BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Panticosako bainuetxea, hodiaren horma: "Pa ti es la vía" bidea, 300 m, V+

Panticosako bainuetxean kotxetik asko urrundu gabe estutasun handirik pasa gabe eskalatu daiteken bide luze, bertikal eta eder baten bila zabiltza?
"Pa ti es la vía" bidearen nondik norakoak. nondik norakoak. Bidearen amaieratik abiatzen diren jaisteko bi bideak ikusi daitezke, baita horma goitik behera erdibitzen duen hodia ere. / Smithy

Panticosako "hodiaren horma" urrunetik ikusita ere zirrara egiten duen horietakoa da. Metalezko hodi handi batek goitik behera erdibitzen du orbain erraldoi baten moduan, itsura artifizial bat emanez. Horma honetan oraingoz irekitako "Pa ti es la vía" (300 m, V+), "Roca por un tubo" (300 m, 6a) eta "Tinariwen" (310m ,V+) bideak hodiaren ezkerrean (parez pare begiratzen badugu) daude. Lehenengo biak "Sendero Limitek" ireki eta erabat ekipatuak dituen bitartean, "Tinariwen" Luis Alfonso eta Victor Olayak erdi ekipatutako bidea da.

Kronika honetan hiru bide hauetatik errazena den bidearen azalpenak irakurtzeko aukera izango duzue.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 300 metro.
- Luze kopurua: 8.
- Nork irekia: Luis Royo, Carlos Budría, Enrique Recio eta Julio Benedek 2017an.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: V- (45 m), 2ºL: V (35 m), 3ºL: V+ (40 m), 4ºL: V (30 m), 5ºL: V (40 m), 6ºL: V+ (30 m), 7ºL: IV+ (40 m) eta 8ºL: III (35 m). Guk azkeneko bi luzeak bakarrean ensanble moduan eskalatu genituen.
- Orientazioa: Mendebaldea. Udako arratsaldeetan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Casa de Piedra aterpearen atzeko horman iturri bat dago. Lumiachako urmaeletara doan bidetik jaisten bagara ura hartu daiteken errekastoak topatuko ditugu.
- Hurbilketa: Casa de Piedra aterpetik gora doan GR-11 bidea jarraitzen hasiko gara. "Mirador de la reina" behatokia atzean utzi eta 20-25 metro gorago dagoen bidegurutzean GR-11 bidea utzi eta eskuineko bidea hartuko dugu. Bide hau jarraitu eta mugarri ezberdinak jarraituz hodiaren hormara iritsiko gara. Bidea hormaren ezkerrean dago, punturik baxuenean. Bertan bidearen izena duen zintadun parabolta topatuko dugu. Casa de Piedratik bidearen oinera 50 minutu eta ordu baten arteanpasako ditugu. Beste aukera interesgarri bat aurretik "Molondroren bidea" eskalatzea da, honen amaieratik bidearen oinera joateko.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik bi aukera ditugu: Lehenengoa iparraldera jotzea izango litzateke, Bachimaña aintziretako aterpera doan bidea jarraituz. Momentu batean hegoaldera doan bidexka bat topatuko dugu. Bide hau jarraituz Lumiacha urmaeletara itzuliko gara, hodiaren hormaren oinean daudenak, hain zuzen ere. Bigarren aukera hegoaldera mugarriez adierazitako bidea jarraitzea da. Bide honek mendia alderik alde horizontalean zeharkatzen duen hodira eramango gaitu. Hodiaren gainetik hegoaldera jarraituz bi tunel zeharkatuko ditugu. Bigarrenaren ondoren zementuzko eraikin batera iritsiko gara eta hemendik 25-30 metro ingurura gure eskuinean mendebaldera doan bidexka bat hartuko dugu. Bidexka honek GR-11 bidearekin bat egin ondoren Panticosako bainuetxera itzuliko gara. Bigarren aukera lehena baino motzagoa da eta ordubete eta ordu eta laurden artean Panticosako bainuetxera itzuliko gara. Lehen aukera luzeagoa bada ere, bertan ura topatuko dugu, Lumiachako urmaelen inguruan errekastoak daude eta.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 12 express zinta eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta laurden.

DESKRIBAPENA

- Lehengo luzea, 45 metro, V-. Luzea harkaitz-plaka tente bat eskalatuz hasten da, itsasgarritasunezko pasabideren bat duen arren helduleku onak dituena. Tartean pasabidetxo bat du(V-). Lehen plaka honen ondoren, kanaltxo bat zeharkatu eta bigarren plaka bat eskalatzen da, aurrekoa baino etzanagoa, itsasgarritasunezko pasabideak dituena hau ere, baina heldulekuak txikiagoak dituena (IV+). Bigarren plakaren ondoren luzea etzaten da eta pinuen artean doazen plaka etzan ezberdinen gainetik, eskuin ezkerreko zeharkaldi diagonala eginez (II/III) harkaitz-bloke izugarri baten ezker horman kokatutako bilgunera iritsiko gara (soka + uztaidun parabolt bat).

- Bigarren luzea, 35 metro, V. Bilgunetik atera, harkaitz-blokea inguratzen hasi eta eskuinera doan kanala zeharkatuko dugu (II) "Charly plaka" delakoa eskalatzen hasiz. Plaka inklinatua hasi arren (III) metroak irabazi ahala tentetuz doa azken metroak bertikal bihurtu arte(IV+). Goian ikusten dugun pinura iristean dago luzearen pasabiderik zailena (V), baina helduleku oso onak ditu. Bilgunea harkaitz-zubi batetik pasatako zinta eta uztaidun bi paraboltez osatuta dago.

- Hirugarren luzea, 40 metro, V+. Bilgunetik atera eta lehen metroetan diedro itsurako pasabide motza eskalatuko dugu (IV) goian ikusten den diedro nabarmenaren azpiko harkaitz-plaka igo eta honek osatzen duen hormatxoa eskalatuz (IV+) diedroaren ezkerrean dagoen arrail nabarmenaren ezkerreko paraboltera iritsiko gara. Hemendik bavariar moduan eskalatzen den harkaitz-plaka tentea eskalatzen hasiko gara diedroaren erdiko arraila aprobetxatuz (V+). Gakoa diedroaren kontra ez joatea eta oinentzat dauden heldulekuak topatzean dago. Diedroaren amaieran helduleku gehiago azaldu (V) eta bilgune batera iritsiko gara. Guk bilgune hau atzean utzi genuen (express-zintak luzeak eraman soken marruskadura ekiditeko). Bilgune honetatik gora helduleku onak dituen harkaitz-plaka tente bat eskalatu (V) eta eskailera makurtuaren itsura duen harkaitz iluneko horma eskalatuko dugu (V+). Hormak atzeraka egiten du eta estutu beharko dugu.

- Laugarren luzea, 30 metro, V. Bilgunetik atera eta gainetik dugun harkaitz-plakara igotzeko horma bertikal bat eskalatu beharko dugu (lehenengo 3 paraboltak). Horma honetan dago luzearen zailtasunik handiena (V) baina helduleku onak ditu. Hemendik gora helduleku oneko harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatzen jarraituko dugu (IV+) bi zuhaixken artera iritsi arte. Hirugarren harkaitz-plaka motz bat eskalatuz, oraingoa etzana, bilgunera iritsiko gara (III).

- Bosgarren luzea, 40 metro, V. Bilgunetik gora doan harkaitz-plaka inklinatua bere osotasunean eskalatuko dugu (Recio plaka), goian ikusten den sabaira zuzenduz. Harkaitz-plaka hasieran inklinatua den bitartean (IV+), metroak irabazi ahala tentetuz doa itsasgarritasunezko pasabideren bat tartekatuz (V). Goiko sabaia eskuinetik ekiditen da harkaitz marroidun diedro txiki bat eskalatuz (V-). Diedroa eskalatuta eskuineko hormatik eskalatzen jarraitu (IV+) eta bilgunera iritsiko gara.

- Seigarren luzea, 30 metro, V+. Bilgunetik atera eta eskuinera 2-3 metro inguruko zeharkaldi horizontala egingo dugu (IV) eskuinean ikusten den ezproira iritsiz. Ezproia zuzen eskalatuko dugu (IV+, helduleku onak) honen gaineko erlaitz txikira iritsiz. Hemendik gora helduleku oneko harkaitz-plaka tente bat eskalatzen jarraituko dugu goian ikusten den hildako pinu nabarmen batera zuzenduz. Tartean pasabide tekniko bat dauka (V+) baina heldulekuak ez dira txarrak.

- Zazpigarren luzea, 40 metro, IV+. Bilgunetik gora doan helduleku oneko harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen hasiko gara hildako pinu nabarmena gure ezkerrean utziz (IV+). Luzeak pixkanaka eskuinera doa etzanez doan bigarren harkaitz-plaka eskalatu (IV hasieran gero III) eta bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiz.

- Zortzigarren luzea, 35 metro, III. Bilgunetik gora harkaitz-plaka etzan bat eskalatu (III) eta zailtasun guztiak amaitzen dira (II), azkeneko metroak oinez egin eta pinu batetik pasatako soka eta zintetan azken bilgunea muntatzeko.

Bide honen inguruko krokis eta argazki gehiago eta informazio zabalago hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather