BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

murumendi

PR GI-53 ibilbidea: Murumendi ezagutzeko beste aukera bat

Murumendiko gailurrera iristen diren ohiko bideen artean beharbada hau izan daiteke denetatik ezezagunena. Arbel-meatzaritzaren hondarrak eta duela ia ehun urte argitu gabeko krimen misteriotsu baten itzala izango ditugu bidelagun. Ibilbidea ezagutu nahi?
Murumendiko gailurra
Murumendiko gailurra / Smithy

2021-05-17 / Smithy

Covid-19 birusaren eraginez ezarritako konfinamendu perimetralak bizitzaren aspektu guztietan eragina izan du, zer esanik ez mendia maite dugunon helburu eta proiektuetan. Hilabete askoetan, herri eta probintziek hartzen zituzten koloreen eraginez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako mendiak urruneko mendiak bihurtu dira, Pirinioetakoak aldiz, ezinezkoak. Honek guztiak "mendi-nahia" bizi garen udalerrietako edo mugakide ditugun udalerrietako mendietara eramatera behartu gaitu, etxe ondoko ibilbide eta bidezidor berriak ezagutzeko aukera emanez.

Egoera honetan guztian artikulu honetako ibilbidearen aurkikuntza itzela izan da.

Ibilbidearen hasiera Itsasondoko Andra Mari Jasokundearen elizan dago. Elizaren ezker hormaren (hegoaldea) ondoan PR GI-53 ibilbidea hasten da. Ibilbidearen arrasto zuri-horiek Itsasondoko Urkia auzoko Gurutze Santuaren baselizaraino eramango gaituzte. Tartean, Itsasondoko ekonomia iturria izan zen arbel-meatzaritzaren hondarrak ezagutzeko aukera izango dugu, dagoeneko itxita dagoen meatze batetik pasatuz.

Urkiatik aurrera PR GI-53 eta PR GI-54 ibilbideak jarraituko ditugu Lizardi errotara iritsiz. Leku hau kuriosoa da, bertaraino iristen den erreka errotatik gora Muko erreka eta errotatik behera Lizardiko erreka izena hartzen duelako.

1926an probintzia astindu zuen Beizamako Korosagasti krimenean protagonista izan ziren Lizardierdikoa eta Lizardibehekoa baserrietatik pasatu ondoren maldan gora hasi eta Itsasondoko udalerriak bertako basoa berreskuratzeko egiten den lanaren fruitua ikusteko aukera izango dugu, Murumendiko iparrean dagoen Zarateko lepora iritsi arte.

Zarateko lepotik aurrera ibilbidea GR-34 ibilbidearekin elkartzen da. Hego-mendebalderako noranzkoan jarraituz, Murumendiko gailurrera iritsiko gara.

Jaitsiera leku ezberdinetatik egin daiteken arren, oraingoan Ordiziara zuzentzen den bidea jarraituko dugu. Jaitsieraren lehen zatia Ordizia udalerriko muga jarraituz egingo dugu, Arrapaitz eta Eizeata gainetatik pasatu eta bigarren honetan dagoen Beasain-Itsasondo-Ordizia mugarriari bisita eginez. PR GI-54 ibilbidea utzi gabe, Ordiziara arte jarraituko dugu ibilbideari amaiera emanez.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 15,7 kilometro.
- Punturik baxuena: Itsasondo, 113 metro.
- Punturik altuena: Murumendi, 868 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 850 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Zailtasuna: Ibilbideak ez dauka inongo zailtasun teknikorik, PR arrastoak argiak dira eta bideak oztopo aipagarririk ez dauka. Tarteka harreta jarri beharko dugun lokatz handiko lekuak zeharkatuko ditugu, baita erreka pare bat ere.
- Ura: Itsasondon, Lizardiko errotaren ondoko iturrian eta Arrapaitz iturrian ura hartu daiteke.
- Jaitsiera: PR GI-54 ibilbidea jarraituz.
- Eramandako materiala: Ez da material berezirik behar.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Ibilbidea poliki eginez lau ordu eskas, atsedenak barne.

Ibilbidearen "track"-a deskargatzeko edo argazki eta informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather