BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Riglosko Mailoak, Orratz Gorria: "Edil" bidea, 105 metro, V.

Nork ez du Alberto Rabada eskalatzaile handiaren bide bat eskalatzearekin amestu? Bide hau abiapuntu polita izan daiteke.
Riglosko Orratz Gorri ikusgarria.
Riglosko Orratz Gorri ikusgarria. "Edil" bideak erdian nabarmena den tximinia goraino jarraitzen du. / Smithy

"Edil" bideak Orratz Gorriaren ipar-mendebaldeko horma goitik behera erdibitzen duten tximinia bertikal eta nabarmenak jarraitzen ditu. Bideak galtzeko arriskurik ez dauka tximiniak bata bestearen atzetik eskalatzen baitira. Eskaladaren aldetik, oso bertikala eta ikusgarria da, tarteka behera begiratzeak ere bertigoa sentiarazten duena, metroak irabazi ahala oinen azpian izugarrizko amildegia irekitzen baita. Balentria handia Alberto Rabadá eta Ángel Sánchez "Cintero"-rena 1957an bide hau irekitzean, are eta gehiago modu askean eskalatu zutelako, iltze gutxi batzuk jarrita. "Edil" izena Alberto Rabadáren marka erregistratua da, bere goitizena baitzen. Goitizen hau Edilberto izenetik dator.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 105 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Alberto Rabadá eta Ángel López "Cintero" 1957ko ekainaren 2an. 1999ko urtean Á. López eta F. Orús-ek berrekipatu zuten.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (30 m), 2ºL: V (30 m), 3ºL: V (30 m), 4ºL: IV (15 m). Zailtasuna ez da gutxietsi behar oso zorrotz jarrita baitago. Gure uste apalean lehenengo luzea V eta laugarrena IV+ zailtasunetik gertuago egon daitezke. Hau gutxi ez bada, parabolten artean eskalatu beharra dago, hauen arteko tartea ez baita motza.
- Orientazioa: Ipar-mendebaldea, eguerdira arte gutxienez itzalpean eskalatzeko aukera emango digu. Hau udan biziki eskertzen da.
- Ura: Riglos herrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Kotxea uzten den lekutik 20-25 minutu.
- Jaitsiera: Orratz gorriaren ohiko bidea rappelatuz. 60 metroetako bi sokekin lehenengo rappel batekin bigarren bilgunera eta bigarren rappel batekin lurrera iritsiko gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 15 express zinta eta zinta batzuk bilguneetarako. Badaezpada lau friend eraman genituen baina ez genituen erabili. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean eta lehen rappela egiterakoan oihuka ez aritzeko. Bilgune guztiak uztaidun bi paraboltez osatuak daude azkenekoa ezik. Azkenekoa, sabina baten ingurutik pasatako altzairuzko zirgaz osatua dago.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta berrogeita bost minutu.

DESKRIBAPENA

- Lehengo luzea, 30 metro, IV+/V. Luzea hormaren azpian irekitako liburuaren moduko diedro zabalean hasten da, honen erdiko arrakalaren ezkerretik hain zuzen ere. Diedroa pixkanaka tentetuz eta estutuz doa tximinia itsura hartu eta bertikal bihurtu arte (III+/IV). Diedroak tximini itsura hartu eta bertikaltasuna irabazten hasten denean hankak ireki eta, "X" moduan, oinak tximinia osatzen duten bi hormetako harkaitzetan jarriz eskalatzen jarraitu beharko dugu (IV+).

Bilgunera iritsi aurretik tximinia estutu eta bertan kateatutako izugarrizko harkaitz batek bidea ixten du. Harkaitz hau eskuinetik eskalatuko dugu (V), honen gaineko erlaitz zabaleko bilgune erosora iritsiz.

- Bigarren luzea, 30 metro, V. Lehenengo luzearekin alderatuta, tximinia bertikalagoa eta oinen azpiko amildegi sentsazioa izugarria da. Luzearen erdia baino gehiago eskalatua dugunean tximinia estutu eta horma bertikaltasunetik zertxobait makurtua izatera pasatzen da (V). Pasabide honetatik gora tximiniak orain arte bezala jarraitzen du, bertikala eta estua, baita helduleku ederrekin ere. Bilgunea tximiniaren amaieran dagoen erlaitz eroso batean kokatuta dago.

- Hirugarren luzea, 30 metro, V. Bilgunetik atera eta pixkanaka ezkerrera jo behar da gainean dugun diedrora zuzenduz (IV). Zailtasun handirik gabeko metro hauen ondoren diedroa estutu eta makurtutako horman dagoen arrakala eskalatu beharra dago (V).
Pasabide hau atzean utzita hemendik gorako tximinia bertikala eskalatzen jarraituko dugu (IV+) honen gaineko erlaitz eroso batean kokatutako bilgunera iritsiz.

- Laugarren luzea, 15 metro, IV/IV+. Luzearen lehen metroetan horma bertikala da eta nahiz eta krokis "ofizialean" IV zailtasuna duela azaldu, IV+ zailtasuna azaltzea ere ez legoke gaizki. Hau gutxi ez bada pasabidea babesten duen parabolta ez dago gertu. Lehen metro tente hauen ondoren horma inklinatuz doa (III/IV), inklinazioa ia erabat galdu arte. Azken metro erraz batzuk eskalatu (kontuz hemen harri askeak daude eta) eta sabina baten enborraren inguruan jarritako altzairuzko zirgan bilgunea muntatuko dugu.

Informazio, krokis eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather