitu erlaitz nabariago batera iristeko (gorputza luzatu beharko dugu, ezker eskuarekin plakaren ertzari eusteko). Erlaitzean harri solte asko eta lurra dago, beraz kontu tarte honetan harririk ez botatzeko.

Erlaitzaren ezkerrera joan eta harkaitz-zubi batetik soka bat pasata duen helduleku oneko horma bertikala zuzen eskalatuko dugu. Harkaitz-plaka bertikaletik jarraitu arrail bat jarraituz (harria ez da oso fidagarria eta harkaitzen bat huts hotsa egiten du). Harkaitz plakaren amaieran ezkerrera ertzetik jarraitu bilgunera arte.

- Hirugarren luzea, 25 metro, II. Bilgunetik gora harkaitzetik jarraitu. Ahalik eta denbora gehiena harkaitzaren geninean mantendu plaka etzan ezberdinak eskalatuz. Hirugarren bilgunea "Marieta"rekin partekatzen da (altzairuzko alanbre bat).

- Laugarren luzea, 35 metro, V. Luzea ur-tantadun plaka inklinatu bat eskalatuz hasten da (V). Gero helduleku onek oharkaitz-plaka bertikal eta motz ezberdinak eskalatuko ditugu. Bilgunera iritsi aurretik plaka bertikal motz bat (parabolt bat duena) eskalatuko dugu. Plaka hau eta ur-tantadun plakaren artean ez dago paraboltik, denak harkaitz zubietatik pasatako kordelak dira. "Altzania" bidea berez hemen amaituko litzateke.

- Bosgarren luzea, 30 metro, II-III. Bilgunetik diagonalean ezkerrera hasi parean dugun monolitoaren ezkerrera hurbilduz (II-III), tartean muntatutako bi harkaitz-zubi daude. Monolitoa bere ezkerretik eskalatzen da helduleku oneko harkaitz-plaka tente eta txikiak eskalatuz. Bilgunea "Marieta" bidearen bosgarren bilgunearekin partekatzen da.

Seigarren luzearen oinera iristeko, bilgunetik 30 metro oinez beteko ditugu. Bilgunetik eskuinean dugun haritz handira zuzendu eta haritza bere ezkerretik inguratu (sasiak daude azpian) eskuinean dagoen ezproira zuzenduz. Haritza inguratu eta berehala erlaitz eroso bat dago. Bosgarren "bis" bilgunea harkaitz-zubi handi batetik pasatako zinta-uztai luze batekin muntatuko dugu.

- Seigarren luzea, 35 metro, 4c. Luze hau garbia dago, beraz auto-babeserako materiala beharko dugu. Ezproia zuzen eskalatu ahalik eta denbora gehienean ertzean mantenduz. Harkaitza, azpitik dirudiena baino hobea da, baina tarteka harri solteren bat dago. Zuhaixka baten azpiko plaka da punturik zailena. Plaka hau eskalatzeko ertzera igo eta zuhaixkak gure eskuinean utziz zuzen eskalatuko dugu. 2-3 metro gorago uztaidun parabolt bakarrez muntatutako bilgunea topatuko dugu. Komeni da bilgunea friend batekin osatzea.

- Zazpigarren luzea, 30 metro, 4c. Luze hau ere, seigarrenaren antzera, garbia dago, beraz hemen ere auto-babeserako materiala beharko dugu. Zuzen eskalatzen jarraitu ezproiaren ertzera pasatuz. Metro batzuk gorago bi aukera ditugu: ertzetik jarraitzea edo ezkerrean dagoen diedro itsurakoa eskalatzea. Ertzetik jarraituz gero harriren bat edo beste soltea dago (guk garbitu genuen) baina ustez baino hobea da. Bilgunea "Marieta" bidearen azken bilgunearekin partekatzen du.

Aukeran azkeneko bi luze hauek eskalatu beharrean "Marieta" bidearen azkenekoa eskalatu daiteke, auto-babeserako materiala aurreztuz.

Informazio, argazki, krokis eta azalpen zabalago baterako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather