BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

aizkorri

Aketegi Ordiziatik: etxeko ataritik Gipuzkoako zerura.

Etxeko ataritik abiatuta mendiak igotzeak sortzen duen poztasuna oso berezia da. Eta igotako mendia inguruko mendirik garaienera bada, poztasun horrek parekorik ez dauka.
Zerain eta atzean, oso urrun, Aketegi, ibilbide honetako protagonista
Zerain eta atzean, oso urrun, Aketegi, ibilbide honetako protagonista / Smithy

2021-07-14 / Smithy

Mendia geroz eta "zibilizatuagoa" dago, bertara iristeko komunikabideak ugari eta erosoak dira eta mendi esanguratsuenen magaleetan aparkaleku zabalak ditugu kotxea (edo autobusa) bertan uzteko. Azpiegitura honek guztiak mendi batera igotzea asko erraztu du, pertsona asko mendira hurbilduz, batzuk mendizaleak, beste batzuk mendizale izateko bidean daudenak. Ez dut ezer erraztasun hauek erabiltzearen aurka, neronek ere, egiari zor, errepide, bide, pista, aparkaleku, taberna, borda eta dena delakoak aprobetxatzen baititut mendira joatea eroso eta azkarrago izan dadin.

Hala ere, noizean behin jatorriko iturrira itzuli eta bertatik edatea ere gustuko dut, mendi ibilbideak etxeko atarian hasiz. Kronika honetako ibilbidea irteera horietako bat da.

Ibilbidea Ordiziako plazan hasi genuen. Ordizia eta Beasain arteko ibilbidea bidegorritik egin eta Beasaindik aurrera G2H mendi lasterketak jarraitzen duen ibilbidea kontrako noranzkoan Ormaiztegira arte jarraitu genuen.

Liernira iristeko Ormaiztegi eta Mutiloa arteko bide berdea jarraitu genuen, Mutiloako meategiak eta Ormaiztegi lotzen zituen aintzinako meatze trenbidearen bide bera.

Liernitik aurrrea, eta G2H ibilbidetik berriro ere, Aizkorriko Iraule mendiaren ipar magalean dagoen Itzubiagako bordara arte jarraitu genuen.

Itzubiagatik aurrera Zegama-Aizkorriko kilometro bertikalarekin bat egin eta Nardasakon kanalaren amaiera iritsi baino lehen ezkerrera jo genuen Aketegiko gailurrera iristeko.

Ibilbidea ezin genuen Aketegiko gailurrean amaitu noski. Aketegiko gailurretik, Zegama-Aizkorriko kilometro bertikala hasten den lekura arte jaitsi, eta SL-GI 20 ibilbidea jarraituz, Zegamara iritsi ginen, ibilbideari amaiera emanez.

Ibilbidea luzea da, giharrak ederki berotzen dituen horietakoa. Baina honelako ibilbideak amaitzerakoan giharretako minak ahazten dira, urruneko oroitzapen bat izango balira bezala. Gutxienez kotxetik irteten zaren arte, orduan konturatzean zarelako biharamuna agujetek hartutako eguna izango dela, jejeje.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 35 kilometro.
- Punturik baxuena: Ordizia, 150 metro.
- Punturik altuena: Aketegi, 1.551 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.800 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Zailtasuna: Irteerak ez dauka aipatzeko zailtasun teknikorik baina gomendagarria izan daiteke GPS bat eramatea bidegurutze askotan bidea galtzeko arriskua dagoelako.
- Ura: Igarotzen diren herrietako iturrietatik aparte, hainbat lekuetan hartu daiteke: Liernin eta Itzubiagako iturrietan esate baterako.
- Jaitsiera: Ibilbidea Zegaman amaitzen da. Bertara iristeko, Aketegitik Zegama-Aizkorri maratoiaren kilometro bertikaletik jaitsi ginen.
- Eramandako materiala: GPS aparatuaz aparte guk ez genuen aparteko materialik eraman.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Zortzi ordu eta erdi, atsedenak barne

Informazio eta argazki gehiagorako, edo ibilbidea deskargatu nahi baduzue hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather