BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Atxerito (2.374 m): "Gran Diedro Sur" bidea, 400 m, V+

Bide itzela da, maisuki irekia, zailtasun mailari dagokionez zailtasun ertainekoa eta dagoeneko klasika handian bihurtu dena. Atxeritoko gailurrera iristeko modu elegantea, inongo zalantzarik gabe. Ezagutu nahi?
Atxeritoko hego horma ikusgarria
Atxeritoko hego horma ikusgarria "Gran Diedro Sur" eskalada bideak maisuki igotzen duena / Smithy

Hamar urte pasa behar izan ziren "Sendero Limite" taldekoek bide haur ireki zutenetik 2019ko uztailean bertako krokisa argitaratu zuten arte. Orduz geroztik, aurtengo udan dozenaka sokadek eskalatu dute bide hau inguruko klasikoena bihurtuz. Eta hau ez da harritzekoa, bideak dituen 400 metroetan denetarik izango dugulako: diedroak, tximiniak, harkaitz-plakak, kanalizoak eta leze pare bat.

Bide itzela da, maisuki irekia, zailtasun mailari dagokionez zailtasun ertainekoa eta dagoeneko klasika handian bihurtu dena.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 400 metro.
- Luze kopurua: 14, horietako bat 100 metro inguruko oinezko zeharkaldi luzea.
- Nork irekia: Luis Royo eta Julio Benedek, 2009ko irailean.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: IV (30 m), 2ºL: IV+ (40 m), 3ºL: IV+ (40 m), 4ºL: I (30 m), 5ºL: V+ (25 m), 6ºL: III+ (40 m), 7ºL: III+ (40 m), 8ºL: V (20 m), 9ºL: IV+ (40 m), 10ºL: IV+ (25 m), 11ºL: oinez (100 m), 12ºL: IV+ (25 m), 13ºL: II (25 m), 14ºL: IV+ (45 m). Guk hirugarren eta laugarren luzeak batean eskalatu genituen tarte bat ensanble moduan eskalatuz. Bide osoa paraboltez ekipatua dago. Parabolten arteko tartea ongi jarrita dago, leku errazetan urrun eta leku zailetan gertuago. Hauetatik aparte, iltze eta zinta edo kordelak ere topatuko ditugu, bakarren bat zaharra, baina orokorrean zinta hauetatik aseguratu gabe eskalatu daiteke. Laugarren bilgunetik behera ihesbide bat dago kanal harritsu bat hormaren oinera arte jaitsi ahal izateko.
- Orientazioa: Hego-mendebaldea.
- Ura: Hainbat lekuetan iturriak ditugu: Echo herrian, Selva de Oza camping-aren ondoan...
- Hurbilketa: Kotxea La Mina aparkalekuan utziko dugu. Hemendik, Atxeritora doan ohiko bidea jarraituko dugu (GR 11 eta GR 63.3.3 bideen artean doana) marka hori eta berdeak jarraituz Atxerito aterpera arte. Hemendik Colláu del Huerto de l’Acherito lepora doan malda belartsua igotzen hasiko gara Atxeritoko hego-hormaren hartxingadia eskuinean utziz. Belarretik ahal dugun denbora luzeena mantenduz (hartxingaditik zuzen igotzea oso nekeza baita) zeharkaldi horizontala egingo dugu bidearen oinera iritsiz. Kotxetik bidearen oinera bi ordu pasatxo pasako ditugu.
- Jaitsiera: Atxeritoko gailurretik Foyas del Ingenierora doan bidea hartuko dugu Colláu del Huerto de l’Acherito lepoan utziz. Lepo honetatik behera jaitsiz Atxerito aterpera itzuli eta igoerako bidearekin bat egingo dugu. Atxeritoren gaiurretik kotxera gutxi gora behera bi ordu eta erdi eskas beharko dugu lasai joanda.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 12 express-zinta (10 nahikoak izango dira) eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Nahiz eta lau friend eraman ez genituen erabili. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Udaren hasieran bidearen oinean eta lehen leizean elurtegi handi bat izan daiteke. Ordurako beharbada piolet eta kranpoiak eramatea gomendagarria izan daiteke.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru ordu eta erdi.

DESKRIBAPENA

- Lehengo luzea, 30 metro, IV. Izenadun zinta duen paraboltetik gorako tximini inklinatua eskalatu (IV). Tximinia eskalatuta ezkerrera diagonalean joko dugu (II) parean dugun hormatxoan kokatutako bilgunera iritsiz.

- Bigarren luzea, 40 metro, IV+. Bilgunetik ezkerrera 4-5 metroetan atera (III+). Honen ondoren gora zuzen joko dugu diedro itsurako plaka tentea eskalatuz (IV+). Lehen diedrotxo honen ondoren zertxobait ezkerrera jo eta bigarren diedrotxo bat eskalatuko dugu (IV+) tximini nabarmen baten ezkerreko bilgunera iritsiz. 4-5 metro gorago bi paraboltez osatutako bigarren bilgune bat dago, aukeran bilgunea hemen muntatzen badugu hobe.

- Hirugarren luzea, 40 metro, IV+. Bilgunearen eskuinetik gora doan tximinia eskalatuko dugu. Lehen metroak errazak badira ere (III-III+) goraka eskalatzen dugun heinean tentetu egiten da (IV+). Halere helduleku onak ditu. Tximiniak ezkerrerako joera hartzen du harkaitz bloke handi batek erdibitzen duen diedro bertikal batekin topo egin arte. Horma hau eskalatuta (IV+) ezproi itsurako batean dagoen bilgunera iritsiko gara.

- Laugarren luzea, 30 metro, I. Bilgunetik erdi-oinez jarraitzea besterik ez da parean ikusten den tximiniaren ezkerreko bilgunera zuzenduz. Guk luze hau eta bigarrena batean eskalatu genuen.

- Bosgarren luzea, 25 metro, V+. Bilgunearen eskuineko tximinia eskalatzen hasiko gara (III) parean dugun diedro nabarmenarekin topo egin arte. Diedroa ez da osorik eskalatu behar. Eskalatzen hasi eta berehala eskuinera pasako gara makurtutako horma eskalatuz (V+). Pasabide honetan bi parabolt eta iltze bat topatuko ditugu. Gakoa gorputza ongi kokatzean dago. Pasabidearen gainean zaharra den soka jarrita dago. Pasabidea eskalatuta goian ikusten den paraboltera arrail bat eskalatuz iritzi (IV/IV+) eta hemendik, kanalizo erraz batzuk eskalatuz (III+) bilgunera iritsiko gara.

- Seigarren luzea, 40 metro, III+. Bilgunetik zuzen eskalatuko dugu kanalizoz jositako horma inklinatua eskalatuz. Luzea ederra da, oinekin eskalatzekoa.

- Zazpigarren luzea, 40 metro, III+. Seigarren luzearen joera bera jarraitzen du kanalizoz jositako horma inklinatua eskalatu eta parean dugun hormaren ezker tximinia nabarmenera zuzenduz (III+). Bilgunera iritsi aurretik helduleku oneko harkaitz-plaka tentea (III+) eskalatuko dugu.

- Zortzigarren luzea, 20 metro, V. Bilgunetik gora metro erraz batzuk eskalatu (III) ondoren pareko tximinia eskalatzen hasiko gara. Tximinia bertikala den arren helduleku onak ditu (IV+). Tximinia amaieran zertxobait makurtzen da (V). Tximinia hau errazago eskalatzen da barruraino sartu gabe. Bilgunea tximiniaren irteerako horma bertikalean dago.

- Bederatzigarren luzea, 40 metro, IV+. Bilgunearen eskuineko helduleku oneko horma bertikala eskalatu (IV+). Horma eskalatuta ezkerrera jo eta pareko harkaitz-plaka inklinatua zuzen eskalatzen jarraituko dugu (III) parean dagoen horma bertikaleko bilgunera iritsiz.

- Hamargarren luzea, 25 metro, IV+. Bilgunearen ezkerretik gora zuzen doan tximinia bertikala eskalatuko dugu (IV+). Tximinia hau zortzigarren luzekoa baina zabalagoa eta motzagoa da eta nahita nahiez barruan sartu beharko dugu- Tximiniaren amaieran zinta bat dago. Zintan express-zinta pasa bezain pronto eskuinera horizontalean 4-5 metroetako erlaitza jarraituko dugu (II). Erlaitzaren amaieran ezkerrera jo eta belarrez estalitako tximinia eskalatuko dugu (III) harkaitz handi batean kokatutako bilgunera iritsiz.

- Hamaikagarren luzea, 100 metro, oinez. Bilgunearen atzetik hasten den erlaitz zabal, inklinatu eta belartsua amaiera arte jarraituko dugu. Lehen metroetan parabolt batzuk eta 30 metro ingurura bilgune bat topatuko ditugu, beharbada belarrak katu oinetan irrist egiten duelako. Bilgunetik aurrera harkaitzetik erosoago jarraitzen da. Erlaitzaren amaieran ezkerrera joko dugu harriz jositako kanala amaiera arte igoz. Bilgunea kanalaren amaierako leizetxoaren barruan dago, bidearen izena adierazten duen zintadun paraboltean, hain zuzen ere.

- Hamabigarren luzea, 25 metro, IV+. Bilgunetik metro pare bat igo eta, eskuak ongi sartzen diren arrail horizontala eta oinentzako helduleku ederrak aprobetxatuz, eskuinera zeharkaldia egingo dugu (III+) leizetik ateraz. Hemendik gora horma inklinatua metro gutxi batzuetan eskalatu (IV) eta kanalizo bertikal batzuk eskalatuko ditugu (IV+). Kanalizo hauek eskalatuta horma inklinatzen da (III+) harkaitz-bloke izugarri baten ezkerrean muntatutako bilgunera iritsiz.

- Hamahirugarren luzea, 25 metro, II. Luzeak ezkerreko joerarekin jarraitzen du parean dugun bigarren leizetxora zuzenduz. Luze osoan parabolt bakarra dago baina erraza da (II). Leizetxo honen bukaeran zinta bat jarrita dago baina ez genuen krokis ofizialean azaltzen den bi paraboltez osatutako bilgunerik topatu.

- Hamalaugarren luzea, 45 metro, IV+. Leizetik lehen paraboltera tximini antzeko bat eskalatuz iritsi (IV) eta hemendik zertxobait eskuinera joko dugu. Harkaitzaren kalitatea ez dirudi oso ona baina eusten du. Ezkerreko hormatik gertu eskalatuz jarraituko dugu tartean hormatxo bertikal bat eskalatuz (IV+). Hormaren amaierara iristen garen heinean luzea eskuin aldera pixkanaka desbideratzen da (IV) harkaitz batean kokatutako bilgunera iritsiz.

Bilgunetik galurrera 20-25 metro izango ditugu.

Bide honen inguruko informazio, krokis eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather