BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Pandicosako bainuetxea: Casa de Piedra aterpetik Bachimañako aintziretako aterpera eskalatzen

680 metro eskalada, ongi aseguratua eta V+ zailtasunetik pasa gabe, oinezko tarteak eta jaitsiera luzea. Osagai nahikoak egun osoko jarduera baterako. Ezagutu nahi duzu?
680 metro eskalatu ondoren Bachimañako aintziretako aterpera iristen.
680 metro eskalatu ondoren Bachimañako aintziretako aterpera iristen. / Smithy

Pandicosako bainuetxearen inguruan bada aktibitate interesgarri bat eskalatzea gustuko dugunontzat: Casa de Piedra eta Bachimañako aintziretako aterpeen arteko tartea eskalatzen egitea. Eskailera motz baten moduan, tarte hau lau mailez osatuta dago: Panticosako bainuetxeko lehen eta bigarren hormak, Bozueloko horma eta Bachimañako ur-jauziko horma.

"Esikailera" hau zailtasun maila ezberdineko bideak konbinatuz bete daiteken arren, kronika honetarako maila bakoitzeko biderik errazenak aukeratu ditut: Panticosako lehen hormako "Vía del Nano" (100 m, V), bigarren hormako "Espolón del Rebollón" (110 m, V+), Bozueloko hormako "Mowgli gandorra" (200 m, IV+) eta Bachimañako ur-jauziko hormako "Espolón del Pino" (270 m, D-/V). Bide hauek guztiak, horma hauetan dauden besteen moduan, Sendero Limite taldekoek maisuki ireki eta ekipatutakoak dira.

Aurretik aktibitate luzea izango dugu: 680 metro eskalada luzea eta hainbat metroetako oinezko ibilbidea. Honegatik komeni da motxilan sartuko dugun janari, ur eta materiala ongi neurtzea, alferrikako pisurik ez eramateko. Materialaren aldetik, 60 metroetako soka pare bat (edo homologazio hirukoitza duen soka bakarra), luzera ezberdineko 12 express-zinta eta bilguneak muntatzeko luzera ezberdinetako zinta-uztai pare batekin nahiko izango dugu. Ura asko eramatea ere komeni da, batez ere bero handia iragarrita badago, bide gehienei eguzkiak erruz jotzen die eta.

Kronika oso luzea ez izateko, eskalada-bide bakoitzaren datu tekniko batzuk bakarrik azaltzen dira eta, informazio gehiago nahi izanez gero, kronika zabalago baterako lotura.

"Vía del Nano" bidearen oinera iristeko, Casa de Piedraren atzeko zelaigunetik antena batera zuzentzen den belarrezko pista bat jarraituko dugu. Antenara iritsi aurretik eskuinera doan bidexka jarraitu eta maldatxo bat igo ondoren hormaren oinera iritsiko gara. Casa de Piedra aterpetik 5 minutu inguruan bidearen oinera iritsiko gara. Bertan, lehen paraboltetik zintzilik bidearen izena duen zinta topatuko dugu.

"VÍA DEL NANO" BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 105 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Luis Royo, Carlos Budría eta Julio Benedé, 2012ko abuztuaren 15ean.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: V (40 m), 2ºL: V (35 m) eta 3ºL: IV+ (30 m).
- Orientazioa: Hego ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: 45 minutu.
- Bide honen inguruko informazio eta argazki gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2019/09/casa-de-piedratik-bachimanako.html

"Vía del Nano" bidearen azken bilgunearen atzeko harkaitz batean, marraztutako gezi zuri batekin topo egingo dugu. Gezia jarraituz, pinu artean sartuko gara bidegurutze batean bi plakatxo dituen harri batekin topo egin arte. Eskuinera hartu eta basoan metro batzuetan ibili ondoren "Espolón del Rebollón" izena duen zinta hormatik zintzilik ikusiko dugu. Bi bideen arteko tartea zazpi minutu eskasean beteko dugu.

"ESPOLON DEL REBOLLON" BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 110 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Luis Royo, Carlos Budría eta Julio Benedé, 2013ko abuztuaren 7an.
- Zailtasuna: V+ (IV+/Ae). Luzez-luze: 1ºL: IV+ (35 m), 2ºL: V (35 m), 3ºL: V+ (25 m) eta 4ºL: V (25 m).
- Orientazioa: Hego ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete.
- Bide honen inguruko informazio eta argazki gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2019/09/casa-de-piedratik-bachimanako.html

Bidearen amaieratik eskuin aldera doan bidexka jarraituko dugu. Tarteka zapaldutako bidexka eta tarteka mugarriak jarraituz, pinu eta harkaitz-blokeen artean sigi-saga jaitsiko gara, 10-15 minuturen ondoren, GR-11 bidearekin bat egiteko. GR-11 bidean gora hasiko gara Bozueloko lautadara iritsi arte. Bertan GR-11 bidea utzi eta, mugarri ezberdinak jarraituz, "Mowgli" gandorraren oinera iritsiko gara. Bertan, lehen paraboltetik zintzilik bidearen izena duen zinta topatuko dugu.

"Mowgli gandorra" Bozueloko horma ekialdetik mendebaldera eta azpitik goraino bizkarrezur baten moduan zeharkatzen duen gandor nabarmena da. Aukeran, horma berean beste bi bide daude: "Baloo" (125 m, D+/V) eta "El libro de la selva" (120 m, D+/V).

"MOWGLI" BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 200 metro.
- Luze kopurua: 7.
- Nork irekia: Luis Royo, Carlos Budría, Carlos Roy eta Julio Benedé 2013an.
- Zailtasuna: V (IV+ behartua). Luzez-luze: 1ºL: V (30 m), 2ºL: IV (30 m), 3ºL: IV (25 m), 4ºL: III (25 m), 5ºL: III+ (30 m), 6ºL: V (40 m) eta 7ºL: IV+ (30 m).
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Berrogeita hamabost minutu.
- Bide honen inguruko informazio eta argazki gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2019/09/casa-de-piedratik-bachimanako_11.html

Bidearen amaieratik eskuin aldera (iparraldera) pinu artean mugarriz adierazitako bidea jarraitzen hasi eta hamar minutu pasatxora GR-11 ibilbidera iritsiko gara berriro ere. Gorako bidea hartuz, "Fraidearen aldapa" hasten den lekuan GR-11 bidea utzi eta, harkaitz-blokeen gainetik hormaren oina ezker-eskuin zeharkatuko dugu, bidearen oinera iritsiz. Bertan, lehen paraboltetik bidearen izena duen zinta bat zintzilikatua dago.

Aukeran, Bachimañako ur-jauziaren horman beste bost bide ditugu. "Vía de los Jardines" (300 m, PD+/III+), "Viaje por el muro" (250 m, V, IV+ behartua), "Vía del diedro" (220 m, 5c+, V+ behartua), "El Dorado" (180 m, 6a behartua) eta "Climbing Girls" (250 m, V+, IV+ behartua).

"ESPOLON DEL PINO" BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 270 metro.
- Luze kopurua: 7.
- Nork irekia: Julio Benede, Carlos Budría eta Luis Royok, 2014ko abuztuan.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: III+ (40 m), 2ºL: IV+ (40 m), 3ºL: V (35 m), 4ºL: IV (30 m), 5ºL: IV (35 m), 6ºL: V (25 m) eta 7ºL: III (35 m).
- Orientazioa: Hego mendebaldea. Udan goizean itzalpean egon arren, arratsaldean bero handia pasa daiteke.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta berrogei minutu.
- Bide honen inguruko informazio eta argazki gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2019/09/casa-de-piedratik-bachimanako_15.html

Bidearen amaieratik, mugarriekin adierazitako bidea jarraituz eskuinaldera joko dugu eta 5-10 minutuen ondoren Bachimañako aintziretako aterpera iritsiko gara. Bertatik, GR-11 bidea jarraituz, ordubete pasatxoan Pandicosako bainuetxera itzuliko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather