BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

mendi ibilbidea

Ttutturretik Balerdira: Aralarko Malloak zeharkatuz

Aralarko Malloek, A-15 autopistatik begiratzen baditugu, Araitz bailarara amiltzear dagoen olatu erraldoi baten itxura dute, Nork ez du amestu olatu erraldoi honen ahotik zeharkaldia egitea?
Ttutturrera iristen...
Ttutturrera iristen... / Smithy

2021-07-30 / Smithy

Mendilerro baten ertzako ahotik ibiltzea mendian egin daiteken aktibitate ikusgarri eta ederrenetako bat da. Mendi ezberdinek osatzen duten bizkarrezur erraldoiaren gainean, desorekari aurre eginez, oinen azpiko amildegi sentsazioa izugarria izan daiteke. Amildegiak sortzen duen erakarpen indarraren aurrean arnasa sakon hartu eta gorputz eta arima lasai mantentzea ariketa mental nekagarria izan daiteke, amiltzearen beldurrak gure beldur oinarrizkoenen aurrean jartzen gaituen beldurra baita.

Kronika honetan azaldutako ibilbidean ez dugu muturreko egoerarik biziko, eta Balerdiko gailurraren aurretik dagoen ertzan ezik, zailtasun eta amildegi sentsazio guztiak ekiditeko aukera izango dugu.

Aralarko Malloak Nafarroako Araitz bailararen gainean zintzilikatutako larreei deitzen zaie, nahiz eta gaur egun izen hau Araitz bailara mendebaldetik ixten duen zirku osoari deitzeko hedatu den. Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan, Gipuzkoako isurialdean kareharriak laberintu karstiko bat osatzen duen bitartean, Nafarroako isurialdean belar luzeaz estalitako larre bertikalek osatzen dute.

Nahiz eta kronika honetan horrela azaldu, egiari zor, Malloetako zeharkaldi osoa egiteko Ttutturretik hastea ez da egokiena. Batzuen ustez zeharkaldiaren lehen mendia Arriolatz izan beharko litzateken bitartean, Imanol Goikoetxeak "Aralar" liburuan zeharkaldia Txurtxur mendian hasi beharko litzatekela proposatzen du, nahiz eta liburu berean batzuentzat igo beharreko lehen mendia Baraibar herriaren ondoko Muzkur mendia izan daitekeela azaldu.

IBILBIDEA

Ibilbidea Amezketan hasi genuen. GR-121 ibilbidea jarraituz, Arritzagako sakanetik igo eta Errenagara iritsi ginen bertan atseden hartu eta kantinplorak urez betetzeko. Errenagatik GR-12 ibilbidea jarraituz Unako putzura iritsi eta bertatik Ttutturrera zuzendu ginen, bertatik Artubiraino luzatzen den zeharkaldiarekin hasiz.

Artubiren ipar-mendebaldetik jaitsitz, PR-GI 2008 bidea lehenik eta GR-121 eta GR-20 ondoren konbinatuz, Amezketako San Martin auzora iritsi ginen, bertatik GR-20 ibilbidea jarraituz Amezketako herrigunera jaisteko.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 33 kilometro.
- Punturik baxuena: Amezketa, 215 metro.
- Punturik altuena: Sollazbizkargaña, 1.430 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 2.100 metro pasatxo.
- Igotako mendiak: 13.
- Zailtasuna: Kurutzeta menditik aurrera, ertzaren ahotik jarraitzen badugu, teknikoki errazak izan arren kontuz ibili beharreko pasaguneak daude, amildegia handia delako. Balerdiko gailurrera iristeko ertz estu bat zeharkatu beharko dugu, hau ere teknikoki erraza dena baina aldi berean amildegi handia duena. Harkaitza bustia izanez gero zuhurtzia handiarekin ibili beharreko ibilbidea da. Ibilbidea teknikoki erraza bada ere, luzera eta desnibel handiko ibilbidea dela kontutan hartu.
- Ura: Ura ongi neurtu beharra dugu, Errenaga eta Larrondoko zelaien artean iturririk ez dugulako topatuko.
- Eramandako materiala: Guk ez genuen material berezirik eraman baina bertigoa badugu Balerdiko ertza zeharkatzeko soka motz bat eramatea ez litzateke ideia txarra izango.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Zazpi ordu eta berrogeita hamar minutu, atsedenak barne.

Informazio eta argazki gehiagorako, edo ibilbidearen "track"-a deskargatu nahi baduzue hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather