BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Balaitus (3.145 m): Costerillou gandorretik, AD+/IV+

Pirinioetako gandorren artean klasiko handia, zailtasun eramangarria duena eta, bide batez, hirumilakorik zailenetako bat eskalatzeko aukera emango diguna. Gehiago eskatu daiteke?
Costerillou gandorra bere osotasunean Picos del Infierno mendietatik ikusita
Costerillou gandorra bere osotasunean Picos del Infierno mendietatik ikusita / Smithy

Costerillou gandorra Pirinioetako gandor klasikoen artetik klasikoenetakoa da, beharbada eskalatzen den mendien artean Costerillou Dorrea dagoelako. Dorre hau Pirinioetako hirumilako bildumazaleen artean preziatua da, eskalatzen zailenetakoa baita. Aukeratzen dugun bidea aukeratzen dugula ez da IV+ zailtasunetik jaisten. Hau gutxi ez bada gandorra Balaitus mendian amaitzen da, Pirinioetako hirumilako zifra magiko horretatik gorako mendi ederrenetakoa.

Gandorraren eskalada teknikoki zaila ez den arren, goi-mendiko eskalada dela ez dugu ahaztu behar. Harkaitzezko itsasoan galdu nahi ez badugu adi joateaz aparte, kontu handiz eta zuhurtziaz mugitu beharko gara, sendoak ez diren harkaitz-blokeak (batzuk oso handiak) topatzea ohikoa baita. Hala ere eskalada itzela da, alpinismo kutsuaz zipriztindua eta tarte askotan amildegi sentsazio ikaragarria izango duguna. Bere gainean zamalkatzea merezi du.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 21 kilometro inguru.
- Nork irekia: ekialdetik mendebaldera Jacques Bursaux, 1929an. Mendebaldetik ekialdera Le Breton eta Sanchette, 1932 urtean
- Punturik baxuena: La Sarra urtegia, 1.440 metro.
- Punturik altuena: Balaitus, 3.145 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 2.235 metro.
- Igotako mendiak: 3.
- Ura: La Sarra eta Respomuso aterpeko iturrietan hartu daiteke.
- Zailtasuna: AD+/IV+. Gandorrari zailtasuna ematen dion pasabidea Costerillou Dorrearen lehen luzeko sarrerako pasabidean dago (3-4 metro). Gainerakoan(Costerillou Dorretik gorako gandorrean ere) III eta III+ pasabideak topatuko ditugu bata bestearen atzetik, bakarren bat agerikoa. Goi-mendiko eskalada izanda adi ibili beharko dugu harkaitz-bloke askoren sendotasunarekin, bat baino gehiago kolokan topatuko dugu eta.
- Jaitsiera: Elurrik ez badago jaitsierarik eroso eta azkarrena Balaituseko Gran Diagonaletik da.
- Eramandako materiala: 30 metroetako bi soka (Costerillou dorretik behera jaisteko 20 metro inguruko rappela dago), Lincam eta artaka-trabagailu jokoa, dozena erdi bat express-zinta luze eta dozena erdi bat zinta-uztaiak (erdiak luzeak), harkaitz-blokeetatik pasatzeko. Costerillou Dorretik beherako rappel zintzilikaturako "Shunt" aparatua ere eraman genuen. Katu-oinak eramatea norberak erabakiko du, guk ez genituen eraman. udaren hasieran joanez gero ziurrenik kranpoi eta pioleta ere beharko ditugu hurbilketa eta jaitsierarako.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Hamabi ordu eta erdi atseden unean ere zenbatuz.

DESKRIBAPENA

Ibilbidea La Sarrako (1.440 m) urtegian hasiko dugu Respomuso aterpera (2.220 m) iritsiz. Nahi izanez gero bezperan Respomusora lo egitera igo gaitezke ibilbideari bi ordu pasatxo kenduz.

Respomuso aterpetik Balaitusera doan ohiko bidea (Latour arrakalara doana) hartu behar da (marka gorriak hasieran, gero mugarriak), arrakalatik gertu eskuinean dugun morrenak osatzen duen muin batera arte. Bertan bidea utzi eta muinaren gainetik eskuinera zeharkaldia egingo dugu Ussel orratzaren azpiko hormara zuzenduz.

Ussel orratzaren igoera hormaren azpiko harkaitz marroiko beta horizontal nabarmen batean hasten da. Beta hau amaiera arte jarraitu (II+ zailtasuneko ageriko pasabide bat du) eta, Costerillou gandorretik behera erortzen den tximini nabarmenetik gertu gaudenean, tximinian sartu gabe gora joko dugu. Metroak irabazten ditugun heinean Ussel Dorrera zuzenduko gara (II/II+ zailtasuneko pasabideak eta III zailtasuneko pasabide motza), Dorrera iritsi aurreko azken 8-10 metroak gandorretik bertatik eginez (I-II).

Ussel Dorretik (3.022 metro), jaisten hasi aurretik komeni da pasako ditugun orden berean hiru puntu lokalizatzea: zulodun harkaitz-blokea, harlauz inklinatu nabarmena ("urkila" bezala ere ezaguna) eta ostiko-arkua ("Arc Boutant" famatua).

Hiru puntu nabarmen hauetatik pasatuz gandorra bere osotasunean eskalatzen da, batzuetan frantziar isurialdetik, batzuetan espainiar isurialdetik, tartean Costerillou Dorrea (3.049 metro) eskalatu eta Balaituseko gailurraurretik (3.117 metro) gertu amaituz. Eskalada osoan III/III+ zailtasuneko pasabideak bata bestearen atzetik eskalatu eta pare bat rappel egingo ditugu, luzeena Costerillou Dorretik jaisteko egiten den 20 metro inguruko rappel zintzilikatua. Zailtasunik handiena Costerillou Dorrearen eskaladan topatuko dugu, IV+ zailtasuneko pasabide motz eta makurtua. Dena den, gandorraren eskalada osoan bezala, friend eta artaka-trabagailuak trabatzeko aukera handiak topatuko ditugu.

Balaituseko gailurraurrean (3.117 metro) eskaladako traste guztiak jaso eta 10-15 minutu eskasean Balaituseko gailurrera (3.144 metro) oinez iritsiko gara.

La Sarrara itzultzeko biderik erraz eta motzena Balaituseko Gran Diagonal bidetik jaistea da, tartean Arriel aintziretatik pasatuz. Respomuso aterpera itzuli behar badugu ordea, Latour arrakalatik pare bat rappel eginez jaitsi beharko gara. Hartzen dugun aukera hartzen dugula, kaskoa burua eraman beharko dugu, harrien erorketa ohikoa baita.

Informazio, krokis eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather