BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

mendia

Everest 1980: 40 urte herri bat munduaren gailurrera iritsi zenetik

Gaur 40 urte betetzen dira euskaldun bat Everesteko gailurrera iritsi zenetik. Eta igoera honek 1969 urtean Gasteizko Dato kalean sortu zen ametsa gauzatu zuen.
1980ko
1980ko "Euskal Espedizioa Everestera" espedizioko kideak /

Gaur 40 urte betetzen dira euskaldun bat Everesteko gailurrera iritsi zenetik. Everesteko gailurrera iristea "gutxietsi" dela dirudien garaian, egungo ikuspegitik, 1980ko igoeran izandako zailtasunak eta igoerak suposatu zuen garrantzia bere neurrian jartzea zaila da. Izan ere, garai hartako filosofia eta materiala, gaur egungoarekin alderatuz, zeharo ezberdinak ziren. Ideia bat egiteko, Edmund Hillary eta Tenzing Norgay 1953 urtean lehen aldiz igo zutenetik, Everest mendia oxigenorik gabe (eta estilo alpinoan gainera) 1978an Reinhold Messner eta Peter Habelerrek lehen aldiz igo zuten, ordura arte ezinezkoa zirudiena erdietsiz. Messner bera izango zen 1980an Everest bakarrik (eta oxigenorik gabe, noski) igoko zuen lehen alpinista.

"Euskal Espedizioa Everestera" espedizioko kideek martxoaren amaieran oinarrizko kanpamendua muntatu zuten. Hemendik aurrera elurte eta haize indartsuekin borrokatu behar izan zuten goiko kanpamenduak pixkanaka muntatzen joateko. Hilabeteko lan gogorraren ondoren, apirilaren amaieran bidea soka finkoez babestuta eta kanpamendu guztiak muntatuta gelditu zirenean, eguraldi onaren zain gelditu ziren.

Bi gailur saiakeren ondoren, maiatzaren 14ko arratsaldeko 15:30ean:

"- GOR...

- 2. kanpoa, 2. kanpoa, zer izan da hori?

- - Hi, Martin, Martin, non zaudete?

- - Azkenian ailatu gara!

- - GORA EUSKADI ASKATUTA!

- - GORA EUSKADI ANTINUKLEARRA!"

Martin Zabaleta eta Pasang Temba Everesteko gailurrean zeuden. 45 minutu gailurrean egon ondoren beherako bidea hartu zuten. Baina, mendiaren legea, Everestek izango zuen azken hitza eta, eguraldia okerrera egitearekin batera, biak oxigenorik gabe gelditu ziren, 8.760 metroetara zulo batean bibak bat egitera behartuz.

Beraien bizitzako gaurik luzeenaren ondoren, deshidratazioa eta oxigeno faltak ahul utzi zituen. Eguzkiak bazterrak berotzen hastearekin batera, kostata, martxan jarri eta, laguntzera igotako bi xerpen laguntzarekin, bezperan prest utzitako bosgarren kanpamendura (8.450 metro) iristea lortu zuten. Bertan zerbait jan, edan eta oxigeno bonbonak hartu ondoren, gorputzean zituzten azken indarrekin, eguna amaitzear Hego Lepoko laugarren kanpamendura (8.000 metro inguru) iritsiko ziren.

Hego Lepoko kanpamenduan zain zeuden lagunen zorion eta beroa jaso zuten, baita janari, edari eta oxigenoa ere. Bertan lo egin eta indarrak nolabait berreskuratu ondoren, hurrengo egunean denek beherako bidea hartu zuten, oinarrizko kanpamendura iritsi eta espedizioari amaiera emanez.

Zalantzazko egunak izan ziren, non herri oso bat kezkatuta egon zen beren etxeetako berotasunetik milaka kilometrotara bizitza jokoan jartzen ari ziren zoro koadrila batez. Eta zoro koadrila honek euskal mendizaletasuna gorenean jartzea lortu zuten, atzetik etorriko zirenei ateak irekiz.

Istorio zirraragarri honen inguruko argazki eta informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather