BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Egino, "Doña Eusebia" horma: "Barraskiloen gandorra" irteera originaletik, 190 m, IV+/V

Ohikoak bihurtu diren eskalada-bideetako luzeek bidea ireki zeneko luze originalak ezkutatu eta betirako galtzeko indarra izaten dute. Eta batzuetan, kasu honetan bezala, ezkutatutako altxor hauek ohikoak bihurtu diren luzeak baino ederragoak izaten dira.
"Barraskiloen gandorra"-ren krokisa / Smithy

Eginoko "Barraskiloen gandorra"-ren ohiko azken luzearen eskuinean erdian arrail bat duen diedro nabarmen bat dago. Aspalditik arraroa iruditzen zitzaigun diedro hura hain nabarmena izanda hainbeste eskalatzen den gandor honen azken luzea bertatik ez joatea. Aitzitik, gandor honetako ohiko azken luzeak diedroaren ezkerrean dagoen harkaitz-plaka batean jarritako parabolt lerroa jarraitzen du. Enigma honen erantzuna Vicente Peralesen "Eguino: Paseos en vertical" liburuko (1981 urtekoa) krokis batean topatu genuen. Krokis hau erreferentzi bezala hartzen bada, "arista de los caracoles" gandorraren azken luzea diedrotik doa, ez egun doan lekutik, beraz, pentsatu dezakegu gandorraren irteera originala diedrokoa izan zela.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 190 metro.
- Luze kopurua: 5, 60 metroetako sokekin joaten bada. 50 metroetako sokarekin joan ginenez, 6 luzeetan eskalatu genuen.
- Nork irekia: Ez dut honen inguruko daturik topatu.
- Zailtasuna: IV+/V. Luzez-luze: 1ºL: III (30 m), 2ºL: IV (55 m), 3ºL: III+ (55 m), 4ºL: III+ (25 m) eta 5ºL: IV+/V (25 m). Sokaren luzeraren arabera bilguneen kokalekua aldatu daiteke.
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Egino edo La Lezeko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa eta Jaitsiera: La Lezetik edo Eginotik egin daiteke, baina gandor hau eskalatzeko hurbilketa eta jaitsiera motzena La Lezen hasi eta amaitzen dena da.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Totem eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta erdi pasatxo

DESKRIBAPENA

- Lehenengo luzea, 30 metro, III. Gandorrera igo ahal izateko hormatxo txiki bat eskalatu beharko dugu (II+). Ertzetik metro batzuk eskalatu ondoren, gandorraren lehen ezproiarekin topo egingo dugu. Ezproi honek helduleku oso onak ditu, baita friend-ak trabatzeko arrailak ere. Lehen ezproia eskalatuta (III), gandorraren ertzetik metro batzuetan jarraituko dugu bigarren ezproiarekin topo egin arte. Ezproia zuzen (III) edo eskuinetik saihestu daiteke (II+), bertan dagoen harkaitz-plaka etzana eskalatuz (II+).

Bigarren ezproia eskalatuta, bigarren luzeko harkaitz-plaka inklinatuaren oinera iritsiko gara, lehen bilgunea auto-babeserako materialarekin muntatuz.

- Bigarren luzea, 45 metro inguru, IV. Harkaitz-plaka zuzen eskalatuko dugu (parabolt bat, IV). Harkaitz-plaka inklinatua eskalatuta, ezkerrerako joerarekin eskalatzen jarraituko dugu (III) tartean bi iltze zahar pasatuz. Bilgunea sabai baten azpian muntatzen da, parabolt bat eta aspalditik trabatutako artaka-trabagailu bat aprobetxatuz.

- Hirugarren luzea, 12 metro inguru, IV. Bilgunearen gaineko sabaiaren ezkerrean dagoen diedroa eskalatuko dugu. Diedroa bertikala da eta, lehen metroetan behintzat, zertxobait makurtua dagoela ere esango nuke. Dena den, heldulekuak primerakoak ditu eta, hau gutxi ez bada, makurtzen den pasagunea parabolt batek babesten du. Diedroaren erditik auto-babesa praktikatzeko arrail eder bat doa. Diedro eskalatuta (IV), gandorraren ertzean erlaitz eroso batean dagoen bi paraboltez muntatutako bilgunera iritsiko gara.

Hurrengo bi luzeek gandorraren ertzetik doaz ia denbora osoan eta bide okerrik hartzeko arriskurik ez dago.

- Laugarren bilgunea, 50 metro, III+. Bilgunetik atera eta gandorraren lehen metro inklinatuak eskalatuko ditugu (II+). Erdi oinez pasatzen den tarte horizontal baten ondoren, gandorraren hirugarren ezproia eskalatuko dugu, likenak kolore horixka ematen dion ezproi berezia. Ezproia parabolt batez aseguratua dago eta tentea bada ere helduleku ederrak ditu (III+).

Hirugarren ezproia eskalatuta, bilgunea harkaitz batean jarrita dagoen iltze baten laguntzarekin muntatuko dugu.

- Bosgarren luzea, 25 metro, III+. Bosgarren luzearekin gandorraren berezko eskalada amaitzen da. Bilgunetik atera eta, uztaidun parabolt bat atzean utzi ondoren gandorra tentetzen doa, laugarren ezproira zuzenduz. Ezproi honetako eskalada ere parabolt batez babestua dago. Ezproia eskalatuta (III+), dozena erdi bat metro pasatxo oinez egin ondoren, uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiko gara.

- Seigarren luzea, 25 metro, IV+/V. Bilgunetik gora zuzen eskalatzen hasiko gara belar lerro batek bitan banatzen dituen harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatuz, organo hodi nabarmen pare bat dituen harkaitz-plaka tente baten oinera iritsiz (III). Organo hodiak dituen harkaitz-plakaren eskuinean dagoen zuhaixkara hurbildu eta, honen gainetik, eskuin noranzkoan eskalatuz, harkaitz-plaka eskalatuko dugu (IV), diedroaren oinera iritsiz.

Diedroaren erdiko arrail bertikalaren oinean iltze zahar bat dago. Diedroaren pasagunerik zailena zertxobait makurtua dauden 2-3 metro dira. Baina makurtuak egon arren helduleku oso onak ditu (IV+/V). Pasagune honen gainetik arraila estutzen bada ere, friend-ak oso ondo trabatu daitezke eta oin eta eskuentzat dauden heldulekuak onak dira. Arrailak eskuineko noranzkoa hartzen duen lekuan, bidea amaitzeko bi aukera ditugu: arraila bere osotasunean eskalatzea edo arrailaren ezkerretik bata bestearen gainean dauden harlauz ezberdin batzuk eskalatzea. Bilgunea hormaren gaineko harkaitz-bloke ezberdinak aprobetxatuz muntatuko dugu.

Eskalada honen inguruko informazio eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather