BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Uruel Punta (1.770 m), ipar horma: "Mayencos" bidea, III.

Jakan zaude eta goiz edo arratsalde pasarako planik ez duzu? Uruel Puntara bide dibertigarri batetik igo nahi duzu? Hau izan daiteke bila ari zaren bidea...
/ Smithy

Uruel Punta, mendi bakartia izanda, Jacako zoko guztietatik da ikusgai, horregatik ez da harritzekoa jacatarrek asko igotzen duten mendia izatea. Gailurrera zuzentzen den ohiko bidetik aparte mendiaren ipar horman badago "Mayencos" izeneko bide "dibertigarri" bat. Bide hau, Jacako izen bereko elkarteak ireki zuen. Bideak Uruel Punta ren ipar horma ekialdetik mendebaldera zeharkatzen du amildegian zintzilik dauden erlaitz ezberdinak jarraitu eta Uruel Puntako gailurrean bertan amaituz. Bide honen irekiaren nondik norakoak ez ditut topatu, ez noiz, ez eta nola ireki zen, baina adimenez irekitako bidea da, hormak dituen ahuldadeak aurkituz gailurreko gurutzera zuzen-zuzen iristen dena.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: Aparkalekutik gailurrera 2 kilometro eskas.
- Luze kopurua: Guk ez genuen luzerik eskalatu baina bi luze eskalatu daitezke.
- Nork irekia: Jacako Mayencos elkarteak.
- Zailtasuna: III. luzez-luze, bi luzeak eskalatzen baditugu: 1ºL: III (15 m) eta 2ºL: III (15 m).
- Orientazioa: Iparraldea. Udan goizean bero handia pasa daiteke.
- Ura: Oroelgo paradoreko aparkalekuan dagoen iturrian.
- Hurbilketa: Oroelgo Paradoreko aparkalekutik Uruel Puntara doan bide normala 50 metro inguruan jarraitu eta ur depositu baten hondakinen ondoan bidea utziko dugu basoan sartzen den bidexka jarraituz. Tarteka mugarriak eta tarteak puntu nahiz gezi gorriak jarraituz, bideak Uruel Puntaren ipar horman zehar eramango gaitu gailurrera iritsi arte. Tartean eskalatu beharreko bi puntu topatuko ditugu: bi erlaitz nagusien arteko lotura den tximini bertikal bat (15 m, III) eta gailurrera iritsi aurreko horma inklinatu bat (15 m, III).
- Jaitsiera: Uruel Puntako bide normaletik. Ordu betean aparkalekura itzuliko gara.
- Eramandako materiala: Kaskoa ezinbestekoa da. Honetaz aparte, eskalatzeko ohiturarik ez badugu 30 metroetako soka bat eta dozena erdi bat express-zintetik nahikoa izango dugu.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora. Aparkalekutik gailurrea ordu eta hogeita bost minutu.

Bi ohar garrantzitsu: Batetik, Oroelgo Paradorearen aparkalekuan kanpatzea eta ibilgailuen barruan lo egitea debekatuta dago. Bestetik, Uruel Puntan abenduaren 1etik uztailaren 31ra eskalada debekatuta dago.

DESKRIBAPENA

Aparkalekutik Uruel Puntara doan bide normala hartuko dugu, hegoaldeko noranzkoan pinudian sartzen den bide nabaria. Bidea jarraitzen hasi eta 25-30 metrora, "Cruz" kartela iltzatua duen pinu zahar baten ondoan, bide normaletik atera eta ur-depositu zahar baten hondakinak eskuinean utzita basoan gora hasten den bidexka jarraitzen hasiko gara.

Bidexkak galtzeko arriskurik ez dauka eta basoan gora zeta ezberdinak osatzen ditu metroak azkar irabaziz. Ibarrbide harritsu bat zeharkatu ondoren bidea berriro ere basoan sartzen da, malda gogor baten ondoren puntu gorri bat duen horma bertikal batekin topo egin arte.

Bideak hormaren eskuinetik jarraitzen du. Puntu gorria ezkerrean utziz, hurrengo metroak eroritako zuhaitz baten enborraren gainetik oreka mantenduz egingo ditugu, berriro ere basoan sartzen den bidexkara iritsiz. Hemendik aurrera bidea hain nabarmena ez bada ere, topatzen diren puntu eta gezi gorriak jarraituz galtzeko arriskurik ez dago.

Basoaren amaieran, bideak mendebaldeko noranzkoa hartuz doa, hormari itsatsita doan erlaitz edo paxa estu bat jarraituz. Hormak osatzen duen ezproi zabal moduko batera iristerakoan, amildegi handi batek bidea ixten digula ikusiko dugu.

Amildegiari bizkarra emanez eta ezproitik jarraituz, horiz margotutako iltze pare bat duen hormatxo inklinatua eskalatuz ibilbideak duen tximiniaren oinera igoko gara.

Tximiniak 15 metro inguru izango ditu eta, azken metroetan behintzat, tentea jartzen da (III). Dena den, bi hormetan oinak segurtasunez jartzeko bolo nahikoak daudenez, eskalada dirudiena baino errazagoa da. Dena den, pentsatzen dut harkaitz bustia badago eskalada hau konplexuagoa izango dela eta beharbada soka ateratzera ere eskatuko duela.

Bidearen lehen oztopoa atzean utzita, paxa mendebalderako noranzkoan jarraitzen hasiko gara, iltze hori bat duen horma makurtu baten ondotik pasatuz. Iltzea atzean utzita, paxak, pinu artean, makurtua dagoen horma bati itsatsita jarraitzen du.

Horma makurtua eta pinuak desagertzen diren lekuan, erlaitz estua duen horma inklinatu bat zeharkatuz jarraitzen da, zaila baino ikusgarriagoa dena. Hemen ere pentsatzen dut harria bustia egonez gero kontu handiz ibili beharreko lekua izango dela.

Puntu gorri eta gezi gorrien arrastoa jarraituz, enbor zuridun pinu erori eta hildakoen tarte bat zeharkatzen da, Uruel Puntaren gailurretik iparrera amiltzen den ezproi nabarmen eta zabalera zuzenduz.

Ezproi zabal honen ertzetik hormatxo erraz batzuk igoz gailurreko gurutzera zuzenean zuzenduko gara, bidearen azken oztopoarekin topo eginez: gailurrera iritsi aurretik eskalatu behar den horma inklinatua. Horma honek 15 metro inguru izango ditu eta, hemen ere, iltze batzuk seguru gisa harkaitzean sartuta daude. Bertako bolo eta heldulekuak sendoak dira eta eskalada ez da oso zaila (III).

Hormaren irteeratik metro gutxi batzuk ibiliz Uruel Puntako gurutzera iritsiko gara.

Ibilbide honen inguruko informazio, krokis eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather