BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

pirinioak

Bisaurin (2.670 m): "Edelweiss"-en bidetik, PD/II+.

Bisaurineko bide normal jendetsutik urrun, bada gailurrera iristeko Ibilbide erraza, elegantea eta bakartia, udan nahiz negu giroan oso interesgarria dena. Bere izena "Edelweiss"-en bidea da. Ezagutu nahi duzu?
"Edelweiss"-en bidetik Bernera mendigunera egindako argazkia / Smithy

Kondairak dioenez, izar batek ilargiari Lurrarekiko zuen maitasuna aitortu zion. Ilargiak, haserre, Pirinioetako gailur garaietara bidali zuen, izar formarekin eta ilargi koloreko petaloekin. Elurretan jaiotzen den lore bakarti eta eder hau Edelweiss izenez ezagutzen da.

"Edelweiss"-en bidea, Bisaurineko bide normal jendetsutik urrun, gailurrera iristeko Ibilbide erraza, elegantea eta bakartia, batez ere bakartia, da. Bide honetako lehen kronika 2010ekoa da, "Sendero Límite" web orrian azaltzen dena hain zuzen ere. Bidea, harri soltez beteriko kanal inklinatu bat "besterik ez da", Balellaza orratzek osatzen duten lerroaren eskuinean paralelo dagoena. Udan igo nuenean, negu giroan igotzeko bide interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaidan, bai "Edelweiss"-en bide bera baita honen eskuinean dauden beste kanal batzuk ere.
Bere izenari ohore eginez, kanalaren amaieran dagoen zelaia Edelweiss loreez estalita dago. Bide honetatik igo nintzenean (abuztuaren erdialdean), zur eta lur gelditu nintzen ikusi nuen Edelweiss pilakin..

Ibilbidea Lizarako aterpean hasten da. Bisaurineko bide normala "Puerto de Bernera" adierazten duen egurrezko postean utzi eta GR-11 bidea "Refugio de los forestales" aterperaino jarraituko dugu. Aterpean GR-11 ibilbidea utzi eta maldan gora hasiko gara La Balellazako orratzetara zuzenduz. "Edelweiss"-en bideak La Balellazako orratzen eskuinean dagoen kanal harritsu bat igotzen du. Kanala igo ondoren (II+, harri askeak kanal osoan), izenik gabeko tontor harritsu bat igoko dugu eta, gailur honen atzeko gandorraren ahotik jarraituz, Fetas gainara igoko gara. Amaitzeko, Fetas gaina eta Bisaurinen arteko gandorra jarraitzea besterik ez dugu Bisaurineko gailurrera iristeko.

Jaitsiera Lizarako bide normaletik egin nuen.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 11 kilometro.
- Punturik baxuena: Lizarako aterpea, 1.515 metro.
- Punturik altuena: Bisaurin, 2.670 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.200 metro inguru.
- Igotako mendiak: 2.
- Zailtasuna: II+ zailtasuneko hormatxo bat. "Edelweiss"-en bideak jarraitzen duen kanalan harri solte asko dago.
- Ura: Lizarako aterpean ura hartu daiteke.
- Jaitsiera: Bisauringo ohiko bidetik ordu eta laurden inguruan Lizarako aterpean egongo gara.
- Eramandako materiala: Kaskoa ezinbestekotzat jotzen dut.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Lau ordu eta erdi eskas, atsedenak barne.

OHARRA: Lizarako aparkalekuan edo aterpearen inguruan kanpatzea edo edozein ibilgailuan lo egitea debekatuta dago.

Ibilbide honetako track-a deskargatzeko eta informazio eta argazki gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather