BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Egino: "Basotxo" bidea, 250 m, 5b

2018an Eginon irekitako hainbat luzeetako azken eskalada-bidea. Ezagutu nahi?
Ibilbidearen nondik norakoak. Argazkian bidearen ondoan dauden beste bide ezagunak ikusi daitezke.
Ibilbidearen nondik norakoak. Argazkian bidearen ondoan dauden beste bide ezagunak ikusi daitezke. / Smithy

"Basotxo" bidea 2018an ireki zen. Ondoan dituen beste bideen estilokoa da, "Egino" estilokoa, hormak eta oinezko zatiak konbinatzen dituenak, hain zuzen ere. Goiz pasarako bide ederra, Eginoko bideen bildumazaleen karpetan falta beharko ez litzatekeena.

BIDEAREN DATU BATZUK

Bilgune guztiak uztaidun bi paraboltez osatuak daude, hirugarrena eta seigarrena ezik. Hirugarrenean uztaidun parabolt bat dago (harkaitz-zubi batez indartua) eta seigarrenean parabolt bakarra (harkaitz-zubi batez indartua).

- Luzera: 250 metro.
- Luze kopurua: 6.
- Nork irekia: Javier Barbarin, Gerardo Bilbao, Susana Agirre, Belen Eguskiza eta Iñaki Gorrotxategin 2018an.
- Zailtasuna: 5b. Luzez-luze: 1ºL: III+ (45 m), 2ºL: 5b (40 m), 3ºL: IV+ (45 m), 4ºL: V (40 m), 5ºL: 5b (45 m) eta 6ºL: IV (35 m).
- Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Egino herrian dagoen iturrian ura hartu daiteke.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 15-20 minutu. Bidea "Elmer" eta "Udaberri" bideen artean dago. Bidearen hasieran "Basotxo" izena duen plakatxoa eta harkaitz-zubi batetik pasatako kordel more bat ikusiko ditugu.
- Jaitsiera: "Aztorea" eta "Usoa"tik behera doan ohiko bidea jarraituz 30 minutu inguruan Eginon izango gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 14 express-zinta (bigarren luzean denak erabiliko ditugu) eta zinta-uztaiak batzuk bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Friend eta fisureroak aukerakoak dira. Guk eraman arren ez genituen erabili.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta erdi.

DESKRIBAPENA

- Lehengo luzea, 45 metro, III+. Harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatzen hasiko gara (II-III) gainean ditugun zuhaitzetara hurbilduz. Zuhaitzerara iritsi gabe luzeak eskuinera jotzen du harkaitz-plaka tenteago bat eskalatuz (III+). Harkaitz-plaka honetan aseguru gutxi egon arren auto-babeserako aukera handiak daude. Harkaitz-plaka tentearen amaieran malloi eta soka bat enborretik pasata duen zuhaitz batera iritsiko gara. Zuhaitzaren ondotik pasa eta oinez 10-12 metro ibili ondoren horma bertikal baten azpian kokatutako bilgunera iritsiko gara.

- Bigarren luzea, 40 metro, 5b. Bidearen luzerik eder, bertikal eta mantenuena inongo zalantzarik gabe. Luzea bilgunetik gora doan koska txikidun harkaitz-plaka eskalatuz hasten da lehen parabolta arte (IV+). Hemendik gora zertxobait eskuinera botako gara harkaitz-plaka errazago eskalatzen joateko arrail bertikal batekin topo egin arte (V), "Berto" izena duen arraila hain zuzen ere. Arrailaren eskalada izugarria da, oinak ongi kolokatu behar den horietakoa (5b). Arrailaren amaierara iristear gaudela eskuinera pasa eta gainetik dugun harkaitz-plaka bertikala bilgunera arte eskalatuko dugu (5b). Bilgunea zuhaixka baten gainean, "Udaberri" bidearen bigarren luzeak eskalatzen duen sabaiaren ezkerrean.

- Hirugarren luzea, 45 metro, IV+. Bilgunetik ezkerrera joko dugu metro batzuetako zeharkaldi horizontala eginez (III). Zeharkaldi honetan kontuz harriekin, bakarren bat soltea dago eta. Zeharkaldiaren ondoren luzea ur-tantadun plaka batera zuzentzen da (III). Ur-tantadun plaka zuzen eskalatu (IV) eta honen ondoren harkaitz-plaka bat eskalatuko dugu (IV+) bilgunea dagoen erlaitz zabalera iritsiz (hemen ere harri askeak daude, kontuz batez ere sokak jasotzeko garaian). Bilgunea "Udaberriren" hirugarren bilgunetik 10 metro ezkerrera dago.

- Laugarren luzea, 40 metro, V. Bilgunetik gora 4-5 metroetako harkaitz-plaka bertikala eskalatu (IV) eta pixkanaka ezkerrera zeharkaldi bat eginez joango gara (II-III) "Udaberri" bidearen laugarren luzearekin bat egin arte. Harkaitz-plaka inklinatu batean zeharkaldia egin (IV) eta bilgunera iritsi aurreko horma bertikalaren azpira iritsiko gara. Hormaren ezkerretik gora doan parabolt ilara "Elmer" bidearena da. "Udaberri" bidearen paraboltak jarraituz horma eskalatu (V) eta "Udaberri" eta "Elmer" bideek partekatzen duten bilgune berara iritsiko gara.

- 50 metro oinez. Bilgunearen ezkerretik oinez atera parean dugun harkaitzetara igoz. Eskuinean dugun haritz handi eta nabarmenera hurbilduko gara. Bosgarren luzea haritzaren ezkerrean dagoen harkaitz-plakaren oinean hasten da. Bertan "basotxo" izenarekin plakatxoa dago.

- Bosgarren luzea, 45 metro, 5b. Harkaitz-plaka zuzen eskalatzen hormaren erdian dagoen arrail nabarmenera zuzenduz. Harkaitz-plaka lehen metroetan etzana bada ere (II-III), metroak irabazten diren heinean tentetuz doa (IV). Arrailera iritsi aurretik ezkerrera egin behar den V zailtasuneko eta oinak ongi jarri beharreko pasabide motz eta arraroa dago eta aseguruen arteko tartea motza izan ez arren auto-babeserako aukerarik badago. Arrailean helduleku oso onak topatuko ditugu eta azpitik dirudiena baino errazago eskalatzen da (5b). Arrailaren amaieratik gorako harkaitz-plaka amaiera arte eskalatu ondoren (IV+), gaineko zuhaixketara iritsi aurretik ezkerreko belarrezko kanalera jaitsiko gara metro gutxietara bilgunera iritsiz.

- Seigarren luzea, 35 metro, IV. Bilgunetik gora hasi eta pareko harkaitz-plaka inklinatua eskalatuko dugu (III). Plaka hau eskalatuta eskuinera doan harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen jarraituko dugu (IV+) "Y" itsura duen hildako zuhaitz nabarmenera zuzenduz. Azken harkaitz-plaka bat eskalatu ondoren (IV) zuhaitzaren atzean kokatutako bilgunera iritsiko gara.

Jaitsiera mugarriak jarraituz Eginoko hormen gainera iritsiko gara II zailtasuneko eskaladatxo erraz batzuk eginez. Behin hormaren gainean ongi zapaldutako bidea jarraituko dugu "Aztorea" eta "Usora" doan bidearekin bat egin arte.

Bide honen inguruko argazki, krokis eta azalpen gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather