BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Ziordia, Arbara ekialdea: "Sopa de Perejil" bidea, 220 m, 6b+

Haize freskoa iritsi da Ziordiako Arbarako ekialdera. Erdi ekipatutako bideak eta zailtasunaren bila ibiliz gero hiru eskalada bide interesgarri ireki ziren 2019 urtean zehar. Horietako zailena ezagutu nahi?
Ziordiako Arbara ekialdeko hainbat bide,
Ziordiako Arbara ekialdeko hainbat bide, "Sopa de Perejil" bidea laugarrena da, gorriz margotuta dagoena. / Smithy

Ziordiako Arbara ekialdeko horman eskaladako bide gehiago irekitzea ezinezkoa zela uste genuenean, 2019an Club Vasco de Camping Elkarteko Rafa Elorza eta Sergio Martinek rappel-lerro bat muntatu eta erdi-ekipatutako hiru bide berri ireki zituzten: "Pop Circus" (200 m, 6a+/6a/A0), "Sopa de perejil" (220 m, 6b+/6a/A0) eta "Aranbeltz" (175 m, 6a/V/A0). Lehenengo bi bideak, zailtasun mailari dagokionez, horma berean Antxon Gorrotxategik irekitako bideak baino gogorragoak dira. Bide guztietako pasabide gogorretan paraboltak jarrita badaude ere, 6a zailtasunetik beherako pasabideak garbiak topatuko ditugu, beraz, bide hauek guztiak eskalatu ahal izateko auto-babeserako materiala eraman beharko dugu.

Kronika honetan hiru bideetatik teknikoki zailena dena ezagutzeko aukera izango duzue, "Sopa de Perejil". Bide eder bezain gogorra da, hainbat lekuetan burua hotz eta besaurreak indartsu izatea eskatuko diguna. 6b+ zailtasuneko luzea eskalatu nahi ez bada, hirugarren luze "ofizialetik" ezkerrera horizontalean 4-5 metroetako zeharkaldia eginez "Rock Circus" bidearekin bat egiteko aukera izango dugu.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 220 metro.
- Luze kopurua: 5 edo 6.
- Nork irekia: Rafa Elorza eta Sergio Martinek, 2019an.
- Zailtasuna: 6b+ (6a/A0). Luzez-luze: 1ºL: 6b, V/A0 (50 m), 2ºL: 6b, V+/A0 (52 m), 3ºL: 6a, V/A0 (56 m), 4ºL: II/III (35 m) eta 5ºL: 6b+, 6a/A0 (30 m), 5ºL: III (50 m). Guk bigarren luzea bitan banatu genuen (horretarako harkaitz-zubi pare batetik muntatutako bilgunea dago): 25 metro eta 6b, V+/A0 luze bat eta 27 metro eta 5b zailtasuneko beste bat eginez.
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ziordia herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 15-20 minutu.
- Jaitsiera: 2019tik horma rappelatu daiteke. Rappelen inguruko informazioa hemen irakurri dezakezue. Rappelik egin nahi ez bada, bidea amaitzen den lekutik ekialdera doa jaitsiera, puntu gorri eta mugarriz adierazitako bidea jarraituz. Ziordiako harrobia erditik zeharkatzen denez, bigarren aukera hau harrobia itxita dagoenean bakarrik jarraitzea komeni da, hau da, jaiegunetan, bertako langileei lanean lasai utzi eta egiten diren leherketek duten arriskuagatik. Bidea amaitzen den lekutik kotxera 45 minutu inguru pasako ditugu lasai ibiliz gero.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 14 express zinta, zintak bilguneetarako eta harkaitz-zubietatik pasatzeko (harkaitz-zubi gehienak soka edota kordinoekin babestuak daude, pentsatzen dut denborak aurrera egin ahala material gehiago eraman beharko dela). Artaka-trabagailu jokoa, Alien semaforoa, Limcam jokoa eta 0,5, 0,75 eta 1 zenbakiko Camalot-ak. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko, luzeak luzeak direlako.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru ordu eta laurden.

DESKRIBAPENA

- Lehenego luzea, 50 metro, 6b V/A0. Bidea ur-tantadun harkaitz-plaka tente bat eskalatuz hasten da (V). Horma eskuin-ezker diagonalean zeharkatzen duen arrail zabal eskalatzen jarraituko dugu (V), arrailaren amaieran (V) luzeko pasabiderik zailena babesten duen paraboltera iritsiz. Pasabidea, eskuinean dagoen arrail bertikal batera iristeko egin behar den metro pare bateko zeharkaldi horizontala da, 6b, (V/A0) zailtasunekoa. Pasabide hau atzean utzi eta arrail bertikala eskalatu ondoren (V) zuhaixka nabarmen batera iritsiko gara. Bertatik, eskuinaldeko noranzkoan plaka txiki ezberdin batzuk eskalatuz, harkaitz bloke handi bat ezkerretik eskalatuko dugu, honen gainera igoz (IV+). Ezkerrera diagonalean eskalatzen jarraituko dugu parabolt batera zuzenduz. Parabolta atzean utzi ondoren (V) zuzen eskalatzen jarraituko dugu, azken harkaitz-plaka tente bat eskalatu (IV+) eta hormatik ateraz. Bertatik, oinez, parean dugun horma bertikalaren eskuinera zuzenduko gara, lehen bilgunera iritsiz.

-Bigarren luzea, 25 metro, 6b (V+/A0). Bilgunetik zuzen harkaitz-plaka tentea eskalatzen hasi eta makurtzen den hormaren azpiko bi zulo nabarmenera zuzenduko gara. Bigarren zuloan zertxobait ezkerrera bota eta, ur-tantadun harkaitz-plaka eta zutabe itsurako harkaitz formazio baten laguntzarekin, 6b pasabidea babesten duen azpiko paraboltera iritsiko gara. Bi zulo ederretatik tira eginez, pasabidea eskalatuko dugu (6b, V+/A0) erlaitz batera iritsiz. Erlaitzaren gainetik ezkerrera jarraituko dugu pixkanaka tentetuz doan arrail etzan bat amaiera arte eskalatuz (III, IV eta gero IV+). Zeharkaldi honetan komeni da asegururen bat jartzea atzetik datorrena 6b pasabidean eroriz gero pendulurik ez egiteko. Arrailaren amaieran, luzearen bigarren pasabide gogorra 6b (6a/A0) duen horma bertikal batekin topo egingo dugu. Pasabidea eskalatuta, babesten duen bigarren paraboltetik bilgunera iristeko, 3 metro inguruko plakan estutu beharko dugu.

- Hirugarren luzea, 27 metro, V. Bilgunetik zuzen eskalatzen hasi eta zertxobait eskuinera joko dugu gainean dagoen ezproiaren erdira zuzenduz. Ezproia nahiz eta bertikala izan helduleku ederrak ditu (V). Metro bertikal hauen ondoren ezproia etzaten da eta, harkaitz-plakatxo ezberdinen eskalada konbinatuz (III), inongo zailtasunik gabe bilgunera iritsiko gara.

- Laugarren luzea, 56 metro, 6a (V/A0). Luze hau itzela da. Bilgunetik gora doan ezproi etzana eskalatzen jarraituko dugu pareko hormaren oinera iritsiz (IV). Hormaren eskuinean bi paraboltez babestutako ur-tantadun plaka bertikal, ilun eta nabarmenera zuzendu beharko dugu. Ezkerrerako joerarekin, hormaren arrail eta harlauz ezberdinak eskalatzen jarraituko dugu, ur tantadun harkaitz-plaka babesten duen lehen paraboltera iritsiz (IV+).

Bi parabolten arteko ur-tantadun plakaren ezkerretik eskalatzen jarraituko dugu (6a/V+ A0). Ur tantadun plaka atzean utzi ondoren, honen ezkerrean dagoen erlaitzera iritsiko gara, zuhaixka nabarmen bat duena. Erlaitzetik zuzen eskalatzen jarraituko dugu, helduleku oso onak dituen arrail bertikal eta nabarmena amaiera arte eskalatuz (V). Arraila eskalatu ondoren bilgunera iritsiko gara.

- Bosgarren luzea, 35 metro, II/III . Bilgunetik eskuinera diagonalean eskalatzen hasiko gara harkaitz-zubi batetik pasatako kordel batera zuzenduz (III). Ezproiaren bestaldera pasa eta, erdi oinez, zuhaitz bat ezkerretik inguratuko dugu (II) hormatxo batekin topo egin arte. Hormatxoak zailtasun handirik ez dauka eta bi harkaitz-zubietatik pasatako kordelekin babestuta dago. Hormatxoaren eskalatuta, honen ezkerrean harkaitz-zubi batetik pasatako zinta bat eta parabolt batez osatutako bilgunera iritsiko gara.

- Seigarren luzea, 30 metro, 6b+(6a/A0). Bilgunetik gora, parean dugun hormara zuzentzen den ezproi inklinatua eskalatzen hasiko gara (IV). Harkaitza hauskor izatearen itsura duen arren, azpitik dirudiena baino trinkoagoa da. Ezproia, erditik gora zertxobait tentetzen da (IV+), harkaitz-zubi batetik pasatako mailloidun kordel batekin topo egin arte. Hemendik gora ezproia tentetzen da (V) eta ezkerrera zeharkaldi diagonal motz eta fina egin beharko dugu 6b+ pasabidearen azpiko paraboltera iritsiz.

Paraboltaren ezkerretik jarraitu eta ezker-eskuin doan arrail alderantzikatura zuzenduko gara. Bavariar teknika erabiliz, arraila eskalatuko dugu, honen gaineko erlaitz txikira igotzeko (6b+, 6a/A0). Erlaitzetik gora 6a zailtasuneko horma bertikala eskalatuko dugu, parabolt bakarrez aseguratua dagoena. Erlaitzetik gora 6a zailtasuneko horma bertikala eskalatuko dugu, parabolt bakarrez aseguratua dagoena. Pasabideik gora, horma inklinatzen da eta heldulekuak ugarituz doaz. Zertxobait ezkerrerako joerarekin eskalatuz bi paraboltez osatutako azken bilgunera iritsiko gara (IV+).

Bide honen inguruko krokis zehatza, argazki eta informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather