BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Aiztondo: "La Juakina" bidea, 75 metro, 6a.

Ez da harritzekoa Uharte Aiztondoko eskolan eskalatzea gustuko dutenen artean bide hau ezezaguna izatea, ondoko bideen artean ezkutatuta baitago. Ezagutu nahi?
"La Juakina" bidearen nondik norakoak / Smithy

"La Juakina" ez da Uharte Arakilen kokatutako Aiztondoko biderik ezagunena ezta eskalatuena ere. "San Miguel de Aralar" eta "Esto es Chamonix" bideen artean kokatutako bi luzeetako bide hau Aiztondora hurbiltzen diren eskalatzaileen jomugan ez dagoela nabaria da, zenbait lekuetan belarrak harkaitzari tartea irabazten ari baita. Bide ederra da, pasabide finak dituena eta lasaitasunez eskalatzea eskatuko diguna. Ondoko bideetan sokadak izanez gero denbora egiteko edo, ondoko bideren bat eskalatuta, eskalatzen jarraitzeko gogoz jarraitzen badugu bide aproposa izan daiteke e.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 75 metro.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: Ez dut honen inguruko daturik topatu.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: 4b (30 m) eta 2ºL: 6a (45 m). Lehenengo luzea "Clásica Sur" eta "San Miguel de Aralar" bideekin partekatzen du.
- Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Uharte Arakil herrian ura hartu daiteke.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 10-15 minutu.
- Jaitsiera: Bidea rappelatuz. Kontutan izan 60 metroetako bi sokekin lurretik 6-8 metroetara geldituko garela. Azken metro hauek eskuak erabiliz erraz jaitsiko ditugun arren, datu hau kontutan izan soken amaieran korapilo bat egiteko.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 12 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: 40-45 minutu.

DESKRIBAPENA

- Lehen luzea, 35 metro, 4b. Luzea hormaren oinean dagoen zuhaitz fin baten eskuinetik hasten da. Luzearen lehen metroak helduleku oneko plaka etzan bat eskalatuz egiten dira. Plaka etzan hauen amaieran erlaitz eroso bat topatuko dugu. Erlaitz honetatik gora plaka zertxobait tentetzen da bilgunearen azpian dagoen arrail bertikal batera iritsi arte. Arrail honetan topatuko dugu luzearen zailtasunik handiena. Arraila eskalatu ondoren lehen bilgunea (uztaidun bi parbolt) dagoen erlaitz erosora iritsiko gara.

- Bigarren luzea, 45 metro, 6a. Zuzen eskalatzen hasi eta gainean dugun diedro nabarmenaren azpiak kokatuko gara (IV). Diedroa eskalatzen hasi gabe eskuinera diagonalean eskalatzen jarraituko dugu ezkerrean arrail inklinatu bat utzita (V). Arrail inklinatua harlauz bat osatuz amaitzen da. Harlauza bavariar teknika erabiliz eskalatuko dugu (5b) honen gaineko erlaitz erosora igoz.

Erlaitzaren ondorengo parabolta ez da gertu gelditzen eta bertara iristeko ezkerrera zeharkaldi bat egin behar da oinetan fede osoa jarriz (6a). Pasabide hau atzean utzita, harkaitz-plaka bertikal eta fina zuzen eskalatzen jarraituko dugu (V+).

Bilgunera iritsi aurretik bigarren 6a pasabide bat eskalatzen da, altua izanez gero hain gogorra ez dena, goran dagoen helduleku nabarmen batera iritsi behar baita. Pasabidea babesten duen parabolta atzean utzi eta harkaitz-plaka bertikalaren azken metroak eskalatuz (V+) bilgunera iritsiko gara.

Bide honen inguruko krokis zehatz, informazio eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather