BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Arguibelle, "Tichodromes" sektorea: "Le petit Ramoneur" bidea, 97 m, 5b+

Ipar Euskal Herrian badago zer eskalatu, ona hemen adibide garbi bat, bide motz bezain ederra eskalada eskola ikusgarri eta zainduan.
"Le Petit Ramoneur" bidearen nondik norakoak / Smithy

Arguibelle eskalada eskola izen bereko mendiaren mendebaldeko horma bertikaletan kokatzen da. Geografikoki Barétous haranean dago, Zuberoa eta Bearneren arteko mugan, Montory herritik gertu.

Kareharrizko eskalada eskola hau VI-ko zailtasuna nagusitzen den sei sektorez osatuta dago. "Le petit ramoneur" bideak, hiru luzeetako beste bi bideekin batera "Tichodromes" sektorea osatzen du.

Eskola honetan hurbilketa bide, hormen oin eta eskalada bideetan egindako garbiketa eta txukuntze lana itzela izan da. Adibide moduan, egokitutako aparkalekuan iturria, egurrezko mahai eta komun bat izateaz aparte, eskolari buruzko informazioa jasotzen duen argibide-taula dago eta bertan, beste informazio interesgarriarekin batera, uneoro irekita edo itxita dauden sektoreak zeintzuk diren azalduta dago.

BIDEAREN DATU BATZUK

Bilgune guztiak kate batez lotutako uztaidun bi paraboltez osatuak daude.

- Luzera: 97 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Honen inguruko daturik ez dut topatu.
- Zailtasuna: 5b+. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (32 m), 2ºL: 5b+ (30 m) eta 3ºL: 5b+ (35 m). Bigarren luzea "Le pilier des Buis" bidearena eskalatu genuen. "Le petit ramoneur" bidearen bigarren luzeak 5a+ zailtasuna dauka.
- Orientazioa: Mendebaldea. Udako arratsaldeetan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Aparkalekuan bertan iturri bat dago.
- Hurbilketa: 15-20 minutu. Bidearen oinean bidearen izena duen plakatxoa topatuko dugu.
- Jaitsiera: Hurritzez jositako basoan sartu eta erdi ezabatutako xenda maldan behera jarraituko dugu sasi eta garoaz estalitako zelai batera iritsiz. Zelaia beheraino zeharkatuz baso batean sartuko gara. Basoan sartu eta berehala arantzadun alanbreaz osatutako itxitura bat zeharkatu eta hemendik aurrera basoan doan bidea jarraituko dugu ahalik eta altuera gutxiena galduz. Metro batzuen ondoren "Grands Corbeaux" sektorearen horma ikusiko dugu. Behin hona iritsitakoan bidearen oinera itzuliko gara. Bidearen amaieratik aparkalekura 45 minutu inguru pasa genituen.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, bilguneak muntatzeko zinta-uztaiak eta hamar express-zinta. Walkie-talkieak eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu bete eta laurden.

DESKRIBAPENA

- Lehengo luzea, 32 metro, IV+. Luzea, bidearen izenadun plakatxoa itsatsitako onddo itsurako harkaitz-plaka bertikala eskalatuz hasten da. Bertikala izan arren helduleku onak ditu eta errazago da "onddoaren" ezkerretik eskalatzea. Harkaitz-plaka bertikala eskalatuta horma etzaten da bilgunera iritsiz. Lehen bilgune honetatik express-zinta pasatu eta harkaitz-plaka etzan bat 12 metro inguruan eskalatzen jarraituko dugu (II-III) parean dugun hormaren oineko bilgunera iritsiz.

- Bigarren luzea, 30 metro, 5b+. Bilgunetik zertxobait eskuinera jo eta horman gora doan pitzadura bertikal bat eskalatuz hasten da harlauz batera iritsiz. Harlauzaren azpitik alderantziz heldu eta honen eskuinetik eskalatzen da (5b+). Harkaitz-plaka bertikala zertxobait ezkerrera joz eskalatzen jarraitu zuhaixka batera gerturatuz. Zuhaixkara iritsi baino lehen luzeak zertxobait eskuinera jotzen du bilgunera zuzenduz. Guk eskuinera zeharkaldi horizontala egin genuen berezko bigarren bilgunera iristeko.

- Hirugarren luzea, 35 metro, 5b+. Bilgunearen gaineko harkaitz-plaka eskalatu eta tximinia/kanal batean sartuko gara. Tximiniaren ezker hormatik eskalatzen jarraituko dugu (IV hasieran IV + ondoren) gure buruaren gainean dagoen leize-zulora zuzenduz. Tximinian belar asko dago. Leizea estua da eta hobe motxila kentzen bada. Oinak horman jarri eta lehen metroak oposizioan eskalatzen dira. Azken parabolta kenduta dago (bakarrik "txurroa" utzi dute eta bertan, nahi bad,a artaka-trabagailu bat trabatu daiteke). Pasabide hau altuak bagara izanda hobe eskalatuko dugu (5b+). Leize-zulotik atera eta honen gainean kate handi batez lotutako uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiko gara.

Bide eta eskola honen inguruko argazki, azalpen eta informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather