BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Elkartasuna

SOS Himalaya fundazioaren aldeko asteburua Izaban

Iñaki Otxoa de Olzaren memoriaren eta proiektuen aldeko fundazioak erakusketa, mendi martxak, azoka, mahai ingurua eta bazkaria antolatu ditu, besteak beste.
Iñaki Otxoa de Olza.
Iñaki Otxoa de Olza. / BERRIA

2019-09-24 / Jakes Goikoetxea

2008ko maiatzan hil zen Iñaki Otxoa de Olza alpinista iruindarra, Annapurna zortzimilakoaren (8.091 metro) hegoaldeko horma tentean. Bost gau pasatu zituen 7.400 metroan, behera egin ezinik. Garuneko lesio larri bati —konortea galdu zuen—, biriketako edema bat gehitu zitzaion gero. Horia Colibasanu alpinista eta lagun errumaniarra izan zuen ondoan uneoro, Colibasanuk bere bizitza arriskuan jartzeraino, eta Otxoa de Olza erreskatatzeko operazioak oihartzuna izan zuen, munduko alpinista onenetakoek erakutsitako elkartasunagatik. Otxoa de Olza ezaguna zen goi mendietan zuen gaitasunarengatik, goi mendiei ekiteko moduagatik eta baita mendi horien altzoetan bizi diren herritarrekiko zuen loturagatik eta errespetuagatik.

Duela hamar urte haren senideek eta lagunek abian jarri zuten Iñaki Otxoa de Olza - SOS Himalaya fundazioa, Iñaki Otxoa de Olzaren memoria zabaltzeko eta hark abiatutako proiektuak jarraitzeko. Fundazioa hamargarren urteurrena betetzen ari da, eta egitarau zabala eta anitza antolatu du asteburuan Izaban, Otxoa de Olza gogoan izateko, fundazioaren proiektuen alde dirua biltzeko eta urteurrena ospatzeko.

Ostiralean, esaterako, Otxoa de Olzaren argazki ezezagunak ikusi ahal izango dira 19:00etatik aurrera Memoriaren Etxean. Larunbatean, mahai ingurua antolatu dute arratsaldean. Otxoa de Olza ezagutu zuten alpinistek parte hartuko dute: Horia Colibasanuk, Edurne Pasabanek eta Gregorio Arizek. Igandean lehenengo Iñaki Otxoa de Olza mendi martxa egingo dute (20 kilometro), kontrabandisten ibilbidean zehar. Martxa eta gero elkartasun bazkaria izango da Izabako frontoian. Eguna eta asteburua bukatzeko dominak emango dizkiete Iñaki Otxoa de Olza - SOS Himalaya fundazioaren enbaxadoreei.

Fundazioak hainbat proiektu ditu abian, Nepalen batez ere. Nagusiena, Makaluko ospitalea, Seduwan. Horrez gain, beka programa bat du eta lan handia egin zuen 2015eko lurrikara eta gero nepaldarrei laguntzeko. Fundazioari lagundu nahi izanez gero: www.soshimalaya.org/

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather