BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

pirinioak

Cadier eta Frondiellak: Balaitus handiaren itzalpeko hirumilakoak

Ez dira Tena bailarako hirumilakorik ezagun ezta gehien igotzen direnak ere, baina ibilbide osoan Balaitus, Arriel eta Palas mendien ikusmira ederra izango dugu.
Igoerako bidearen nondik norakoak, zuriz oinezko bidea eta gorriz eskalada eta gandorrean jarraitutakoa.
Igoerako bidearen nondik norakoak, zuriz oinezko bidea eta gorriz eskalada eta gandorrean jarraitutakoa. / Smithy

Balaitus mendiaren erakargarritasuna handia da eta izenak bakarrik pisu ikaragarria dauka. Ospe handiko hirumilakoa da eta Respomuso aterpetik gora doazen mendizale gehiengoen jomuga izaten da inongo zalantzarik gabe.

Badira Balaitusen itzalpean bizi diren beste hirumilako batzuk, hirumila metro magikoetatik gora izan ezean ahaztuak egongo zirenak. Mendi hauek igotzean Cadier anaiak eta Latour bezalako pirineista klasikoen arrastoa jarraituko dugu, historia biziaz zipriztindutako ibilbidea betez. Hala ere, hirumilako zifra magiko hau eta historia handia izan arren mendi hauek ez dira sarri igotzen.

Mendi hauek igotzean sentitutako bakardade sentsazioa itzela da, haizeak eta txoriek bakarrik hausten dutena. Honelako sentsazioa bizi nahi baduzu mendi aproposak hauek izan daitezke.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 21 kilometro inguru.
- Lehen igoerak: Aguja Cadier (Cadier anaiak 1911an), Frondella (Wallon eta Latour 1879an)
- Punturik baxuena: La Sarra urtegia, 1.440 metro.
- Punturik altuena: Frondella mendia, 3.071 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.800 metro inguru.
- Igotako mendiak: 4.
- Ura: La Sarra eta Respomuso aterpeko iturrietan eta Arriel aintziren inguruan hartu daiteke.
- Zailtasuna: PD+/II+. Cadier orratzera igotzeko eskalatzen den tximinia harri soltez estalia dago.
- Jaitsiera: Erdiko Frondellatik Arriel aintziretara jaitsi eta hemendik La Sarrara itzuliko gara.
- Eramandako materiala: Kaskoa ezinbestekoa da harri solte asko topatuko dugulako.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Zortzi ordu eta laurden, atseden uneak ere zenbatuz. Lekuz-leku:

DESKRIBAPENA

Ibilbidea La Sarra (1.440 m) urtegian hasten da, GR-11 ibilbidea jarraituz, Respomuso aterpera (2.220 m) iristeko. Bezperan Respomusora lo egitera igoz gero, ibilbidea bi ordu pasatxoan murriztu daiteke.

Respomuso aterpetik Balaitusera Latour arrakalatik doan bidea hartu behar da (marka gorriak hasieran, gero mugarriak), arrakala azpiko morrenak osatzen duen muinora arte. Bertan bidea utzi eta ezkerrera zeharkaldia egingo dugu Cadier orratza goitik behera zeharkatzen duen tximinia nabarmenera zuzenduz. Ohikoa da tximinia honen sarreran elurtegi bat topatzea.

Tximinia hau bere osotasunean eskalatu (II+, harri askeak) eta, Cadier orratza eta Ekialdeko Frondellak osatzen duten lepotik gertu eskuinera jotzen da harkaitz-plaka inklinatu ezberdinetatik (II+) gailurrera (3.016 m) iristeko.

Cadier orratza eta Ekialdeko Frondellaren (3.053 m)arteko lepoan berriro ere, Ekialdeko Frondellara igotzeko bere ekialdeko kontrahorma inguratzen da, kontrahorma atzean utzi ondoren gailurrera zuzen eskalatzeko (II+). Hemendik aurrera gandorraren ertzetik jarraitu behar da (II/II+) Frondella mendian (3.060 m) eguneko zailtasun guztiak amaituz.

Frondella eta Erdiko Frondellaren (3.049 m)artean gandorraren ertzetik jarraitzen da. Tarte honetako zailtasun bakarra 2-3 metro arteko hormatxo bertikal bat jaistean dago (II+).

Erdiko Frondellatik gandorraren ertzetik jarraituko dugu, gailurretik jaitsi eta gure eskuinean zabaltzen den harritza jarraituz Wallon gandorrera hurbiltzeko. Gandorrera iritsi baino lehen mugarriek ezkerrera (jaitsierako noranzkoan) eramango gaituzte Frondellen gandorra iparretik saihesten duen pasabide horizontalera eramanez. Pasabidea zeharkatu ondoren ezkerrerako joerarekin jaisten jarraituko dugu Mendebaldeko Frondiellara doan ohiko bidearekin bat egin arte. Azekn Frondiella hau igo nahi ez bada, hemendik Azpiko Arriel aintzirara (2.180 m) iritsiko gara.

Amaitzeko, La Sarrara itzultzeko Arriel aintziretatik behera doan ohiko bidea jarraituko dugu.

Ibilbide honen inguruko informazio, argazki eta krokis gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather