BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Riglosko Mailoak, Orratz Gorria: Ohiko bidea, 100 metro, IV+

Riglosko eskalada munduan hasteko bide aproposa edo, batzuen ustez, aproposena. Ezagutu nahi al duzu?
Mallo Cored (ezkerrean) eta Orratz Gorria (eskuinean), Riglosko mailoetako txikietako bi.
Mallo Cored (ezkerrean) eta Orratz Gorria (eskuinean), Riglosko mailoetako txikietako bi. / Smithy

Riglosko eskalada berezia da, Euskal Herrian ohituak gauden kareharritik urrun dagoena. "Edo liluratzen zaitu edo gorrotatzen duzu" izaten da Riglosko eskalada moduaz diotena. Kronika honetako bideari dagokionez, askok esaten dute Riglosko eskalada dastatzeko aproposa dela. Motza izanda, ondoko beste bide zailago batekin konbitatuz goiz pasa ederra izango dugu, zeren eta bide honetan gozatzen baduzu, Riglosko eskalada gustatuko zaizu!!!

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 100 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Ángel Serón eta Francisco Fau 1947ko ekainaren 2an. Bi aldietan berrekipatu da: 1993 urtean A. Santolaria eta M. Rufas eta 2017an Sueño Verticalen eskutik.
- Zailtasuna: IV+. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (20 m), 2ºL: IV+ (20 m), 3ºL: IV+ (20 m), 4ºL: IV+ (20 m) eta 5ºL: IV (20 m). Hirugarren eta laugarren luzeak batu eta luze bakarrean eskalatzea da gomendagarriena 40 metroetako luze bat eginez. Parabolten artean eskalatu beharko dugu, hauen arteko tartea ez baita motza.
- Orientazioa: Iparraldea, goizaren lehen orduetan itzalpean eskalatzeko aukera emango digu. Hau udan biziki eskertuko dugu.
- Ura: Riglos herrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Kotxea uzten den lekutik ordu erdi inguru.
- Jaitsiera: Bidea rappelatuz. 60 metroetako bi sokekin lehenengo rappel batekin bigarren bilgunera eta bigarren rappel batekin lurrera iritsiko gara. Orratz Gorriko bide gehienen jaitsiera hau denez, komeni da rappela kontu handiz egitea bidea eskalatzen ari direnei harririk ez botatzeko.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 15 express zinta eta zinta batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean eta lehen rappela egiterakoan oihuka ez aritzeko. Lehen eta bigarren bilguneak uztaidun bi paraboltez, hirugarrena (bertan gelditu gabe aurrera egin genuena) uztaidun parabolt bakarrez eta azkeneko bi luzeak gailurren inguruan pasatako altzairuzko zirgaz osatuak daude.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta berrogei minutu.

DESKRIBAPENA

- Lehengo luzea, 20 metro, IV+. Luzeak IV+ zailtasuneko tximinia bertikal eta nabarmena jarraitzen du (zenbait kroniketan tximini honi V zailtasuna ere ematen diote). Tximinia goitik behera apurtua dagoela dirudien arren, harkaitz sendoko luzea da. Luzea azpitik dirudiena baino bertikalagoa da eta, eskalatzen hasi aurretik, materiala ongi ordenatzea komeni da, tximiniako parabolt guztiak (luzearen azkenekoa ezik) eskuineko horman baitaude.

Tximiniaren amaierara iritsitakoan, honen ezkerrera pasatu eta, luze osoan ezkerrean dagoen parabolt bakarrean aseguratu ondoren, harkaitz-zubiaren gainera igoko gara, ezker horman (Orratz Gorrian) kokatutako bilgunera oinez iritsiz.

- Bigarren luzea, 20 metro, IV+. Erreferentzi bezala hormaren goian eta ezkerrean ikusten den tximinia hartu behar da, luzea bertara zuzentzen baita. Bilgunetik zuzen gora lehen metro bertikal batzuk eskalatu ondoren (IV+), luzearen bigarren paraboltetik aseguratu eta, horma zertxobait etzatearekin batera, ezkerrera joko dugu. Bigarren hormatxo bertikal bat eskalatu ondoren (IV), ezkerrerako joerarekin jarraitu eta tximiniaren oinera iritsiko gara.

Tximiniaren zailtasuna lehen luzekoaren antzekoa bada ere (IV+), estuagoa denez leku gutxiago dago barnean murgiltzeko. Bere amaieran bidea ixten duen sabaia dago. Sabaia eskuinetik eskalatuko dugu, honek osatzen duen erlaitz erosoaren eskuinean kokatutako bilgunera iritsiz.

- Hirugarren luzea, 40 metro, IV+. Bilgunetik gora metro bertikal gutxi batzuk zuzen eskalatu (IV+) eta zertxobait ezkerrera joko dugu gaineko tximini nabarmenean sartuz (IV).

Tximinia honetako harriak ere, orain arte bezala. sendo itsatsiak daude (IV+). Bere erdialdera sabaitxo bat eskalatu behar da, beharbada luzearen zailtasunik handiena (IV+). Sabaitxoaren gainean uztaidun parabolt bakarrez osatutako aukerako bilgunea dago, baina hobe da eskalatzen jarraitzea.

Tximiniaren amaieran, bilgunera iritsi aurretik, bigarren sabaitxo bat dago, aurrekoa baino errazagoa (IV). Hau eskalatu ondoren tximinia amaitzen den pinakuluaren gailurraren ingurutik pasatako altzairuzko zirgan bilgunea muntatuko dugu.

- Laugarren luzea, 20 metro, IV. Metro gutxi batzuetan harkaitz-plaka etzan bat eskalatu ondoren (II-III), horma tentetzearekin batera, harkaitz handi baten ondoan bilgunetik urrun dagoen lehen paraboltera iritsiko gara (III+). Parabolt honetatik gora horma metro gutxi batzuetan gehiago tentetu arren (IV), bigarren parabolt batek pasabidea babesten du. Bigarren paraboltetik gora horma zertxobait etzan (III) eta inongo zailtasunik gabe Orratz Gorriaren gailurrera iritsiko gara, bertatik pasatako altzairuzko zirgan bilgunea muntatuz.

Bide honen inguruko argazki eta informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather