BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Larrun (910 m), Urkilako gandorretik, 300 m+, IV/IV+

Larrunera oinez, korrika, bizikletan, kotxean eta trenez igotzerik badago. Badakizue eskalatzen ere igotzerik dagoela?
Larrun eta Urkilako gandorra Sarako igerilekuetatik ikusita.
Larrun eta Urkilako gandorra Sarako igerilekuetatik ikusita. / Smithy

Larrun, Larun (Nafarroan), Larhun (iparralden), La Runhe (frantsesez) Nafarroa eta Lapurdiren artean kokatzen den mendi bakarti eta ikusgarria da, leku guztietatik ikusten dena, leku guztiak begiradapean dituena.

Larrunera oinez, korrika, bizikletan, kotxean eta trenez igotzerik badago. Badakizue eskalatzen ere igotzerik dagoela?

Geografikoki zorrotz jarrita eskalada Larrunen baino Urkila mendiaren izen bereko gandorrean ematen da, Urkilepo izeneko lepoan hasi eta Athekaleun harratean amaituz. Harkaitz ona, zailtasunari dagokionez eramangarria, pasabide zailenak saihesgarriak eta pertsonaz beteriko lekuan bakardadean egotea izan dira osagairik nagusienak. Osagai hauekin ezin ezetzik esan!!!

IBILBIDEA

Ibilbidea Sara herriko (50 metro) igerilekuetan hasiko dugu. GR-10 arrastoak jarraituz metroak pixkanaka irabaziz joango gara Urkilepo lepora iritsiz. Urkilepora iristeko, GR-10 ibilbidea trikuharri itsura duen erakin berezi bat atzean utzi ondorengo borda batean utziko dugu, ezkerrean sakonean doan errekastora jaitsi, gurutzatu eta garoaz estalitako malda gogorrean gora hasiz. Pentsatzen dut garoak pil-pilean daudenean malda hau igotzea ez dela erosoa izango.

Urkilepotik gora konglomeratu eta hareharriz osatutako gandorra eskalatzen hasiko gara. Eskalada gehiena dugu II-III zailtasuneko pasabidea eskalatuz ensanble moduan egiten bada ere, soka-luze bat egitea eskatuko diguten hiru pinakulu eta hormatxo bat topatuko ditugu, denak III+ eta IV+ zailtasunaren artean. Eskalada Athekaleun harratean amaitzen da. Hemendik gora, Urkila mendiko gailurra ezkerrean utzita, oinez jarraituko dugu 20-25 minutuetan Larrungo gailurrera iritsiz.

Jaitsiera oinez egin nahi badugu, Larrungo ipar hormatik behera Azkainera doan ohiko bidetik jaitsiko gara Les trois Fontaines lepora iritsitz. Hemendik trenbidea zeharkatu eta berriro ere GR-10 arrastoak jarraituz Sarara itzuliko gara.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 14 kilometro inguru.
- Punturik baxuena: Sara, 50 metro.
- Punturik altuena: Larrun, 910 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.000 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Ibilbidean zehar hainbat lekutan iturriak topatu daitezke, batez ere hasieran. Larrungo benta eta tabernetan iturririk ez dago. Txarrenean ur botilak erosi daitezken arren, bertako ordutegi eta turista kopuruaren arabera, gerta daiteke itxita egon edo urik gabe gelditzea.
- Zailtasuna: Zailtasunaren bila bagoaz IV edo IV+ zailtasuneko pasabideak topatu daitezken arren, pasabide hauek guztiak ekidin daitezke.
- Eramandako materiala: 30 metroetako bi soka, 8 express-zinta, zinta-uztaiak bilguneak muntatu eta harkaitzetatik pasatzeko, friend eta artaka-trabagailu jokoa. Gandorrean noizik eta behin iltze, plakatxo eta egurrezko takoren bat aurkitzen bada ere orokorrean garbia dago, hainbat lekuetan bilguneak muntatzeko irudimenarekin jokatzera eskatuz.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: zazpi ordu pasatxo, atseden uneak ere kontutan hartuta.

Ibilbidearen inguruko informazio, argazki eta krokisetarako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather