BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Riglosko Mailoak, "Cored" Mailoa: "Oeste Clásica" bidea, 155 metro, V+.

1955an irekia, aseguruen arteko tarte luzea eta izugarrizko amildegi sentsazioa duen eskaladako bidea, muskuluak bero eramatea baino burua hotz eramatea eskatuko diguna. Ezagutu nahi?
"Cored" mailoko "Oeste clásica" bidearen nondik norakoak / Smithy

"Cored" Mailoa Riglosko Mailo txikietako bat da. Mailo txiki hauek, anai handien ospearen itzalpean bizi diren arren, bere xarma dute, baita ukitu klasikoko bideak ere, hauen artean kronika honetan azaldutakoa.

Mailo honek izena Mariano Cored Agustín eskalatzaileari zor dio. Huescako eskalatzaile klasiko hau "El Puro"-ren lehen saiakeran zendu zen. "Oeste clasica" bidea, bide motza da eta, zailtasunaren aldetik behintzat, azkar eskalatu daitekeena. Duen orientazioagatik (mendebaldea) neguko arratsaldeetan epelean eskalatuko dugu. Udako egun berotsuetan aldiz, eguzkiak denbora osoan jotzen duenez, bero handia pasako dugu.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 155 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Pepe Díaz, Lacasta, Molina eta Rafael Montaner 1955 urtean.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: V+ (35 m), 2ºL: IV+ (15 m), 3ºL: V (40 m), 4ºL: IV+ (20 m) eta 5ºL: IV (20 m). Parabolten artean eskalatu beharko dugu, hauen arteko tartea ez baita motza.
- Orientazioa: Mendebaldea, goizaren lehen orduetan itzalpean eskalatzeko aukera emango digu. Hau udan biziki eskertuko dugu.
- Ura: Riglos herrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Kotxea uzten den lekutik ordu erdi inguru.
- Jaitsiera: Mailoaren ekialdeko horman muntatutako rappel puntutik. 60 metroetako bi sokekin rappel batekin lurrera iritsiko gara. Ondoren mailoaren ekialdeko kanal harritsua jaitsiko dugu igoerako bidearekin bat eginez.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 12 express zinta eta zinta batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean eta lehen rappela egiterakoan oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete eta berrogeita bost minutu.

DESKRIBAPENA

- Lehengo luzea, 35 metro, V+. Lehenengo metro bertikaletan dago luze eta bide osoko zailtasunik handiena. Hasierako boloak handiak diren arren, metroak irabazi ahala txikituz doaz. Harkaitz-zubi batetik pasatako kordel baten parera iritsitakoan zertxobait ezkerrera bota eta hormaren pasabiderik gogorrena eskalatuko dugu (V+), hormaren gaineko harkaitz bloke batera igoz. Hirugarren parabolta atzean utzi ondoren, harkaitz-bloke handi baten azpira iritsiko gara. Harkaitz-blokean luzearen laugarren parabolta jarrita dago eta bertara iristean dago luzearen pasabiderik gogorrena. Pasabidea errazteko harkaitz blokearen eskuineko harkaitz-zubi batetik kordel zuri bat pasata dago. Blokearen azpitik zertxobait ezkerrera botaz, hormaren pasabiderik gogorrena eskalatuko dugu (V+), blokearen gaineko erlaitzera igoz. Hemendik gora, hirugarren luzea amaitu arte eskalatuko dugun tximinian sartuko gara. Tximinia hasierako metroetan inklinatua da (IV+). Sabina txiki baten enborraren laguntzarekin erlaitz txiki batean muntatutako bilgunera iritsiko gara.

- Bigarren luzea, 15 metro, IV+. Luzea helduleku onak dituen 5-6 metroetako hormatxo tente bat eskalatuz hasten da (IV+). Hormatxoa eskalatuta, tximinia estutu eta "X" teknika erabiliz inklinatutako tximinia eskalatzen jarraituko dugu (IV+). Bilgunera iritsi aurretik sasi batzuen gainetik pasa beharko dugu.

- Hirugarren luzea, 40 metro, V. Luze honetan sentitzen den amildegi sentsazioa izugarria da, behera begira geldituz gero erakartzen duen horietakoa."X" teknika utzi gabe lehen metroak eskalatuko ditugu (IV+) bolo handi batera iritsi aurreko erlaitz txiki batera iritsiz. Bolo handia atzean utzi ondoren metro bertikalak eskalatzen jarraituko dugu, parabolt bakoitzera iristea garaipen txiki bat bezala hartuz (IV+), hauen arteko tartea luzea baita. Metroak eskalatu ahala tximinia makurtzen doa honen kanpotik eskalatzera behartuz (V). Tximiniaren amaierara iritsitakoan, honen eskuineko horma inklinatura pasatu eta azken metro batzuk eskalatuz (IV+) hirugarren bilgunea kokatutako erlaitz zabalera iritsiko gara.

- Laugarren luzea, 20 metro, IV. Laugarren luzea bilgunetik eskuinera diagonalean eskalatuz hasten da harkaitz-zubi batetik pasatako altzairuzko kable batera zuzenduz. Altzairuzko kablera iritsitakoan eskuinerako zeharkaldiarekin jarraitu behar da eskuineko ertzera iritsiz (IV+). Ertzetik eskuinera zeharkaldian jarraitu eta mailoaren hego aurpegira pasako gara. Behin hego aurpegian, helduleku oneko horma inklinatua zuzen eskalatuz (III) bilgunera iritsiko gara.

- Bosgarren luzea, 20 metro, III+. Bilgunetik gora zuzen eskalatzen jarraituko dugu, erdian harkaitz-bloke handia duen zuhaixka batera zuzenduz (III). Zuhaixka ezkerretik inguratu eta honen gaineko erlaitz txikitik zertxobait eskuin aldera eskalatzen jarraituko dugu (III), luzearen amaierako horma bertikalaren azpian kokatuz. Horma bertikala izan arren helduleku ederrak ditu. Horma eskalatuz (III) bidearen azken bilgunera iritsiko gara.

Mailotik jaisteko, bilgunetik gora oinez jarraitu eta, gailurraren bestaldera pasatuz, ekialdeko horman dagoen sabina zahar baten enborraren inguruan muntatutako rappel puntura zuzenduko gara. Rappelak 50 metro inguru ditu. 60 metroetako bi soka ez baditugu, bigarren rappel bat homaren erdian dagoen sabina handi baten enborrean muntatu daiteke. Bigarren sabinatik beherako metroak, horma makurtzen denez, txorizo baten moduan sokatik zintzilik rappelatzen dira. Komeni da hormaren azpitik kentzea rappelean ezinbestean harriak botatzen baitira.

Rapelaren amaieratik, ekialdeko harritza ezeroso eta irristakorretik jaitsiz igoerako bidearekin bat egingo dugu.

Eskalda honi buruzko argazki, krokis eta informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather