BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Pala de Ip (2.779 m): ipar-mendebaldeko korridoretik, 800 m, D

Udazken amaieran eroritako elurrak Pirinioetako korridoreetako baldintzak negu hasieran ezohikoak izatea eragin du. Ezohiko egoera honek jarraitzen duenez, duela astebete pasatxo egindako eskalada hau partekatzen dizuet baliagarri izango delakoan.
Pala de Ip mendiko ipar-mendebaldeko korridorearen krokisa
Pala de Ip mendiko ipar-mendebaldeko korridorearen krokisa / Smithy

Ip bailara inguratzen duten mendien artean ikusgarritasuna Punta Escarra eta Collaradak eramaten badute ere, erakargarritasunari dagokionez, Pala de Ip-ren ipar hormak parekorik ez dauka. Chogolisa gogorazten didan mendi trapezoidal honen idatzizko lehen erreferentzia Labañak 1610 urtean egindakoa da: "Ip ibaia haitzetatik jaisten da". Izan ere, batzuen esanetan, erromantze aurreko hizkuntzan, Ip hitzak "ura" izendatuko luke. Beste batzuek aldiz, Ip hitza euskal "ipar" hitzetik datorrela diote. Ip hitzaren jatorria edozein dela ere, mendi erakargarri honek bi bailara banatzen ditu: iparrean Izas bailara, hegoaldean aldiz, Ip bailara, izen bereko ibona eta aterpea dituena.

Pala de Ip ipar horman irekitako bide guztien artean (dozena inguru), ipar-mendebaldeko korridorea (800 m, D) eta Ursi bidea (800 m, MD+) dira gehien errepikatzen direnak, azkeneko hau, udan ireki bazen ere, neguan batez ere eskalatzen dena. Ipar hormako edozein eskaladak jardunaldi luzea dakar. Hau gutxi ez bada, hurbilketa zaila eta luzea duen mendia da. Hauek guztiak osagai nahikoak dira eskalada bakarti baten aurrean egongo garela ziurtatzeko.

Ipar-mendebaldeko korridorea zirku batek bitan banatzen du. Beheko zatiak, ipar-ekialdeko orientazioa dauka, eta bertako zailtasun guztiak bi irtengunetan kontzentratzen dira. Korridorearen goiko zatiak ipar-mendebaldeko orientazioa du eta zailtasun osoa amaieran duen irtengunean dauka. Ipar horman dauden beste bideekin gertatzen den moduan, korridore honi buruzko informazio zehatza topatzea ez da erraza.

2020ko urtarrilaren 5an, furgoneta utzi aurretik, bagenekien ibilbidea luzea eta metatutako desnibel positiboa handia izango zela, bagenekien ziurrenik bakarrik egongo ginela eta bagenekien oso nekatuta bukatuko genuela. Baina bagenekien ere esfortzu osoak mereziko zuela eta korridorea baldintza ezin hobeetan zegoela.

Eta neguan baldintza ezin hobeak aprobetxatu behar dira...

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 16,5 km, horietatik korridoreak 800 metro ditu.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.585 m.
- Nork irekia: Silverio Artal eta Ricardo Fayosek 1971ko azaroan eskalatu zutela esaten bada ere, datu okerra izan daiteke, izan ere, beraiek igoera Campanal de Izaseko mendebaldean dagoen diedrotik egin zuten, bidearen irekieran idatzita utzi zuten erreseinaren arabera.
- Zailtasuna: D. Zailtasun osoa hiru irtenguneren eskaladan kontzentratzen da, lehenengo biak korridorearen beheko zatian daude, hirugarrena aldiz, korridorearen irteeran. Lehenengoak, korridorearen hasieran, 10 metro inguru eta 75-80º ditu. Bigarrena, 15 metro ingurukoa, korridorearen beheko zatiaren amaieran dago eta, elur eta izotz kantitatearen arabera, 75º eta IV zailtasuna izan dezake. Hirugarren irtengunea, 15 metro ingurukoa, korridorearen irteeran kokatzen da eta, elur eta izotz kantitatearen arabera, 75º edo IV zailtasuna izan dezake. Hauek zailtasun "ofizialak" dira. Gure kasuan, ezohiko baldintzengatik, korridorea "errazagoa" topatu genuen, AD edo AD+ zailtasunaren baitan.
- Orientazioa: Beheko zatiak ipar-ekialdea, goikoak aldiz, ipar-mendebaldea.
- Ura: Igoeran hainbat errekasto gurutzatuko ditugu.
- Hurbilketa: Col de Ladrones gotorlekutik Izas bailara alderik alde zeharkatu genuen, GR-11 ibilbidearen markak jarraituz. GR-11 ibilbideak iparrera, Formigalera, zuzentzen hasten denean, utzi eta pixkanaka iparrera jo genuen, Pala de Ip mendiaren ipar hormara hurbilduz.
- Jaitsiera: Pala de Ip-ek osatzen duen gandorra mendebaldeko noranzkoan jarraitu genuen, La Tronquerako arrailara iritsi ginen arte. Bertan iparrera hartu eta, kanal tente bat jaitsi ondoren, La Tronquera eta La Molera mendiek iparrean osatzen duten bailara alderik alde zeharkatu genuen, Samán edo Iserias ibonera iritsi arte. Hemendik behera, Iserías harresia saihestuz, bideak itzulinguru handia egiten du berriro ere Izas bailarara iritsiz. Kontu handia izan behar da jaitsiera honekin, elur-jausien arriskua handia baita. Hemendik jaitsi aurretik, ongi ziurtatu elur-jausien arriskua baxua dela.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 6 express zinta, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa, izotzetako lau torloju, elurretako hesola bat eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ibilbide osorako hamar ordu eta laurden, atsedenak barne. Lekutik lekura, korridorea eskalatzen hasi aurretik eta gailurrean pasatako denbora kontutan hartu gabe:

• Col de Ladrones gotorlekuko aparkalekua - korridorearen hasierako sorbaldara: hiru ordu eta erdi.
• Korridorearen eskalada: ordu bete eta berrogeita hamar minutu.
• Korridorearen amaiera - tontor nagusia: hamabost minutu inguru.
• Tontor nagusitik Col de Ladrones gotorlekuko aparkalekura: Hiru ordu eta erdi.

"- Benga 10 minutu gehio ta kotxen gareee!!! - Bota nuen biok animatu nahian, aparkalekuraino luzatzen den pistara iritsi ginenean.

Erlojuak arratsaldeko hirurak laurden gutxi adierazten zuen furgoneta aparkatuta genuen lekura iritsi ginenean.

Hamar ordu eta laurden inguruko ibilbidearen ondoren, oinak egosita eta eskuin horkatila eta belauna minberatuak, furgonetara lehenbailehen iritsi nahi nuen. Eta a zer nolako atsedena hartu genuen motxila astuna lurrera bota eta mendiko botak kendu genituenean!!"

Istorio osoa irakurtzeko, hemen kiik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather