BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Mendi lasterketa

Karakateko igoeran neguari aurre egiten

2019ko edizioak eguraldi kaskarra ekarri digu, eta aurre egiteko elgoibartarren animoak ezin bestekoak izan dira. Mila esker!
Sonia López Karakaten.
Sonia López Karakaten. / Barren.eus

2019ko Karakateko igoeran eguraldi petrala protagonista izan zen.

Jadanik XXVI. edizio ospatu berri dira, eta inoizko baldintza kaskarrenei aurre egin behar izan genien: euria, haizea eta hotza, termometroak Karakate gailurrean - 1,5 º markatzen zuelarik!

Baina parte hartzaileak, 56 guztira, gogotsu eta irribarretsu elkartu izan ginen Elgoibarko Kalegoen plazan edo " plaza haundixan ".

Hasieratik argi zegoen aurtengo edizioan hankak lokaztuta eta oinetakoekin blai eginda itzuliko ginela etxera. Beraz, umore onez eta mendi lasterketetan urteetan ezagunak gitugun lagunak agurtu ostean, plazako frontisera abiatu ginen.

Goizeko hamaiketako kanpaiekin batera hasiera eman genion Elgoibarko Morkaiko Mendizale Elkarteak urtero mimo handiz antolatzen duen proba honi.

Aurten, herriko lan batzuk tarteko, hasierako ibilbidea zertxobait aldatu behar izan genuen, eta probak 3,8 km baldin baditu, edizio honetan metro batzuk gehiago erantzi genizkion. Baina desnibelak bere horretan dirau: 700 metro.

Beraz, hasierako aldaketei aurre egin ostean, baserri artean abiatu ginen, eta handik gutxira Karakateko pinadietatik gorantz. Horrela, guztiz lokaztuta zegoen pagadi zaharretan barrera hotzari aurre ginez hankak estutu genituen. Eskerrak orbelari, toki batzuetan gure oinak eusteko balio izan bait zuen.

Karakateko igoerak ez du ibilbide markaturik, beraz parte hartzaileek nahi duten bidea aukeratu dezakete. Aurten denek soken bidea jarraitu zuten, salpuespenak salbu; lerro hauek idazten duenak adibidez, ohiko bideari ekin bait zion, aldatza gogorrak alde batera utziaz.

Bukaeran, txapeldunak Sonia López ermuarra ( 38:38 ) eta Javier Goitia gernikarra ( 30:04 ) izan ziren.

Azkenik, parte hartzaileek antolakuntzak prestatutako bazkariaz gozatzeko aukera izan zuten, eta lehen bizikoz sari banaketa gailurrean egin beharrean, udaletxeko aterpean burutu zen.

Info +: www.mendilasterketa.blogspot.com

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather