BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Irauleko orratza: 20-25 m, 6a+/6b, V+/A0. Oparia une errepikaezina lekurik magikoenean bizitzea denean

Ametsak amets geratzen diren bitartean horixe dira: ametsak besterik ez. Igoera hau amets bat betetzearen istorioa besterik ez da...
Irauleko orratzaren gailurrean
Irauleko orratzaren gailurrean / Jon Garate

Barrenen astinduak osatzen duen zurrunbilo emozionala hitzetan jartzea kosta egiten zait. Udaren lehen egunean burututako eskalada honekin horixe bera gertatu zitzaidan. Izan ere Irauleko orratzaren puntara iristea amets eskuraezintzat nuen.

Eskalada hau bi egunetako "muntaia" izan zen, Jon Garate, Miren Zubeldia eta Joseba Elustondok milimetroki kalkulatu eta prestatutako muntaia. Eta muntaia honetan parte hartu ahal izateko gonbitea jasotzea ohore handia izan zen, izan ere beraiek ongi dakite Aizkorriri diogun maitasuna zenbatekoa den. Beti eskertuko diet Jon, Joseba eta Mireni momentu hura bizitzeko aukera eta oparia emateagatik. Eta nola ez, Asier eta Lekuri ere momentu eta opari hura beraiekin partekatzen uzteagatik.

Beharbada inork espero ez zuena zen egun eskas batzuen ondoren eskalada honek izango zuen oihartzun mediatikoa. Sare sozial eta whatsapp ezberdinetan orratzaren argazkiak zabaltzeaz gain, Euskadi Irratiak eta Euskal Telebistak, azkeneko honek albistegietan, eskalada honi tarte bat eskaini zioten. Egungo gizartean, interneten partekatzen duguna zein nolako oihartzuna izan dezaken jakitea zaila izaten da. Ez dut uste eskalada honek izango zuen oihartzunaz jabe ginenik, baina zur eta lur utzi nauela onartu beharra daukat

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 20-25 metro.
- Luze kopurua: 1.
- Nork irekia: 1955ko apirilaren 8an C.D. Eibar elkarteko J. San Martin, I. Larreategui eta P. Aguirregomezcortak "tirolina" moduan. Urte bereko maiatzaren 22an, C.D. Amaikak-Bat elkarteko F. Lusarreta eta C. Domecq-ek orratzaren lehen eskalada burutuko zuten. Lehen emakumezkoa: Miren Zubeldia, 2020ko maiatzaren 31an?
- Zailtasuna: 6a+/6b (V+/A0). Orratzean iltze zahar batzuk topatuko ditugu. Orratzaren gailurraren inguruan altzairuzko zirga bat jarrita dago bilgunea segurtasunez muntatu ahal izateko. Goikaldeko gandorrera irten arteko harkaitzaren kalitatea nahiko txarra da eta heldulekuak apurtzea benetako aukera da.
- Orientazioa: Orratza ekialdean badago ere, honen ipar hormatik eskalatzen da.
- Ura: Ura Urbiako (hurbilketa Arantzazutik egiten badugu) edo Itzubiagako iturrian (hurbilketa Zegamatik egiten badugu) hartu daiteke.
- Hurbilketa: Elurrik gabe orratzaren oinera iristeko modurik seguruena Irauleko "orratzaren irteera zuzena" rappelatzea da. 40 metro inguruko rappel bakarrean orratzaren oinean kokatuko gara. Negu giroan orratzaren oinera iristen den edozein bide jarraituz zailtasun handirik gabe bere oinera iritsiko gara.
- Jaitsiera: Rappel eginez orratzaren oinera, eta "Irauleko orratzeko irteera"-tik igotzea da azkar eta seguruena. Elurrik gabe, irteera honetako kanal mehartuan kontu ibili beharko dugu, harri askez estalia dago eta.
- Eramandako materiala: Totem jokua (laranja ez da beharrezkoa) eta 12 express-zinta (batzuk luzeak).

DESKRIBAPENA

Orratzaren oinean muntatutako bilgune zahar bat dago, gomendagarria izan daiteke bilgune hau indartzea.
Lehen metroak dira beharbada eskaladaren metrorik "zikinenak", sendoak ez diruditen belarrez estalitako harkaitzen gainetik eskalatu behar baita, goian ikusten den arrailera zuzenduz (V). Metro belartsu hauen ondoren ezkerraldera joko dugu eta metro pare bat eskalatu ondoren pixkanaka berriro ere eskuin aldera itzuliko gara arrailaren hasierara iritsiz (V+). Arraila lehen 2-3 metroetan bertikala da, horma eskuinetik ezkerrera zeharkatzen duen lekura arte. Hemendik aurrera hasten dira luzearen zailtasunak. Hasieran horma bertikala bada ere, arrailean zehar metroak irabazten diren heinean makurtzen da, zailtasun maila ere koska bat igoz (6a+/6b). Arrailaren amaieran ezker eskua ezker gandorretik gertu ezkutuan gelditzen den helduleku batera bota eta bertatik tira eginez orratzaren gandorrera igoko gara.

Zailtasun handienak amaituta, gandorrean metro batzuk eskalatuko ditugu (IV), honen mendebaleko aurpegira pasa eta azken metro errazen ondoren (III+) orratzaren gailurrera iritsiko gara.

Abentura honen inguruko informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather