BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

mendia

Hiru Haitzak edo Hiruaitz (1.130 m): Bakaikutik

Hiru Haitzak Bakaiku herriaren hegoaldean dauden hiru monolito berezi dira. Leku magikoa izatearen osagai guztiak dituzte eta bertan energia berezi bat arnasten da. Ezagutu nahi dituzue?
Hiru Haitzetako Medebaldeko Haitzaren zuloetan...
Hiru Haitzetako Medebaldeko Haitzaren zuloetan... / Smithy

Bakaikuren hegoaldean, Andia-Urbasa Parke Naturalean kokatuta, Sakana zaintzen duten hiru monolito berezi daude, Hiru Haitz edo Hiruaitz izena jasotzen dutenak. Gasteizko noranzkoan, A-10 errepidetik nabarmen ikusten dira, batez ere Mendebaldeko Haitza. Monolito honek, bi begi erraldoien moduan dituen bi zuloetatik zerua eta Sakana zaintzen ditu, haitzari nolabaiteko kutsu magiko edo mitologikoa emanez.

Bertara iristeko ibilbiderik zuzen eta laburrena Bakaikun hasi eta amaitzen da. Herrian, NA-2410 errepidearen 25garren kilometroaren ondoko bidegurutzean hegoaldera zuzentzen den Portuko kalean gora hasiko gara SL marka zuri eta orlegiak jarraituz.

2 kilometro eskaseko igoera etengabe eta nekagarriaren ondoren, haitzetatik gertu gaudenean, SL bidea utzi eta, zapaldutako bidexka bat jarraituz, Hiru Haitzetara iritsiko gara.

Lekua magikoa da eta energia berezi bat sentitu daiteke. Aizkorri, Aralar, Sakana, Beriain begi-bistan izango ditugu eta hauen ikusmira ikusgarriaz presarik gabe gozatzeko denbora hartzea gomendagarria da.

Jaitsiera igoeran jarraitutako bide beretik egin daitekeen arren, ibilbide zirkular bat egin nahi bada, SL bidea jarraitu daiteke, Santa Marina baselizatik pasatuz Bakaikura itzultzeko.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbide osoaren luzera: 4,5 kilometro inguru.
- Punturik baxuena: Bakaiku, 510 metro.
- Punturik altuena: Hiru Haitzak, 1.130 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 630 metro inguru.
- Zailtasuna: Ibilbideak zailtasun teknikorik ez badu ere, haitzen arteko bidexka estuetan kontu handiz ibili beharko dugu. Haitz edo zuloetara igo nahi badugu ere kontuz ibili, batez ere bustiak badaude, denetan II inguruko eskaladatxo bat egin beharko dugulako. Mendebaldeko haitzaren ipar-puntara igotzeko, zuloen gainetik zeharkaldi delikatu bat egin behar denez, soka bat eta eskaladarako materiala eramatea gomendagarria izan daiteke.
- Orientazioa: Iparra.
- Ura: Bakaikun hartu daiteke, baita bidean topatuko dugu Urdinbideko iturrian ere.
- Eramandako materiala: Ez da material berezirik behar, Mendebaldeko ipar-puntara igo nahi ez bada behintzat.
- Ibilbide osoa egiteko pasatako denbora: bi ordu eta erdi inguru, goien pasatako denbora luzea barne.

Informazio eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather