BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Biriatutik Manttobaitara

/ maite fernandez

2021-11-21 / Mikel Arrizabalaga

Biriatu herria
Biriatu herritik abiatuko gara. San Martin elizaren ondotik pasatu eta berehala, Kukutxoa etxearen aurretik pasatu eta gero, GR-10ari dagozkion bide seinaleek erakusten diguten norabidean igotzen hasiko gara. Laster, bide balizatua utzi, eta aurrez aurre ditugun Perdrixko haitzen ondora joko dugu, malda pikoari aurre eginez. Argindar poste erraldoien azpitik igaro eta gero, xenda nabarmenetik egingo dugu aurrera. Bide nagusiarekin bat egin, eta gandor biribilduan zehar erraz helduko gara Xoldoko gaineko tontorrera. Ikuspegi zabalaz gozatzeko tartea hartuko dugu. Euskal kostaldeko herrien eta gertuko mendien ikuspegi bikaina izango dugu. Pirinioetako zeharkaldia egiteko lehen oztopoa da mendi hori, eta, gailurrari bizkarra eman, eta Osingo lepo aldera jaisten hasiko gara, malda bizian. Segidan, Bizkarsoro leporantz jaisten den bide zabala hartuko dugu. Horra heltzean, gertu dagoen lakura zuzentzen den pista zabala gure ezkerrera utzi, eta Manddalerantz igotzen dena hartuko dugu.
Faalegiko gaina ekialdetik igaro eta Joncs lepora erraz ailegatuko gara. Azken aldapa ez da oso luzea, eta urak higatu duen bidezidorra jarraituz, Manddalera iritsiko gara. Han, guda garaiko lubakien aztarnen ondoan, Lapurdi eta Nafarroa banatzen dituen 9. mugarria eta gutunontzia aurkituko ditugu. Iparraldean, Txingudiko badian hasi, eta Errobi ibaiaren bokaleraino marrazten den kostaldean barreiaturik, Lapurdiko herriak han eta hemen ikusi ahal izango ditugu. Mendebalderantz begiratuz gero, Aiako Harriko granitozko tontor bikainak, eta, ekialdean, berriz, Larhun mendiko gailurrean, ostatu erraldoiak, TDFko antena itzela... turismo eta teknikaren izenean eraikitako monumentu eroak. Azkenik, hegoaldean, Saioa, Mendaur, Arxuria eta Nafarroako mendi anitz.
Ibardingo bentak
Begien aurrean dugun guztia identifikatzen luze joko genuke, eta, gure interesa ase ostean, martxan jarriko gara. Ekialderantz hedatzen den gandorrari helduko diogu, eta 10. mugarria atzean utzi eta garolekuaren ondotik doan aldapan behera jaisten hasiko gara. Azkar galduko dugu altuera, eta, haitzen artean bidezidorra bilatu aurretik, Manddaleko harrespilaren ondotik pasatuko gara. Historiaurreko monumentu megalitiko horretatik gertu, egungo zibilizazioaren aztarnak daude: Ibardingo bentak. Dendak, tabernak, jatetxeak, aparkaleku mordoa... ohikoa da inguru hauek asteburuetan jendez mukuru egotea, egun-pasa egiteko leku aproposik ez balego bezala.
Beratik datorren errepidea gurutzatu eta, berriz, bide ederrari eutsi eta aurrera egingo dugu, lehenik ipar-mendebalderantz eta gero, ekialderantz. Hasierako malda gogorra berehala leunduko da eta bideak Intzolako paraje ikusgarrietara eramango gaitu. Bailaran murgiltzean, gerizpea, freskotasuna eta Intzolako errekaren ur gardenek harrera egingo digute. Erreka ondoko galtzadatik (Napoleonen galtzada deiturikoa) jarraituko dugu Intzolako bentatik gertu dagoen zubitik erreka gurutzatzeko. Beste aldera pasa eta maldan gora abiatuko gara Deskargahandiko lepora iritsi arte. Larhunera zuzentzen den bidea eskuinera utzita, aldapan behera abiatu eta Olheta errekaren ondoan dagoen Manttobaita Gîte d’Etaperaino jaitsiko gara.

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen 3D (ayvri) ikusteko
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko:

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather