BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Egino, "El Queso" monolitoa : Hego ezproia, "Eneko Alonso" bariantetik, 120 m, 6a+

Wolfgang Gullich eskalatzaile handiak eskalatzeko muskulurik garrantzitsuena garuna zela esaten zuen. Bide honek arrazoia ematen dio inongo zalantzarik gabe, indarra baino buru hotza, oinetan konfidantza osoa eta oreka mantendu beharko dugulako.
Bidearen nondik norakoak
Bidearen nondik norakoak / Smithy

"El Queso", Eginon dagoen monolito nabarmen eta ikusgarria da, "Hasiberriak" eta "Matices" bideen artean dagoena. Harrigarria badirudi ere, monolito ikusgarri honetan eskalada-bide bakarra dago irekita, kronika honetan azaldutakoa, hain zuzen ere. Besoetan indarra izatea eskatuko digun pasaguneren bat badu ere, pasagunerik zailenek ez digute indarrik eskatuko, buru hotza izatea baizik. Buru hotza oinetan konfidantza osoa jarri eta oinen azpian irekitzen den amildegiaren gainean oreka mantentzeko. Eskalatzaileek esaten duten moduan, bide honetako eskalada "sikologikoa" da.

OHARRA: Apirilak 1 eta abuztuak 31 artean "Usoa" eta "Aztorea" monolitoen arteko bidetik babestutako espezien habiagintzagatik ibiltzea (baita monolito hauetako eskalada ere) debekatuta dago.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 120 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Hego ezproia, Jose Luis Jimenez eta Vicente Peralesek, 1982ko martxoaren 27an, "El Quesoko hego Ezproi" bezala izendatuz. 2011ko irailan, Josema eta Iban Berrocoso anaiek lehen luzeari bariante bat ireki eta bide osoa garbitu eta berrekipatu zuten "Eneko Alonso" izena emanez.
- Zailtasuna: 6a+. Luzez-luze: 1ºL: 6a+ (30 m), 2ºL: 6a+ (30 m), 3ºL: IV+ (35 m) eta 4ºL: IV (25 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ziordiako edo La Lezeko iturrian hartu daiteke, kotxea uzten den lekuaren arabera.
- Hurbilketa: Eginotik hurbiltzen bagara: herritik irtengo gara "Matices" bidera zuzenduz. "Matices" bidea hasten den monolitoa ezkerrean utzi ondoren metro batzuetan jarraitu eta hartxingadian gora oso nabaria ez den bidexka bat jarraituko dugu "El Queso" monolitora zuzenduz. Monolitoaren oinean, bidea hasten den lekuan metalezko plaka handi bat jarrita dago. Eginotik, ordu erdi pasatxo lasai joanda. La Lezetik hurbiltzen bagara: monolitoetara doan bidea hartuko dugu, bai eta monolito guztiak zeharkatu ere. Zazpigarren monolitoa atzean utzi ondoren, gure eskuinean "Hasiberriak" bidearen lehen luzeann eskalatzen den monolitoa utzi eta "El queso" monolitora iritsiko gara. La Lezetik, 40-45 minutu inguru pasako dugu.
- Jaitsiera: Urtean zehar, bidearen amaieratik eskuinera bota bota eta "Matices" bidearen jaitsiera bera jarraituko dugu. Beste aukera bat da mendiaren gainera igo eta "Usoa" eta "Aztorea" arteko bidea jarraituz. Apirilak 1 eta abuztuak 31 artean Usoa eta Aztorea monolitoen arteko bidetik jaistea debekatuta dagoenez, erosoena La Lezen hasi eta amaitzea da.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 12 express zinta, Alien, Totem eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta laurden.

DESKRIBAPENA

- Lehen luzea, 30 metro, 6a+. Metalezko plakatik gora doan ezproiaren erditik zuzen eskalatzen hasiko gara, 8 metro ingurura dagoen paraboltera zuzenduz (III+). Lehenengo paraboltetik ezproiaren ezker aldera pasatu eta zertxobait estutuz, luzearen bigarren paraboltera iritsiko gara (V+).

Bigarren paraboltetik ezproiaren ezker ertzera pasatu, zuzen eskalatzen hasi eta berehala zertxobait eskuinera joko dugu, arrail bertikal batean eskuin eskurako dagoen helduleku on baten bila. Mugimendu hau da lehen luzeari zailtasuna ematen diona (6a+), baina A0 moduan V+ inguruan egongo da. Ezproira berriro ere igo eta zuzen eskalatzen jarraituko dugu, harkaitz-zubi zahar batera iritsi arte (V+). Bertatik ezproiaren eskuinera zeharkalditxo horizontala egingo dugu, bigarren harkaitz-zubi batera iritsiz. Hemendik ezproia zuzen eskalatu (IV+) eta, honen gainean dagoen zuhaitzaren eskuinera igoko gara.

Zuhaitzaren atzean eta zertxobait eskuinean diedro irekiaren itxura duen hormatxoa dago, harkaitz ona ez duen itxura duena. Diedroa eskalatuta (IV+), harkaitz txarreko itxura duen harkaitz-plaka ezker joerarekin eskalatuz bilgune erosora iritsiko gara (IV). Bilgunea, uztaidun parabolt eta harkaitz-zubi bat aprobetxatuz muntatuko dugu, bakoitzetik zinta-uztai luze bana pasatuz.

- Bigarren luzea, 35 metro, 6a+. Bigarren luzearen lehen metroek diedro/tximini inklinatu bat jarraitzen dute zuhaixka batera iritsi arte (V+).

Zuhaitzera iritsitakoan, honen ezkerrean ezker eskuarentzat dagoen helduleku handiari heldu eta ezker noranzkoan doan zeharkaldiarekin hasiko gara, eskuetako helduleku txikietan baino oinetako helduleku txikietan fede gehiago jarriz, erdi-ezkutatua dagoen iltze salbatzaile batera itisi arte (6a+). Pasagune hau fina da, oso psikologikoa, burua oso hotz izatea eskatzen duena.

Iltzetik ezkerrera eskalatzen jarraituko dugu (6a), pitzadura txiki, nabarmen eta horizontal batekin topo egin zuen arte, bilgunea muntatzen den zuhaitzaren bertikaletik zertxobait ezkerrera. Hemendik gora, heldulekuetan pixkanaka aberastuz doan harkaitz-plaka bertikala zuzen eskalatuko dugu, bilgunea muntatzen den zuhaitzera iritsiz (V+).

- Hirugarren luzea, 40 metro, IV+. Bilgunearen atzetik dagoen zuhaitza eskuinean utziz, bertikalak ez diren harkaitz-plaka tente batzuk eskalatuko ditugu (IV+). Harkaitz-plaka tenteak eskalatu ondoren, zertxobait ezkerrera bota eta goian ikusten den tximiniara zuzenduko gara. Tximinian sartu gabe, bere ezkerreko hormaren ertzetik eskalatzen jarraituko dugu zuhaixka bat eskuinean utziz (IV).

Zailtasunak amaitu eta ezkerrerako joerarekin eskalatzen jarraituz, uztaidun parabolta eta harkaitz-zubiaz muntatutako bilgunera iritsiko gara (III).

- Laugarren luzea, 20 metro, IV. Bilgunetik zuzen eskalatzen hasiko gara gaineko harkaitz-plakaren eskuineko ahuldade eta heldulekuak jarraituz (IV).

Hemendik gora harkaitz-plaka zertxobait etzaten bada ere, zailtasunari dagokionez III+/IV inguruan mantentzen da. Hormak bertikaltasuna galtzen duen puntuan, harkaitz-bloke batetik zinta bat pasatuz bilgunea muntatuko dugu.

Bide honen inguruko informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather