BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Midi D'Ossau, Grand Pic (2.884 m): "Ekialdeko kontrahorma", 500 m, AD/IV

Hau izan daiteke Midi D'Ossauko eskalada-biderik errazena: luzea, ekipatu gabea, krokisa ongi irakurtzea eramango gaituena eta, hau gutxi ez bada, Ravier sinadura duena. Ezagutu nahi duzu?
Midiko
Midiko "ekialdeko kontrahorma"-ren nondik norakoak / Smithy

Midi-ko eskaladako bide batean galtzeari genion beldurra izan zen ekialdeko kontrahorma eskalatzea erabakitzearen arrazoirik nagusiena. Bide honen zailtasun maila eskuragarriak eta historiak ere eragina izan zuten noski, Ravier-etako batek irekitako bide bat eskalatzeko aukera egunero ez delako izaten. Izan ere, ekialdeko kontrahorma P. Daudu, J. Fayet, R. Ollivier eta J. Ravier-ek 1957ko abenduaren 1an eskalatu zuten lehen aldiz.

Eskalada honetarako, gure uste apalean, IV zailtasuneko bi pasagune eta beste guztia III/III+ zailtasun inguruan badago ere, soka eta autobabeserako materiala eramatea gomendatuko genuke. Katu oinak? Guk eraman genituen baina bidea eskalatu ondoren ez dugu uste ezinbestekoak direnik. Hala ere, beti esaten dudan moduan, bakoitzak erabakitzen du zein arrisku maila hartu nahi duen.

Eskalada asko gustatu zitzaigun, mendizalez gainezka egon daitekeen bide normalaren alternatiba elegantea. Sarrera ederra da Midi-ko eskaladaren gelan sartzeko. Bide "erraza", ekipatu gabea eta krokisa ongi irakurtzera eramango gaituena. Eta gainera ezin ahaztu Ravier sinadura duela, jejeje. Gomendagarria ehuneko ehunean!!!

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 500 metro.
- Luze kopurua: 8.
- Nork irekia: P. Daudu, J. Fayet, R. Ollivier eta J. Ravier-ek 1957ko abenduaren 1an.
- Zailtasuna: IV. Luzez-luze: 1ºL: IV (45 m), 2ºL: IV (50 m), 3ºL: III+ (55 m), 4ºL: III (60 m), 5ºL: III (60 m), 6ºL: IV (45 m), 7ºL: III+ (50 m) eta 8ºL: III (45 m). Zenbait luzeetan kontu handiz ibili beharko dugu, harriren bat botaz gero Midi-ra doan ohiko bidera erortzeko arrisku handia dagoelako.
- Orientazioa: Ekialdea. Goizetik eguzkiak ematen dionez, udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Pombie aterpearen kanpoko iturrian.
- Hurbilketa: Midi D'Ossaura doan ohiko bidea jarraituko dugu. Bidearen hasiera lehen tximiniaren 10-15 metro eskuinera dago, harkaitz-bloke handi batek osatzen duen erlaitz zabal eta handian. Aparkalekutik bi ordu eta laurden inguru.
- Jaitsiera: Midi D'Ossauko ohiko bidetik, bi ordu eta berrogeita bost minutuan kotxean izango gara. Denbora hau tximinietan dagoen mendizale kopuruaren arabera aldatu daiteke.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 12 express zinta, Totem jokua eta 3 zenbakiko Camalot-a (tarte askotan Alien moduko friend txikiren bat faltan bota genuen), artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta harkaitz-blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru ordu eta hamar minutu.

DESKRIBAPENA

- Lehenengo luzea, 45 metro, IV. Harlauza zabalatik gora doan harkaitz-plaka eskalatzen hasi. Lehen metroetan itsasgarritasunezko pasagune errazak baina pixkanaka tentetzen da (II+/III). Ohiko bideak belar batzuetan eskuinera hartzen du, gaineko horma eskuinetik saihestu eta bloke ezberdinak eskalatuz (III+). Guk hormatxoa zuzen eskalatu genuen (IV). Horma hasieran zertxobait makurtua badago ere, helduleku onak ditu. Horma eskalatuta zertxobait eskuinera joko dugu Midiko ohiko bideko lehen tximiniaren bertikalean kokatu arte. Bertan diedro motz bat dago. Diedro motza eskalatu (IV) ondoren eskuinera bota, gainean dugun ertzera igo eta bilgunea bertan dagoen pinu nabarmenean muntatuko dugu.

- Bigarren luzea, 90 metro, I/II. Guk ensanblean egin genuen. Parean dugun horma bertikalera gandorraren ertzetik ahal dugun gehien mantenduz hurbilduko gara. Gandorrean harkaitz-zubi batean soka bat topatuko dugu. Horma bertikalaren eskuinean belar eta harrizko kanal nabarmen bat dago, baita ezproi antzeko bat ere, eskuinean eta ezkerrean tximini bat duena. Kanal nabarmenetik gertuen dagoen tximinia da ohiko bidea (III). Guk tximini hau eskalatu beharrean ezproiaren ezkerean dagoena eskalatu genuen (oinean mugarri txiki bat duena).

- Hirugarren luzea, 50 metro, IV. Lehenengo metroak errazak dira (II+/III) sabaitxo batekin topo egin arte. Sabaia eskalatu ondoren (IV), eskuin ezproiaren ertzetik jarraituko dugu zertxobait eskuinerako joerarekin eskalatuz (III). Bilgunea kontrahormaren ertzean, moko batetik zinta pasatuz muntatuko dugu.

- Laugarren luzea, 55 metro, III+. Bilgunetik gora bloke ezberdinak eskalatuz (III) jarraituko dugu goien ikusten den sabaira zuzenduz, kontra-hormaren erdian dagoen harkaitz-plaka erraldoiak azpian sortzen duena. Sabaiaren azpira iristerakoan honen eskuinetik eskalatzen jarraituko dugu harkaitz-plaka erraldoiak eskuinean osatzen duen hormaren gertutik mantenduz (III). Tarte honetan kordel bat duen iltzea topatuko dugu. Pasagune honen amaieran dagoen hormatxoa eskalatu ondoren (III+), harkaitz-plaka erraldoi eta nabarmenaren eskuin ertzetik jarraituko dugu (II) harkaitz-adar batean bilgunea muntatu arte.

- Bosgarren luzea, 60 metro, III. Bilgunetik gora zuzen abiatuz, harkaitz-plaka ezberdinak eskalatuz jarraituko dugu (III), goian ikusten den triangelu itxurako hormara zuzenduz. Tartean sokadun harkaitz-zubi bat topatuko dugu. Triangelu itsurako sabai honen ezkerrean, arrail nabarmen bat duen harkaitz-plaka inklinatuaren azpian, bilgunea muntatuko dugu.

- Seigarren luzea, 60 metro, III. Arraila zuzen eskalatuko dugu ia denbora osoan honen ezkerretik mantenduz. Gainean dugun triangelu itxurako sabaia ezkerretik inguratu eta, eskuinean dugunean, parean dugun horma triangularra ezkerretik inguratuko dugu (III, baina pasabide amildegitsua). Horma inguratu ondoren eskuinera zuzen jarraituko dugu erlaitz belartsu eta nabarmen batera zuzenduz (II). Bilgunea erlaitzaren amaieran muntatuko dugu.

- Zazpigarren luzea, 45 metro, IV. Gainean dugun harkaitz-plaka inklinatu eta nabarmenera igo beharra dugu. Bilgunetik zuzen hormatxo bat eskalatu (III+) eta harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen jarraituko dugu (IV, erdian arrail nabarmena hankak ondo sartzeko). Harkaitz-plaka eskalatu ondoren, ezkerrean dugun hormaren ondotik eskalatzen jarraituko dugu harkaitz-bloke batzuk dituen tximinia batera zuzenduz. Tximinia eskalatu ondoren (III+) bilgunea muntatuko dugu.

- Zortzigarren luzea, 50 metro, III+. Eskuinean dagoen tximinia inklinatura hurbilduko gara diagonalean eskalatuz (III). Behin tximinian, goraino eskalatuko dugu, tartean hainbat hormatxo eskalatuz. Tximiniaren amaieran dagoen hormatxo bertikala eskuinetik saihestu (III+) edo zuzen eskalatu daiteke (III+). Hormatxo hau eskalatu ondoren tximiniak eskuinetik igotzen duen monolitoaren puntaren eskuinean dagoen gandorrean muntatuko dugu, erlaitz belartsu nabarmen baten ezker aldean.

- Bederatzigarren luzea, 45 metro, III. Erosoena da bilgune berri bat erlaitzaren erdialdean gutxi gora behera muntatzea. Gainean dugun horma errazena bilatuz eskalatzen hasiko gara hormaren ertzean dagoen bloke berezira igoz (III). Eskuin aldera botaz, kontrahormaren gailurraren ertzetik mantenduko gara (II/II+) gailurrera iritsi arte. Bertan bi iltze zahar eta spit bat topatuko ditugu rappel-a muntatzeko. Rappel puntuaren parean, 25-30 metro ingurura, Midiko ohiko bideko hirugarren tximiniaren amaieran dagoen gurutzea ikusiko dugu.

12-15 metroko rappel-a egin ondoren, mugarriak jarraituz ohiko bidearekin elkartuko gara.

Eskalada honen inguruko krokis, argazki eta informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather