BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Dent D'Orlu: "Pink Floyd" bidea, 440 metro, 5b

Dent D'Orlu mendiko ekialdeko horma ikusgarrian kokatutako bide luzeetako batekin natorkizue. Zailtasun ertaineko bidea, horma honetako granito itsasgarrian ohitzeko bide aproposa.
Dent D'orluko ekialdeko horma ikusgarria eta bertako eskalada bideak.
Dent D'orluko ekialdeko horma ikusgarria eta bertako eskalada bideak. "Pink Floyd" 15garren bidea da /

Urtarrilean Ariège departamentuan kokatutako Dent D’orlu mendiko ekialdeko horman kokatutako "Tapas sans dalle" bidearen berri eman nuen, horma honetako biderik errazena inongo zalantzarik gabe. Artikulu honetan "Pink Floyd" bidearen ingurukoak azalduko ditut.

BIDEAREN DATU BATZUK

Bilgune guztiak uztaidun bi paraboltez osatuak daude.

- Luzera: 440 metro.
- Luze kopurua: 11.
- Nork irekia: Roger, Miguel eta Gustavo 2004ko abuztuaren 7 eta 8an.
- Zailtasuna: 5b. Luzez-luze: 1ºL: 4b (65 m), 2ºL: 5a+ (35 m), 3ºL: 5b (30 m), 4ºL: 5b (40 m), 5ºL: 4c (55 m), 6ºL: 4c (35 m), 7ºL: 4c (30 m), 8ºL: 4c (30 m), 9ºL: 4c (35 m), 10ºL: 4c (40 m) eta 11ºL: 4c (45 m). Oharra: 10garren luzean nahastu eta "Fleur de Rhodo" bidearena eskalatu genuen.
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Leku ezberdinetan hartzeko aukera dago: Ax les Thermes herrian, "Le Belvédère" izeneko hostatuaren ondoko iturrian eta "Ascou la Forge" kanpinean.
- Hurbilketa: Kotxea uzten den lekutik Dent D’Orlu mendira doan ohiko bidea hartuko dugu Brasseil lepora arte. Puntu honetan (indikazio poste bat dago), ohiko bidea utzi eta L’Egue lepora zuzenduko gara. Lepotik dagoeneko ekialdeko horma ikusiko dugu. Bidea horma alderik alde horizontalean erdibitzen duen belarrezko erlaitz nabariaren hasieran hasten da, harkaitz baten ondoan. Bidearen hasieran "Tapas sans Dalle" izena idatzita dago. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera lasai joanda ordu eta hogei minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Dent D’Orlura doan ohiko bidea jarraituz ordue eta laurdenean kotxea utzitako aparkalekura iritsiko gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 12 express-zinta eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko, nahiz eta bilguneen artean denbora osoan begi-bistan izango garen. Badaezpada friend eta artaka-trabagailu sorta eraman arren, ez genituen eskalada osoan erabili.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru ordu eta berrogeita bost minutu.

DESKRIBAPENA

- Lehengo luzea, 65 metro, 4b. Lehen paraboltaren arteko metroak uhin itsurako plaka etzan eta erraz ezberdinak eskalatuz egiten dira (II). Lehen paraboltetik aurrera harkaitz-plaka zertxobait tentetzen da belarri itsurako zulogune batera zuzenduz (III).
"Belarrian" horma pixkanaka tentetuz doa bertikal jarri gabe (IV). "Belarriaren" gainetik harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatu (4b) eta belarrezko erlaitz batean kokatutako bilgunera iritsiko gara.

- Bigarren luzea, 35 metro, 5a+. Bilgunetik atera eta 3-4 metroetan eskuinera joko dugu belarra duen kanal antzeko hormatxo baten azpian kokatuz. Hormatxoa eskalatu (V), harkaitz-plaka inklinatu bat metro gutxi batzuetan zuzen eskalatu (IV+) eta eskuinera pasako gara nabaria den diedro inklinatu batera zuzenduz. Diedroa eskalatu (5b) eta honen amaieran eskuinera belarrez estalitako zeharkalditxo horizontal motza egin beharko dugu horma makurtutik zintzilik dagoen bilgunera iristeko.

- Hirugarren luzea, 30 metro, 5b. Hirugarren luzea bilgunea kokatutako hormatxo makurtua eskalatuz hasten da (V). Hormatxoa makurtua izan arren helduleku ederrak ditu eta gakoa eskuin oina eskuin hormatxoan ongi kokatzean datza. Horma eskalatu ondoren harkaitz-plaka inklinatu bat eskuekin baino oinekin eskalatzen jarraituko dugu(IV) sabai batera hurbilduz. Sabaiaren azpira iritsi baino lehen luzeak eskuinera jo eta sabaiaren eskuinera zuzentzen da (IV).

Sabaiaren eskuinean kokatuta, honek osatzen duen "koska" kontu handiz eskalatu (5b) eta harkaitz-plaka inklinatu bat jarraituz (IV) bilgunera iritsiko gara.

- Laugarren luzea, 40 metro, 5b. Bilgunetik zuzen atera eta pixkanaka bertikal bihurtzen den harkaitz-plaka eskalatuko dugu gaineako sabaira zuzenduz (IV). Sabaiaren azpira iritsitakoan sabaiaren ezkerrera pasako gara honek osatzen duen diedro bertikala eskalatzen jarraituz (5b). Diedroaren gaineko sabaitxo txikia iritsiz eta bigarren sabaitxo bat eskalatuz (V). Bigarren sabaitxoa eskalatu ondoren, harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatzen jarraituko dugu (IV), pixkanaka ezkerrera jo eta honen amaieran, belarrez estalitako harkaitz-plaka baten ondoko bilgunera iritsiz.

- Bosgarren luzea, 55 metro, 4c. Eskuinean belarrez estalitako harkaitz-plaka zabala utziz, bilgunetik zuzen eta zertxobait ezkerrera eskalatzen jarraituko dugu belar artean doan harkaitz-plaka inklinatua eskalatuz (IV). Belarrak atzean utzi ondoren zuzen metro batzuetan jarraituko dugu gainean dagoen sabai txiki batera zuzenduz. Sabaitxora iritsi aurretik luzeak eskuinera jotzen du "C" itsurakoa egin, belarrez estalitako harkaitz-plaka gainetik inguratu eta bigarren sabaitxo batera (aurrekoa baino nabariagoa) zuzenduz.

Sabaia eskuinetik oso nabaria den bitartean, ezkerrera doan heinean malgutzen doa "koska" bat izatera iritsiz. Ahultasun hau kontutan izanda, sabaiaren azpira iritsi aurretik, honen azpiko harkaitz-plaka inklinatua eskalatu (4c) eta sabaiaren ezkerrera zuzenduko gara, bertan kokatutako bilgunera iritsiz.

- Seigarren luzea, 35 metro, 4c. Bilgunea kokatutako harkaitz-plaka inklinatura igo eta zuzen eskalatzen jarraituko dugu sabaitxo batera iritsiz (III). Sabaitxoaren gainean lehen parabolta dago. Sabaitxoa eskalatu (IV) eta honen gaineko plaka (diedro ireki baten ezkerrean dagoena) eskalatzen jarraituko dugu. Diedrotxo ireki hau eskalatu ondoren (IV), oinentzat zimur ederrak dituen harkaitz-plaka inklinatu bat eskuinerako joerarekin eskalatzen jarraituko dugu (4c) bilgune erosora iritsiz.

- Zazpigarren luzea, 30 metro, 4c. Bilgunetik eskuinaldera eskalatzen hasiko gara lehen paraboltera zuzenduz (IV). Lehen paraboltetik gorako harkaitz-plaka inklinatua zuzen eskalatzen jarraituko dugu (IV) eskuinean friend-ekin babestu daiteken pitzadura batzuk utziz. Nahiz eta harkaitz-plaka inklinatu honek hiru parabolt bakarrik izan, luzea ongi babestua dago. Bilgunera iritsi aurretik harkaitz-horma tentetu eta parabolt batez ongi babestutako 4c pasabidea erraztasun handiz eskalatuko dugu.

- Zortzigarren luzea, 30 metro, 4c. Bilgunearen eskuineko harkaitz-plakaren gainean ikusten den lehen paraboltera zuzenduko gara. Lehen paraboltetik eskuinerako joerarekin erdi-horizontalean eskalatzen jarraituko dugu eskuineko hormara zuzenduz (IV). Hormaren oina zeharkatzen duen belarrezko kanal nabaria harkaitz-plaka inklinatu batetik zeharkatu (IV) eta eskuineko hormaren azpian kokatuko gara bigarren paraboltera iritsiz. Hormaren helduleku ederrez baliatuz pasabide bertikal hau itsuraz zirudiena baina erraztasun handiagoz eskalatuko dugu (4c).

Horma eskalatuta, honen gaineko harkaitz-plaka eskuinerako joerarekin eskalatzen jarraituko dugu sabaitxo batekin topo egin arte. Sabaitxo honek ere helduleku ederrak ditu eta zailtasunik gabe eskalatuko dugu (IV) bilgunera iritsiz.

- Bederatzigarren luzea, 35 metro, 4c. Bilgunearen gaineko harkaitz-plaka inklinatua zuzen-zuzen eskalatuko dugu gaineko sabai txikira zuzenduz (IV). Sabaitxo hau eskalatuta, IV zailtasunaren baitan egongo diren beste hiru sabaitxo jarraian eskalatu eta harkaitz-plaka tente batera iritsiko gara. Harkaitz-plaka tente hau kontu handiz eskalatuz (4c) bilgunera iritsiko gara. Bilgunea belaunen altueran dagoen koskaren gainean kokatuta dago, diedro baten azpian.

- Hamargarren luzea, 40 metro, 4c. Bilgunearen gaineko diedroa eskalatu (IV) eta, honen gaineko harkaitz-plaka inklinatuan ezkerrera zeharkaldi horizontal bat egin behar da (4c) bigarren paraboltera iristeko. Lehen bi paraboltetan komeni da zinta luzeak jartzea sokaren marruskadura ekiditeko.

Bigarren paraboltetik gora doan harkaitz-plaka tentea eskalatzen jarraituko dugu (4c) bilgunetik ikusten den sabai nabarira zuzenduz. Sabaia eskuinetik eskalatzen da eta esku eta oinentzat helduleku ederrak ditu (4c). Sabaia eskalatuta, honen gaineko harkaitz-plaka inklinatua eskuinerako joerarekin eskalatzen jarraituko dugu bilgunera iritsiz.

- Hamaikagarren luzea, 45 metro, 4c. Bilgunetik gora zuzen eskalatzen jarraituko dugu belar eta harkaitz-plaka ezberdinak tartekatu (III-IV) eta paretaren amaieran ikusten den horma bertikalera zuzenduz. Hormaren helduleku ederrak aprobetxatuz, ezkerretik eskalatuko dugu (4c) gandorrean bertan dagoen bilgunera iritsiz.

Informazio, krokis, azalpen eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather