BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Balaitus (3.145 m): ipar-mendebaldeko ertzetik, 500 m, D+/V

Balaitus bezalako historia duen mendi batean historia handiko bidea eskalatzeak zirrara berezia sortzen du. Kronika honetako eskaladak, pasa den mendeko mendizaleen adore eta trebeziaz ohartzeko aukera aparta da. Ezagutu nahi?
/ Smithy

Urtero helburu "potolo" bat jartzeko ohitura izaten dut. Helburu honek urtean zeharreko mendi irteeretara eta entrenamenduetarako akuilu izaten da, motibazioa gorenean mantenduz. 2020ko udarako ezarri genuen helburua kronika honetan azaldutakoa da.

Balaitus eta eskalada hitzak esaldi berean elkartzen direnean zirrara sortzen dute. Bide normal errazik ez duen mendi honetan eskalatu behar dugunean badakigu ez dela eskalada "erraza" izango. Eta ez diot "erraza" zailtasunagatik bakarrik, eskaladaren konpromisoa, historia eta iraupena motxilan eraman beharko dugun pisua izango da, inongo zalantzarik gabe. Eskalada honek osagai hauek guztiak ditu.

Balaituseko Ipar-mendebaldeko ertza mugaren hegoaldean iparrean bezain ezaguna ez bada ere, Pirinioetako eskalada klasiko handi horietako baten aurrean gaude.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 500 metro.
- Luze kopurua: Norberak ikusten du zenbat luzeetan eskalatuko duen. Guk Lamathe orratzera arte ensanble moduan eskalatu genuen. Lamathe orratza hiru luzeetan eskalatu genuen eta Frontoia beste hiru luzeetan.
- Nork irekia: Henri Lamathe, Henri Le Breton eta Jean Senmartinek 1932ko abuztuaren 8an.
- Zailtasuna: D+/V.
- Orientazioa: Ipar-mendebaldea. Ia eskalada osoan itzalpean egongo gara, beraz egin dezaken hotzarekin kontuz izan.
- Ura: Ibilbidean topatzen diren aintzira ezberdinetan hartu daiteke.
- Hurbilketa: La Sarratik Balaitusera Diagonal Handitik doan bidea hartuko dugu. Michaud aterpera iritsi baino lehen iparraldera joko dugu Col Noir edo Brèche des ciseaux lepoetara zuzentzeko (bigarrena teknikoki errazagoa da). Lepoetatik parean ertza bere osotasunean ikusiko dugu. Ahal dugun metrorik gutxienak galduz ertzaren oinera hurbilduko gara. Eskalada ertzaren ezkerrean (mendebaleko aldean) oso nabaria den bira bat eskalatuz hasten da. Biraren oinean bi makil dituen bi mugarri topatuko ditugu. La Sarratik bost ordu eta erdi pasa genuen lasai ibilita.
- Jaitsiera: Diagonal Handitik. Gailurretik La Sarrara lau bost ordu pasa genuen.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 9 express zinta, Lincam orlegi eta morea, Totem jokua, artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Balaituseko gailurrera arte sei ordu.

DESKRIBAPENA

Eskalada luze bat denez, telegrama baten moduan, deskribapen soil bat egingo dut, inongo apaingarririk gabe.

Ipar-mendebaldeko ertzaren oina osatzen duen ezproi zabala ezkerretik inguratuko dugu, ezproiaren beste aldera igaro, eta 50 metro inguruan zuzen igo ondoren, bi makiladun mugarri handi bat aurkitu arte, eskuinera diagonalean doan bira diagonal nabarmen baten oinean.

Biraren lehen metroak errazak dira (II+), hormatxo batera iritsi arte (III). Hormatxoa eskalatutakoan biratik jarraitzen da, III zailtasuneko eskalada txikiak eginez, ezproi itxurako batera iritsi arte. Ezproi itxurako hau eskuinetik inguratuz, ezproiaren ertzeraino doan biratik jarraituko dugu. Handik horma bertikal bat zuzen eskalatzen hasiko gara (III+/IV) eta eskuinera doan erlaitz estu bat ikusten dugunean (eskalatzen hasi eta 50 metro ingurura) bertatik jarraitu eta III-ko "destrepe" bat eginez kanal belartsu zabal batera iritsiko gara.

Kanala belartsua amaiera arte igo eta hormarekin berriro topo egiten dugunean eskuin noranzkoan eskalatzen jarraituko dugu (III+), harkaitz plaka horizontal batean dagoen mugarri batera iritsi arte. Mugarritik gora eskalatzen jarraituko dugu, "Cornes du diable" harkaitz-formazio berezien gailurraren azpian dagoen pasabide batera iritsiz. Pasabidea jaitsi (II+, kontuz harri solteak daudelako), eta dagoeneko oinez, aldapatxo bat igo ondoren Lamathe orratzaren azpian dagoen erlaitz zabalera iritsiko gara (bibak bat dago bertan).

Lamathe orratza hiru luzeetan eskalatuko dugu:

- Lehenengo luzea,, 50 metro, IV. Bibakaren parean, eskuinetara dagoen marroi koloreko eskisto eta betadun tximinia nabarmena eskalatuko dugu. Lehen 5 metroetan bertikala da (IV), baina gero etzaten doa. Eskuinetik datorren beste tximinia diagonal batera iritsiko gara, ertzaren ahora hurbiltzen gaituena. Bigarren tximinia hau amaitu baino lehen hormatxo bertikal eta motz bat eskalatu beharko dugu (eskuin horman zinta bat jarrita duena). Ertzaren ahoan bilgunea muntatu ahal izateko trabatutako friend zahar bat dago.

- Bigarren luzea, 40 metro, IV. Eskuinetara diagonalean eskalatzen jarraituko dugu plaka argi eta polit batzuetatik, eskuinetik datorren tximinia inklinatu eta zabal batera iritsi arte. Tximiniaren gainetik ezkerrera bota eta bidea ixten duen harkaitz-bloke handi bat ezkerretik eskalatuko dugu, honen gainetik pasatu eta zuzen eskalatzen jarraituko dugu pixkanaka eskuinera botaz, harkaitz-plaka zuri eta nabarmen batzuetara zuzenduz. Plaken gainean dagoen sabai zuriaren azpira zuzenduko gara (iltze bat eskuin horman). Sabaiaren azpitik zeharkaldi horizontala ezkerrera egin eta sabaia ezkerretik igoko dugu, bere gainean kokatu arte (bilgunea bertan muntatzen da).

- Hirugarren luzea, 35 m, IV+. Gainetik ditugun plaka argi arrailduetara igoko gara (III+, iltze bat dago baina zuloa oso txikia dauka eta ez da tamaina normaleko mosketoi bat bertatik sartzen) eta plaka zuriak eskuineko joerarekin eskalatuko ditugu, hormaren eskuineko ertzera hurbildu eta goiko sabaira iritsi gabe (eskuin ertzean harkaitz zubi batean soka jarrita bat dago). Ertzetik pixkat igo eta honen bestaldeko eskuin horman iltze bat topatuko dugu. Iltzea dagoen lekutik gora eskalatzen hasi eta zertxobait eskuinera friend bat trabatuta dagoen horma bertikala eskalatuko dugu (IV+). Horma eskalatuta gure ezkerrean Lamathe orratzaren gailurrera daraman harkaitz-plaka inklinatu, ilun eta arraildua eskalatuko dugu (III).

Lamathe orratzetik jaisteko bi rappel egingo ditugu: 15 metroetakoa lehena, 25 metroetakoa bigarrena. Bigarren rappela oso zintzilikatua da, honegatik, rappela egiten ari garen bitartean hormaren eskuin aldera joatea komeni da orratzaren azpiko lepo estuaren gainera iristeko, bestela hormatik zintzilik gelditzeko arriskua dago.

Lepo estutik bigarren orratz bat eskalatuko dugu. Lehenengo metroetako harkaitza ez da oso sendoa eta tarteka hautsia dago (III). Orratza batzuk eskuin ertzetik eskalatzen badute ere (IV), guk lehen metro hautsi hauen ondoren zertxobait ezkerrera bota, pasagune bertikal bat eskalatu (III+) eta ezkerrera diagonalean eskalatuz jarraitu genuen, orratzaren gailurrera iritsiz (bertan dagoen rappel puntuaren ezkerrean).

Bigarren orratzetik jaisteko 20 metro inguruko rappel bat egingo dugu.

20-25 metro inguru oinez ibiliz, hirugarren orratz bat eskuinetik inguratuko dugu, honen atzean dagoen tximini tente baten oinera iritsi arte. Frontoiaren oinean gaude.

Frontoia eskalatzeko "Z" handi moduko bat egiten da, pasagune errazenak bilatuz. Lehen metroak ensanble moduan eskalatu genituen: Tximini tente eta harri txarrekoa eskalatuko dugu (III) hormaren ezker ertzera arte, bertan eroso egoteko erlaitz bat dago. Eskuinerantz jarraituko dugu tximinia bertikal batetik (III+), ondoren bideak ezkerrerantz (III) eramango gaitu hormaren ertzeraino, non plaka baten oinean lauza handi bat dagoen leku guztietatik pitzatuta dagoena. Bilgunea bertan muntatuko dugu.

Hemendik gora beste hiru luze eskalatuko ditugu:

- Lehenengo luzea, 35 metro, IV. Zuzen eskalatzen jarraituko dugu, erdian pitzadura bat eta helduleku txikiak dituen harkaitz-plaka eskalatuz (IV). Ertzera iritsitakoan, ertzaren ahotik zuzen jarraitu (III), eskuinetik erlaitz zabal eta eroso bat ikusi arte. Erlaitzera zuzenduko gara. Erlaitza metro batzuetan igo (II) eta azken 5-6 metroak oinez egiten dira bilgunea muntatu aurretik.

- Bigarren luzea, 30 metro, III. Bilgunetik zuzen atera (III) eta 6-7 metro eskalatu ondoren ezkerrera joko dugu koska ezberdinak eskalatuz, plaka inklinatu batera iritsi arte (III). Harkaitz-plaka hau ezkerrerantz zeharkatzen joan Fauchay plakaren oinera iritsi arte (III-). Plakaren oinean uztaidun iltze zahar bat dago.

- Hirugarren luzea, 30 metro, V. Uztaidun iltzearen eskuineko harlauza babariar moduan eskalatzen hasi eta zuzen eskalatuko dugu (helduleku txikiak) 5-6 metrora dagoen iltzera arte (bi iltze juntu). Hurrengo iltzera iristeko 3 metro zertxobait eskuinera eskalatu beharko ditugu. Bigarren iltze honetatik zertxobait eskuinera botaz eskalatzen jarraituko dugu, goian dugun sabaiaren eskuinera zuzenduz (plakaren hirugarren iltzea bertan dago). Sabaia eskuinetik saihestu eta bere gainean jarriz, gora eta zertxobait ezkerrera botako dugu, erdi-oinez erlaitz batzuk jarraitu eta beste iltze bat topatu arte. Bilgunea bertan muntatuko dugu.

Hemendik aurrera ensanble moduan eskalatzen jarraitzea da azkarrena. Guk gainetik dugun hormaren ezkerrera zuzenduz eta III/III+ zailtasuneko pasagune bertikalak konbinatuz eskalatu bagenuen ere, tarte horretan ibilbide asko daude egingarriak. Leku errazenak bilatuz joan behar da denbora osoan. Horma amaieran etzan egiten da Brèche des Isards lepora iritsiz. Hemendik eskuinera bagoaz Diagonal Handira iritsi daiteke, ezkerrera bagoaz aldiz, Beraldi birara.

Eskuinera horizontalean zeharkaldia egin eta metro batzuk zuzen eskalatu ondoren berriro ere ezkerrera joko dugu. Gandorraren eskuinean mantenduz eskalatzen jarraitu eta eskuinean dagoen lepo estu batera zuzentzen den tximinia tentea eskalatuko dugu (III, ezkerreko hormatik erosoago eskalatzen da, harri solte asko duelako). Lepo estu honetatik badirudi aurretik dugun horma oso bertikala dela. Ezkerrera diagonalean eskalatzen jarraitu eta horma bertikalera iristen garenean ezkerretik zeharkaldi horizontala eginez saihestuko dugu. Hormatxo bat eskalatu ondoren (III) hormaren amaierara iritsiko gara (gailurretik 30 metro ingurura). Hemendik gailurrera oinez iritsiko gara.

Jaitsiera Balaitusera doan ohiko edozein bidetik egin daitekeen arren, udan biderik errazena Diagonal Handia izaten da. Dena den, jaitsiera honetan kontu handia izan behar da harriekin, tamaina ezberdineko harri soltez estalia dagoelako.

Eskalada honen inguruko argazki eta krokis gehiagorako, ibilbidea deskargatzeko edo azalpen zehatzago baterako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather