BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Panticosako bainuetxeko eskalada eskola

200 metro inguruko eskaladak, kirol-eskalada kutsukoak, ongi aseguratuak eta kotxea uzten den lekutik hamar minutu eskasera. Gehiago eskatu daiteke?
Panticosako Bainuetxeko lehen eta bigarren hormako eskalada-bideak
Panticosako Bainuetxeko lehen eta bigarren hormako eskalada-bideak / Smithy

Panticosako Bainuetxearen luxuzko hotel eta zementuzko eraikinen ondoan, basoko zuhaitzekin mimetizatu nahiko balu bezala, Casa de Piedra aterpeta dago. Bachimañanako aterpea eraiki arte, Alpeetako eraikin bat gogora dakarren aterpe hau izan zen (oraindik ere bada) inguruko mendietako oinarrizko kanpamendua.

Casa de Piedra aterpearen ipar-mendebaldean, 5-10 minutu eskasera bi horma daude, bata bestearen gainean, biak ala biak hainbat luzeetako eskaladako bideez zeharkatuak. Bide hauek guztiak ongi ekipatuak daude eta dozena bat express-zinta eta bilguneak muntatzeko uztai-zinta batzuk nahikoak izango ditugu eskalada seguru batez gozatzeko.

Lehenengo horman (azpikoa) hiru bide eskalatu daitezke, hirurak "Sendero Limite"-k ekipatutakoak eta hirurak Casa de Piedra aterpeko Nano Martinez zaindariari eskainiak. Hormaren ezkerretik eskuinera "Supernano" (100 m, 6b edo V/Ae), "Nano" (100 m, V edo IV+/Ae) eta "Tercera vía del Nano" (115 m, V+) ditugu. Hauen amaieratik ezkerrera bota eta, hormaren ezkerretik oinez, bideen oinera itzuli daiteken arren, normalean bigarren hormako bideren bat eskalatzen jarraitzen da.

Bigarren horman (goikoa) beste hiru bide ditugu, hauek ere "Sendero Limite"-k ekipatutakoak. Ezkerretik eskuinera "Escalera de color" (110 m, V+), "Espolón del Rebollón" (110 m, V+ edo IV+/Ae) eta "Boletus" (110 m, 6a edo IV+/Ae) ditugu. "Escalera de color" eta "Espolón del Rebollón" bideen arteko kanaleko horma rappelatzeko aukera jarri dute. Bigarren horma honetatik jaisteko bi aukera daude: lehenengoa "Escalera de color" de "Espolón del Rebollón" bideen arteko rappel lerrotik jaitsi eta hemendik behera lehen hormaren oinezko jaitsieratik. Bigarren aukera bideen amaieratik eskuinera joatea da, mugarriez adierazitako bidexka bat jarraituz. 10-15 minutuetan GR-11 bidearekin topo egingo dugu, bertatik Panticosako bainuetxera itzuliz.

Bi horma hauetako bideak osagai nahikoak dira goiz edo arratsalde pasa gozo baterako, denbora gutxian, eta bideak nahi ditugun moduan konbinatuz, 200 metroetatik gorako eskaladaz gozatu daitekeelako.

Bide hauen guztien informazioa atal honetan topatuko duzue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather