BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Ziordia, Arbara ekialdea: "Aranbeltz" bidea, 175 m, 6a, V/A0

Erdi ekipatutako eskalada bideen munduan hasi berriak direnentzat "Aranbeltz" bide interesgarria izan daiteke.
"Aranbeltz" bidearen kokalekua eta nondik norakoak / Smithy

Rafa eta Sergiok 2019ko otsailaren 16an "Pop Circus" (200 metro, 6a+, 6a/A0) bidea ireki zutenetik, Ziordiako Arbara ekialdean "Sopa de Perejil" (220 metro, 6b+, 6a/A0), "Begipean" (200 metro, 6a) eta "Aranbeltz" (175 m 6a, V/A0) bideak ireki eta 1972 urteko "Iradierti" (45 m, 6a+) bidea berreskuratu dute. Lan luzea, lan gogorra eta lan itzela horma honetan egin dutena, besteok gozatu ahal izateko. Beraiek bakarrik dakite soketatik zintzilik horma honetan pasatako orduak. Besteok lan mardul honengatik eskerrak ematea besterik ez dugu. Milesker eta zorionak bihotzez!!!!

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 175 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Rafa Elorza eta Sergio Martinek, 2019ko azaroren 27an.
- Zailtasuna: 6a (V/A0). Luzez-luze: 1ºL: 6a, V/A0 (40 m), 2ºL: III (40 m), 3ºL: V (25 m), 4ºL: IV (35 m) eta 5ºL: IV (35 m). Bidea arazorik gabe jarraitzeko hainbat harkaitz-zubietan kordelak jarrita daude.
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ziordiako iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 15-20 minutu.
- Jaitsiera: 2019tik horma rappelatu daiteke. Rappelen inguruko informazioa hemen irakurri dezakezue. Rappelik egin nahi ez bada, bidea amaitzen den lekutik ekialdera doa jaitsiera, puntu gorri eta mugarriz adierazitako bidea jarraituz. Ziordiako harrobia erditik zeharkatzen denez, bigarren aukera hau harrobia itxita dagoenean bakarrik jarraitzea komeni da, hau da, jaiegunetan, bertako langileei lanean lasai utzi eta egiten diren leherketek duten arriskuagatik. Bidea amaitzen den lekutik kotxera 45 minutu inguru pasako ditugu lasai ibiliz gero.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 10 express-zinta, zinta uztailak bilguneetarako eta harkaitz-zubietatik pasatzeko, artaka-trabagailu jokoa, Alien semaforoa eta Limcam jokoa. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta berrogei minutu.

DESKRIBAPENA

- Lehenengo luzea, 40 metro, 6a, V/A0. Harkaitz-plaka tente bat eskalatuz hasiko gara kordel gorri bat jarritako zulo batean zutik jarri arte (V). Hemendik gora luzeko pasabide gogorrena eskalatuko dugu, ezker eskuin horizontalean egin beharreko zeharkaldi motza (6a). Zeharkaldia parabolt batez babestua dago eta A0 moduan eskalatuz gero V zailtasunaren baitan gelditzen da.

Luzeko pasabiderik zailena atzean utzita, hormaren eskuin ertzetik eskalatuz jarraituko dugu (IV+) harri txiki eta belarrez estalitako tarte bat zeharkatu eta arrail nabarmen bat goitik behera erdibitzen duen horma bertikalarekin topo egin arte.

Horma bertikala izan arren arrailaren barruko heldulekuak onak dira (V). Arraila eta horma eskalatuta zailtasunak amaitu eta, eskuineko joerarekin, hormatxo ezberdinak eskalatzen jarraituko dugu (II/III), tarteka harkaitz-zubi ezberdinetan bidea ez galtzeko jarritako kordeletatik aseguratuz. 40 metro inguru eskalatu ondoren, belarrezko kanaltxo baten ondoan kordel gorri eta luze batean bilgunea muntatuko dugu. Komeni da bilgunea friend batekin sendotzea.

- Bigarren luzea, 40 metro, III. Bilgunetik zertxobait eskuineko joerarekin eskalatzen hasi eta, harkaitza ahalik eta gehien zapalduz, gaineko bi zuhaitz nabarmenen artetik pasako gara pareko horma bertikalera zuzenduz (II/II+). Hormaren lehen metro bertikal eta trinkoak eskalatu (III, helduleku oso onak), eta, inklinazioa pixka bat galtzearekin batera, zertxobait ezkerrerako joerarekin eskalatzen jarraituko dugu (II/III) pareko horma tentearen oinean kordel urdin batez muntatutako bilgunera iritsiz.

- Hirugarren luzea, 25 metro, V. Bilgunetik atera eta zertxobait eskuinean kokatutako tximinia motz eta irekira zuzenduko gara (III). Tximini ireki hau eskalatzen hasi (IV/IV+) eta, bidea mozten digun sabaiaren azpira iritsitakoan, honen azpitik eskuin-ezkerreko noranzkoan doan arrail nabaria amaiera arte jarraituko dugu (V, friend-ak trabatzeko aukera handia), sabaia ezkerretik saihestuz. Behin sabaiaren gainean, zailtasuna jaitsi eta pareko hormaren oinean bi kordel urdinez muntatutako bilgunera iritsiko gara (II/II+).

- Laugarren luzea, 35 metro, IV. Gaineko harkaitz-plaka tentearen ezkerrera zuzendu (II) eta metro batzuetan ezker ertzetik eskalatu ondoren (III+), helduleku eder batzuk jarraitu plakara pasatu eta igo egingo dugu. Lehen harkaitz-plaka hau atzean utzita gainetik dugun horma tentea zuzen eskalatuko dugu goian ikusten den puntara zuzenduz. Horman heldulekuak, harkaitz-zubiak eta arrailak ugariak dira seguruak jartzeko, III/III+ zailtasunean murgilduz. Puntaren oinean eta zertxobait eskuinean erlaitz zabal bat dago. Bertara iristean dago luzearen zailtasunik handiena (IV), baina heldulekuak onak dira. Bilgunea erlaitzaren eskuinean iltze batez osatua dagoen arren, friend batekin sendotu daiteke. Kontuz erlaitzean harri solteak daude eta.

- Bosgarren luzea, 35 metro, IV. Puntaren eskuinetik gora doan harkaitz eta belarrez osatutako kanala eskalatuko dugu (II/II+) pareko hormarekin topo egin arte. Horma, erdian gutxi gora duen helduleku oneko arrail itsurakoa eskalatuz eskalatuko dugu (IV) mendiaren ertzera ateraz. Bilgunea gainean dagoen harkaitz handietako batetik zinta pasatuz muntatuko dugu. 2020 hasieran Rafa eta Sergiok 6a (V+/A0) zailtasunaren baitan dagoen luze zuzena ekipatu zuten, azken luzeko kanala ekidin asmoz.

Informazio, krokis eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather