BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Menditxiki: Milurteko haritzen ibilbidea

/ mikel arrizabalaga

2019-12-01 / Mikel Arrizabalaga

Kanpinaren sarreran dagoen aparkalekutik eman diogu hasiera ibilaldi labur honi. Pista zabala hartu eta ezkerretik, kanpina inguratzen duen bide zabaletik, aurrera egin dugu Danbolintxu izenez ezaguna den ingurura jaisteko. Berehala, pistan aurrera egin eta gure eskuinean ibilbide desberdinak erakusten dituen egurrezko hesolarekin egin dugu topo. Bertan, Haritz zaharren (SL NA 137) eta Trikuharrien ibilbidearen (PR NA 133) bide-seinaleak ikusi ditugu. Ibilbidearen lehen zatian bi ibilbideek bat egiten dute, beraz zuhaitzen enborretan zuri, berde eta hori koloreek lagundu digute bidea aukeratzen.

Basoan sartu eta aldapa txikia igotzen hasi gara bidegurutze batera heldu arte. Biortazabal (behor leku zabala) izenez den leku honetan, ezker aldeko xenda aukeratu dugu eta bestea itzulerako utzi. Bidea erabat leundu egiten den lekuan, bat batean lehen haritz erraldoiarekin bat egin eta aurrera segitu dugu tarteka bertako zuhaitzen izenak (latinez, gazteleraz eta euskaraz) jartzen dituzten zutikako plaka batzuk irakurriz. Berehala heldu gara bi haritz mardulen ondora, barrenak erdi hustuta elkarri begira baleude bezala kokatuta daude.

Hariztian marrazten den bide eroso eta garbitik aurrera jarraitu dugu berriro beste haritz erraldoi batekin topo egin arte. Hau, aurrez ikusitako beste biak ez bezala, oso bizirik dago, enbor zabaletik eskegitzen diren adarrak hostoz beterik baitaude. Enborraren ondora joan eta gure neurriez jabetu gara. Ez da bakarra, inguruan ere badaude bizirik dauden haritz gehiago baina tamainaz askoz txikiagoak. Inguruaz gozatuz, enborra erabat husturik duen zuhaitz zahar baten ondora iritsi gara, adar txiki batek ematen dio duen bizitza apurra. Goroldioak estaltzen du enborretik geratzen dena eta orbelak betetzen du barruko zuloa.

Aurrera jarraituz, Bordazelai (bordak izan zireneko zelaia) izenez ezagutzen den inguruan, haritz ale bikain gehiago ikusi ditugu bidearen albo banatan, baina bada bat gure arreta berehala erakarri duena, arku bat osatuz zerurantz goititzen den zuhaitz mardula. Adarren bat edo beste erori eta besamotz geratu dela dirudi. Denbora gutxi behar izan dugu Bordaburura (eremua bukatzen den tokia) iristeko eta bertan, beste haritz eder batek agurtu gaitu.

Abiapuntura itzultzeko tenorean, ezkerretik ateratzen den zuri eta berdez balizatutako bidetik (Trikuharrien bidea hemen utzi dugu) abiatu gara. Gurpidegain izenez (gurdibideak nonahi ikus zitekeen ingurunea) ezagutzen den bidetik, pagadiak gure ezkerrera utzi eta berehala heldu gara aurreko bidegurutzera eta, bertatik, kilometro bat bete dugu kanpinaren sarrerara itzultzeko.

Luzera: 4,3 km
Desnibela: 53 m

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko:
Klikatu hemen 3D (ayvri) deskargatzeko

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather