BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Menditxiki: Urreako haitza

/ Hodei Arrizabalaga

2021-01-09 / Mikel Arrizabalaga

Urraitz, Urreako haitza, Urreagaña eta Urrezko haitza dira inguruko herritarrek Balerdiren magalean dagoen haitza izendatzeko erabiltzen dituzten izen batzuk.
Ibilbide hau ia osorik Bedaioko lurraldeetan bete dugu, hala ere, Nafarroako mugara gerturatu eta zati bat bertatik egin dugu, Araiz ibarrean eta Balerdi mendiaren iparraldeko saihetsaldean barrena ibili garelarik. Bedaio Tolosako auzoa da eta bere baserriak, Aralar eta Otsabio mendiaren magaletan barreiaturik daude. Gaur egun, Andre Maria eliza, frontoia eta lauzpabost etxek osatzen duten herrixka hau Berastegiko Jaunena izan zen, 1544. urtean Juan Martinez jaunak Tolosako jurisdikzioa onartu zuen arte. Hala ere, XIX. menderarte Berastegiko Jaunen babespean jarraitu zuten, hauek nekazariengandik lehen fruituak, ohoreak, hamarrenak eta errolda jasotzen zituztelarik.
Frontoiaren ondoan aparkatu eta aurrez aurre ditugun PR-GI 112aren bide seinale zuri eta horiak jarraituz Balerdiren magalerantz zuzentzen den pista zabal batetik igotzen hasi gara. Hurrizti eder bat igaro ondoren, pagadi bikain batean murgildu gara. Balerdiren paretatik askatutako harritzar galantak basoan sakabanaturik. Gorantz jarraitu eta alanbrezko hesi bi pasa ondoren, GR 121 (Gipuzkoako itzulia) eta GR 20 (Aralarko itzulia) bideekin bat egin dugu. Ezkerrera pinudia eta eskuinera Balerdiren iparraldeko bizkar ikusgarria, aurrean, berriz, Urdileko lepoa. Gipuzkoak Nafarroarekin duen muga gainditu aurretik egurrezko bide-seinaleak.
Lepo honetatik dagoen ikuspegia zabala eta ederra da, Aralarko Mailoek eta Balerdiko tontorrak Araiz bailara erabat menderatzen dutelarik. Urraitz tontorrera igo aurretik, mendi honen inguruan dagoen kondaira bat gogora ekartzea merezi du. Tradizioak dioenez, Urraitza edo Urrezko haitzaren oinean, lehen eguzki izpiak jotzen duen lekuan, ardi batek hankarekin aztarrika egin eta markatzen omen du urrezko txanponez beteta dagoen zezen-larru bat lurperatuta dagoen lekua. Agian, Urdileko lepoan egun deseginik dagoen trikuharriak kontakizun hau gorpuztu du mendeetan zehar gaurdaino iraun araziz. Urrerik ez eta patrikak hutsik, kukuaren kantarekin konformatu behar izan dugu.
Elezaharrak ahaztu, belardia zeharkatu, haitzetan dauden ardi eta ahuntzen albotik igaro eta Urraitzeko tontorrerantz igotzen hasi gara. Gora iristean, gutunontzia eta Argitxoren irudiak. Araiz bailaran zehar sakabanaturik makina bat herrixka behatzeko aukera izan dugu: Azkarate, Uztegi, Gaintza, Intza, Atallo, Arripe, Betelu, Errazkin...

Luzera: 6 km
Desnibela: 381 m

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen 3D (ayvri) ikusteko
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko:

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather