BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Fraileburu edo Fraideburu (834 m) ohiko bidetik: 50 m, III+

Tertangako zirkotik zintzilik, Arrastaria haranera otoitzean ari den harrizko fraile erraldoia da Fraileburu. Bertan dokumentatuta dago Euskal Herriko lehen eskalada. Eskalada hau ezagutu nahi?
/ Smithy

Gorobel edo Sálvada mendilerroa, Arabako ipar-mendebaldean dago, Araba eta Burgos arteko mugan, hain zuzen ere. Arrastaria bailaratik 600 metroko amildegia osatuz altxatzen da, horma menderaezinaren itsura emanez. Hegoaldean aldiz, Burgosko baso eta zelaiekin aldapa leuna osatuz bat egiten du.

Eskalada gustuko dugun mendizaleontzat Gorobel mendia berezia da. Tertangako zirkotik zintzilik, Arrastaria haranera otoitzean ari den harrizko fraile erraldoi bat kokatzen da. Fraileburu edo Fraideburu izeneko monolito ikusgarri honen otoitzek Arrastaria haranean zehar zabaltzen dira, udazkeneko ihintza zelaietan zabaltzen den moduan. Eta otoitz hauek erakarrita, 1924ko martxoaren 16an, Club Deportivo Bilbao Elkarteko Angel Sopeña Oruetak monolito hau lehen aldiz eskalatu zuen, Euskal Herriko lehen eskalada dokumentatuz.

Sopeñaren Fraileburun egindako eskaladak sekulako zalaparta sortu zuen Club Deportivo Bilbao elkartean. Bilbora itzuli zenean, jendearen artean zuzendaritzaren gelara zuzendu eta eta zuzendariari igoera eskeini zion. Bilbon izandako zalapartaren oihartzuna Orduña herriraino iritsi zen. Orduñan eskalada honi emandako garrantzia hain handia izan zen mendiari Sopeña haitza izena ere eman zitzaiola.

ESKALADAREN DATU BATZUK

- Luzera: 50 metro.
- Luze kopurua: 3. Hiru luzeak bakarrean eskalatu daitezke.
- Nork irekia: Angel Sopeña, 1924ko martxoaren 16an.
- Zailtasuna: III+. Luzez-luze: 1ºL: III (13 m), 2ºL: III+ (25 m) eta 3ºL: II+ (12 m).
- Orientazioa: Mendebaldea.
- Ura: Orduña edo Tertanga herrietan hartu daiteke.
- Hurbilketa: Orduñako mendateko eskuineko (Orduñatik igotzen bagara) aparkalekutik ipar mendebaldeko norabidearekin doan pista nabarmena 3,2 kilometroetan jarraituko dugu. Pista utzi eta honen eskuinean (ibilbidearen noranzkoan) arantzadun alanbreaz osatutako hesia zeharkatzeko aukera ematen duen ate birakaritik pasako gara Tertanga herritik datorren bidearekin bat eginez. Metro batzuetan bidean behera egin, 30-35º inguruko malda duen zelaia zeharkatu eta Frailebururen mendebaldeko lepora iritsiko gara. Lepora iristeko II zailtasuneko hormatxo inklinatu bat eskalatu beharko dugu. Kotxetik eskalada hasten den lekura 45-50 minutu inguru pasako ditugu.
- Jaitsiera: Gailurretik lepora 40 metroetako rappel bat eginez jaisten da. Hala ere, tartean bi bilgune daudenez, rappel motzagoak egin daitezke. Lepotik aparkalekura igoerako bide bera jarraituko dugu.
- Eramandako materiala: Bidean jarritako materiala urria da: iltze bakarra lehen luzean, bi iltze bigarrenean eta iltzerik ez azkenekoan. Bilgunea guztiak aldiz, uztaidun paraboltez osatuak daude. Guk 30 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 4 express zinta, bilguneak muntatzeko zinta-uztai bana eta hiru Lincam erabili genituen (horia, gorria eta morea). Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. 60 metroetako sokekin luze bakarrean eskalatu eta rappel bakarra eginez jaitsi daiteke.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru luzeetan eskalatuz hogeita bost minutu.

DESKRIBAPENA

- Lehenengo luzea, 13 metro, III. Lehenengo luzeak fraidearen bizkarrezurra jarraitzen du, ornoen moduan, koska ezberdinez apaindutako hormatxo bertikal batzuk eskalatuz.
Lepoa zeharkatu eta ertzaren ezkerretik eskalatzen hasiko gara hormatxo bertikal batekin topo egin arte (II). Bertan eskuinera bota eta ertzetik eskalatzen jarraituko dugu, hormatxoaren gaineko erlaitzera igo eta luze guztiko iltze bakarrera iritsiz (III). Erlaitza arteko eskalada erraza da eta helduleku oso onak ditu.

Iltzetik gora bigarren hormatxo bertikal bat ertzetik eskalatuko dugu (III) uztaidun parabolt bakarrez osatutako bilgunera iritsiz.

- Bigarren luzea, 25 metro, III+. Luzea 4-5 metro inguruko helduleku oneko tximini bertikala eskalatuz hasten da. Lehenengo 2-3 metroak dira zail eta tenteenak (III+) eta hauek eskalatu ondoren erlaitz eroso batera igoko gara.

Erlaitzetik gorako zatia ez da zaila, III zailtasunaren baitan izango da. Metro pare bat eskalatu ondoren, harkaitz aske baten ondotik pasatu eta bigarren bilgunera arte luzatzen den zelai inklinatu a igotzen hasiko gara. Zelai hau hasierako metroetan tentea izan arren (45 gradu inguru), metroak irabazi ahala etzanez doa eta pareko horman soka batez lotutako uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera erdi oinez iritsiko gara.

- Hirugarren luzea, 12 metro, II+. Luzea bilgunetik eskuinera oinez metro batzuk eginez hasten da, Frailebururen gailurraurre eta gailurrak osatzen duten lepo estura iritsiz.

Azken metroak II+ zailtasunaren baitan egongo den harkaitz-plaka inklinatu eta erraza eskalatuz betetzen dira, kate batez lotutako uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi arte (hemendik lehen rappel-a egiten da). Bilgunea atzean utzi ondoran fraidearen burugainak osatzen duen lautadatxora iritsiko gara, gailurrean harkaitz batean sartutako parabolt batean bilgunea muntatuz.

Eskalada honen inguruko azalpen, argazki eta krokisak hemen klik egin dezakezu

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather