BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Aiztondo: "Esto si es Chamonix" bidea, 115 m, 6a

Uharte Arakileko Aiztondo eskolako klasikoetako bat eta, nire uste apalean behintzat, hirugarren luzea da Aiztondoko luzerik ederrena. Honegatik bakarrik bide hau eskalatzea merezi du.
Aiztondo eskolako
Aiztondo eskolako "Aiztondo" sektoreko eskalada bideak. Artikulu honetan 9 eta 10 bideen nondik norakoak azaltzen dira. / Smithy

Aiztondoko eskalada eskola berrekipatzearekin hainbat bideetan aldaketak egin ziren. Horien artean, "Esto si es Chamonix" bidean aukerako laugarren luze bat ekipatu zen, 6a zailtasunekoa. "Esto si es Chamonix" bidearen azken luze berria eskalatzearekin batera, Aiztondo sektoreko hainbat luzeetako bideak eskalatzearen proiektuari amaiera eman nion.

Artikulu honetan azken bide honen berri emango dizuet.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 115 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Ez dut datu hau topatu.
- Zailtasuna: 6a (azken luze berritik eskalatzen badugu). Luzez-luze: 1ºL: V+ (30 m), 2ºL: V (25 m), 3ºL: V+ (30 m), 4ªL: 6a (30 m).
- Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Uharte Arakil herrian.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 10-15 minutu.
- Jaitsiera: "Iñaki Goñi" bidetik rappelatuz edo hormaren gainetik mugarriez adierazita ekialdera doan bidexka jarraituz. Bigarren aukera hau hartuz gero 15-20 minutu inguruan San Miguel-era doan errepidera iritsiko gara. Oinezko bide hau bustia egonez gero kontu handiz jaitsi beharko dugu, leku pare batean eskuak erabili behar dira eta.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka (bidea rappelatzen badugu eskertuko dugu bi rappeletan hormaren oinean izango gara eta), luzera ezberdinetako 12 express-zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko, batez ere azken luzean, azpiko bilgunearen bistatik kanpo gelditzen den bakarra baita.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete eta hogei minutu.

DESKRIBAPENA

"Esto si es Chamonix" "Iñaki Goñi" eta "Alde Hemendik" bideen artean hasten da. Erosoena "Alde Hemendik" bidearen kimikoak topatzea da, hormaren alde horretan kimikoak dituen bide bakarra baita. "Esto si es Chamonix" bidearen lehen luzea kimiko lerroaren ezkerreko parabolt lerroa da.

- Lehenengo luzea, 30 metro, V+. Luzea harkaitz-plaka inklinatu eta trinkoa eskalatuz hasten da (IV+). Hirugarren paraboltetik gora harkaitz-plaka tentetuz doa. Parabolten artean zuzen eskalatu beharrean plakaren eskuinera pasatu eta honen ertza aprobetxatuz errazago eskalatuko dugu (V), pixkanaka parabolteetara itzuli eta erlaitz txiki batera iritsiz. Erlaitz txikitik gora arrail bertikala duen horma bertikala eskalatuko dugu, azpitik dirudiena baino errazagoa dena (V+). Arrailak goiko zatian ezkerrera okertzen da ia etzateraino iritsiz. Azken metro bertikal batzuk eskalatu ondoren (V+), goiko erlaitz handi eta erosoan dagoen bilgunera iritsiko gara.

- Bigarren luzea, 25 metro, V. Helduleku oneko horma inklinatua eskalatuz, bilgunearen gaineko harkaitz-plakak osatzen duen sabaira zuzenduko gara (IV+). Sabaia eskuinetik saihestu eta, eskuin ezker diagonalean doan tximini inklinatu itsurakoaren laguntzaz metroak irabaziko ditugu (V) gaineko harkaitz-plaka bertikalarekin topo egin arte. Harkaitz-plaka bertikalaren lehen paraboltetik expresss-zinta pasatu eta ezkerrera metro pare bateko zeharkaldi horizontala egingo dugu (V), harkaitz-plaka ezkerretik eskalatu eta honen gaineko bilgunera iritsiz (V).

- Hirugarren luzea, 30 metro, V+. Nire ustez Aiztondo osoko luzerik eder eta ikusgarriena da inongo zalantzarik gabe. Lehenengo paraboltera iristeko bilgunetik eskuinera diagonalean zeharkalditxo bat egin beharko dugu. Hemendik aurrera hormaren oinetik nabarmena ez den baina eskuin ezker diagonalean erdibitzen duen hodi itsurako tximinia bere osotasunean eskalatuko dugu (V), bi oinak sartzen diren zulo batera iritsiz. Zulotik gora arrail bertikal bat bavariar teknikarekin eskalatu (V) eta tximinia eskalatzen jarraituko dugu erlaitz belartsu batera iritsiz (V). Erlaitz belartsu honen ondoren dator luzearen pasabiderik zailena, helduleku txikiko hormatxo tente bat (V+). Hormatxoa eskalatuta, putreen gorotz zuriz betetako zuloaren ondoko bilgunera iritsiko gara (V).

- Laugarren luzea, 30 metro, 6a. Laugarren luzea zuloaren eskuineko horman gora doa. Hormaren lehen metroak bertikalak izan arren helduleku onak ditu. Bigarren paraboltaren gainetik zertxobait eskuinera dagoen erlaitz txiki batera iritsiko gara (V+/6a). Pasabiderik zailena bigarren eta hirugarren parabolten artean dago, ezkerrera oinetan fidatuz zeharkaldi motza egin behar baita (V+/6a). Pasabide hau A0 moduan erraz gainditu daiteke. Pasabidearen ondoren, soka bat jarrita duen harkaitz-zubi batetik gora hormak bertikaltasuna galduz doa, helduleku ederrak aprobetxatuz, sabai txiki batera iristeko (V). Sabai txikia eskalatuta, honen gaineko harkaitz-plaka etzanera igoko gara. Harkaitz-plaka honetako heldulekuak handiak ez diren arren, itsasgarritasunezko pasabide errazak ditu (IV+). Harkaitz-plaka honen amaieran, zertxobait eskuinera jo eta arrail nabarmen bat eskalatuz (IV) "Iñaki Goñi" bidearekin partekatzen den bilgunera iritsiko gara.

Informazio, krokis eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather