BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Aiako Harriak: Muganix mendiko mendebaldeko ezproiko eskalada bideak

Granito trinkoa, itsasoa gertu, lasaitasuna. Hauek izan daitezke Muganixeko mendebaledko ezproiko eskalada bideek eskainiko digutena. Bide hauek ezagutu nahi?
Muganixeko mendebaldeko ezproia, kronika honetako eskalada bideek jarraitzen dutena
Muganixeko mendebaldeko ezproia, kronika honetako eskalada bideek jarraitzen dutena / Smithy

Muganix, Aiako Harria parke naturalaren iparren kokatutako mendia da. Gailurrera iristeko biderik ohikoena Elurretxeko aparkalekutik gora doana da. Harkaitzari dagokionez, Aiako Harria Euskal Herrian granitoa zapaltzeko aukera duen parke natural bakarra da eta orokorrean granito trinko eta itsaskorraz osatua dago.

Eskaldari dagokionez, Muganixeko granito trinkoak eskaladarako aukera ezin hobeak ematen ditu. Bertako ipar eta mendebaldeko aurpegian eskalada bide ezberdinak daude. Ipar hormako bideak bertikal eta zailak diren bitartean, mendebaldeko ezproikoak errazagoak dira, biderik zailena V+ zailtasunean kokatuz. Ezproi honetan lau bide ekipatuak ditugu: "Erlaitz I", "Erlaitz II", "Gainirten" eta ezproiaren hego kanaleko ezkerrekoa, azkeneko hau ezproiko beste hiru bideen hirugarren bilgunean amaitzen dena.

Bide hauek guztiak motzak izanda, denak eskalatuz gero itsasoari begira goiz ederra pasatzeko aukera izango dugu.

Bide hauetara iristeko Elurretxetik atera eta Aritxulegira doan bidea hartuko dugu (GR-121 eta PR-GI 20 bideak). Bidearen ertzean dagoen bunkerra atzean utzi eta 15-20 metro ingurura pago zabal baten ondoan ezkerrera basoan bidexka bat sartzen da. Bidexka hau hartu eta lehen pagoetara iritsitakoan eskuinera joko dugu ehiza postuen ilara batera iritsiz. Ehiza postuak jarraituz haritz gaztez osatutako baso bat zeharkatu eta pago estu eta luzez osatutako pagadira iritsiko gara. Pagadia ahalik eta altuera gutxiena galduz zeharkatu eta egurrezko pasabide bat zeharkatu ondoren tarteka oso nabaria ez den bide bat jarraitzen hasiko gara, granitozko harkaitz-bloke handi baten ondora iritsi arte. Bloke honetan bidea aurrera jarraitzen badugu koska bat jaitsi beharko dugu kanal batera iritsiz.

Hobe da blokearen gainetik mendian gora igotzen hastea (II pasabide errazen bat) granitozko harkaitz-plaka etzan bat igo ondoren hormara iritsiz. Horma eskuinetik inguratuz "Gainirten" bidearen kimikoak ikusiko ditugu. "Erlaitz I" eta "Erlaitz II" bideak honen eskuinean gelditzen dira. Bigarren aukera Elurretxetik Muganix mendira ohiko bidetik igo eta bidea rappel eginez jaistea da.

Bide hauek guztiak egun berean edota bideren batean bi luze bakarrean eskalatu nahi badugu, 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 13 express-zinta eta zinta-uztaia bat bilgunea muntatzeko eraman beharko dugu.

BIDEEN DATU BATZUK

ERLAITZ I

- Luzera: 80 metro.
- Luze kopurua: 3. Lehenengo bi luzeak bakarrean eskalatu daitezke.
- Nork irekia: 2006an Iñaki Igoa, Andoni Arregi eta Javier Harri Martinek ekipatu zuten. Gipuzkoako Mendi Federazioak 2014ko udaberrian kimikoekin berrekipatu du.
- Zailtasuna: 4b. Luzez-luze: 1ºL: 4b (25 m), 2ºL: IV- (25 m) eta 3ºL: III (30 m).

GAINIRTEN

- Luzera: 85 metro.
- Luze kopurua: 3. Lehenengo bi luzeak bakarrean eskalatu daitezke.
- Nork irekia: J. Etayo, R. Marina eta J.M. Rodriguez, 1977an. 2004an Iñaki Igoa eta Andoni Arregik ekipatu zuten. Azkenik, Gipuzkoako Mendi Federazioak 2015eko martxoan kimikoekin berrekipatu du.
- Zailtasuna: 4c. Luzez-luze: 1ºL: 4c (35 m), 2ºL: IV- (20 m) eta 3ºL: III (30 m).

ERLAITZ II

- Luzera: 80 metro.
- Luze kopurua: 3. Lehenengo bi luzeak bakarrean eskalatu daitezke.
- Nork irekia: 2009an Iñaki Igoa eta Jose Rivasek ekipatu zuten. Gipuzkoako Mendi Federazioak 2014ko udaberrian kimikoekin berrekipatu du.
- Zailtasuna: 4b. Luzez-luze: 1ºL: 4b (25 m), 2ºL: IV- (25 m) eta 3ºL: III (30 m).

HEGO KANALEKO EZKERREKOA

- Luzera: 35 metro.
- Luze kopurua: 1.
- Nork irekia: Ez dut honen inguruko daturik topatu.
- Zailtasuna: V+.

"Erlaitz I" eta "Gainirten" bideen inguruko informazio, krokis eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

"Erlaitz II" eta "Hego kanaleko ezkerreko" bideen inguruko informazio, krokis eta argazki gehiagorako hemen klik dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather