BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Artikutzako basoetan

/ mikel arrizabalaga

2021-04-29 / Mikel Arrizabalaga

Oiartzungo Altzibar eta Karrika auzoak zeharkatuz Bianditz mendateraino igotzen den errepidea hartu dugu, Exkaxeraino. Artikutzako guardetxearen ondoan dagoen aparkalekutik abiatu, egurrezko hesia gurutzatu eta alertze-baso txiki batean sartu gara. Artikutzako finkaren barruan dagoen bide zahar hon i nafar bidea deitzen zaio. Antzina, bide hori asko erabili zen Oiartzun eta Errenteria eta, Ezkurra bailarako herriak lotzeko (Doneztebe, Ituren, Zubieta...). Bidea emeki-emeki igotzen da Burnaiztieta leporaino, Bianditzeko gailurra saihestuz. Lehenago, pinu, izei eta pago baso hostotsuak zeharkatu ditugu, gorosti ugari aurkituz, bereizi gabe sortu eta bide osoan zehar barreiatzen direnak. Mendi-mazeletatik jaisten diren zenbait errekasto gurutzatu ditugu. Lurra estaltzen duen orbela ugariak zuhaitzen sustraiak estaltzen ditu, eta, haiekin topo egitean, sustoren bat edo beste eman diezaguke. Laster basotik irten eta, gure ezkerrera harrespil baten arrastoak ikusi ditugu. Puntu horretatik, berehala jaitsiko gara Burnaiztietako leporaino. Puntu horretatik aurrera, bi aukera ditugu: lehena Bidango gainera igo, eta gero, hesiaren paraleloan doan bidezidorra hartu. Bigarrenak, berriz, igoera labur baina gogor hori saihesten du, gure eskuinaldean dagoen izei-baso baten paraleloan ateratzen den pistan barrena. Guk bigarren aukera hori aukeratu dugu. Pistan gora egin dugu emeki-emeki eta goiko aldera iristean, Pagolleta eta Izu aldera doan bidea gure ezkerrera utzi eta Artikutza aldera jaisten dena hartu dugu.
Bide zahar hau tarteka ikusgaitz bihurtzen da eta kontu handik ibili behar izan dugu norabide egokia aukeratzeko. Pagadi zaharrean zehar, altuera erraz galdu eta Artikutzatik Exkaxera igotzen den bidezidorrarekin bat egin dugu. Auzora doan bidea gure ezkerrera utzi eta eskuinetik, xenda estuak Erroiarriko ur-jauziaren gain aldera eraman gaitu.
Exkaxpeko errekara iristean isiltasuna nagusi da goroldioz jantzitako pago zaharren erreinuan. Igoera piko batek egurrezko panel informatibo baten ondora eramango gaitu. Pagadian zabaltzen den bide zabala jarraituz, auzora jaisten den errepidera aterako gara, ornodunen panela eta egurrezko seinaleak dauden lekura hain zuzen ere. Exkaxeko atezaindegia gertu.

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen 3D (ayvri) ikusteko
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko:

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather