BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Manttobaitatik Ainhoara

/ maite fernandez

2021-12-06 / Mikel Arrizabalaga

Manttonbaita aterpetik gertu dagoen aparkalekutik abiatu eta honen ondotik ateratzen den bide nabarmenetik martxan jarriko gara. GR-10aren marka zurigorriak lagun pixkanaka altuera hartuko dugu. Basotik atera eta berehala ikusiko ditugu Larhun mendiaren gailurra desitxuratzen dituzten antenak. Konturatu orduko, Errepausuko lepora iritsiko gara. GR-10aren bide-seinaleek erakusten diguten norabidean jarraituz, berehala iritsiko gara Larhun mendiaren tontorreraino igotzen den tren txikiaren trenbidearen ondora. Hau gurutzatu eta gero, Altsanga muinoaren oinean dagoen bidegurutzeraino jaitsiko gara.
Trenbidea zeharkatu eta sakanetik jaisten den bidea hartuko dugu hego-ekialderantz. Otadien arteko tarte baten ondoren, pista zabal batetik jarraituko dugu, amildegiaren ezkerreko hegaletik maldan behera. Larhun mendiaren ezproi harritsua azpiko aldetik inguratu ondoren, asfaltozko errepide batera iritsiko gara eta bertatik jarraituko dugu pista eta hartxintxarrezko bidezidor batzuk hartuz. Asfaltatutako bidetik jarraitu eta berehala iritsiko gara baserri baten ondora eta gertu, metro batzuk gorago, otoizleku zaharrena den San Antonekoa ikusiko dugu basoan txertaturik. Berriro baserrira jaitsiko gara eta honen ondotik ateratzen den lurrezko pistatik (GR-10aren bide-seinale zurigorriak) iturrira jaitsiko gara. Bertakoek diotenez ur honek begietako gaitzak eta ekzemak sendatzeko balio omen du. Lurrezko pista amaitu eta berriro etxe ederren artean zabaltzen den errepidera aterako gara. Gertu ikusiko dugu Sara herria eta bere elizako dorrea. Errepide nagusia zeharkatu eta azken maldari ekingo diogu abiapuntura itzultzeko. Ibilaldiari amaiera gozoa emateko, bertako gozo-dendetan aurkituko dugun euskal pastela dastatzeko aukera profitatuko dugu.
Herrian 14 otoizleku daude eta horietatik zazpi, Erdi Aroko galtzada zaharrean aurkituko ditugu herrigunetik oso gertu. Tradizioaren arabera, otoizleku hauek XVII. mendean altxatu ziren Sarako itsasgizon eta arrantzaleen eskariei men eginez. Otoizleku bat monumentu erlijioso txiki bat da eta santu bat gurtzeko eraikita dago. Sara, eraikin erlijioso gehien duen euskal herria da.
Turismo bulegoaren aurrean, pixka bat gora doan kalea hartuko dugu eta, amaieran, oinezkoentzako bidetik jarraituko dugu. Harriztatuko galtzadatik San Petri otoizlekuraino joango gara . Eskailerak igo eta zolatutako bide horretatik jarraituko dugu D306 errepidera iritsi arte. Errepidean 400 bat metro egin eta ezkerrera egingo dugu. Kanpina eskuinera utzi eta zubia zeharkatuko dugu. Bide honek lehenengo bentetara eramango gaitu. Bi kilometro jarraitu eta ezkerretik ateratzen den pista hartuko dugu 64. mugarriaren albotik pasatuz. Errobi ibaia inguratzen duen pista ongi seinaleztatu honek Deabruaren Zubira eramango gaitu. D4 errepidea zeharkatu eta oihanpearen artean jarraituko dugu ibaiaren ertzetik. 600 metro geroago, ibaia hormigoizko zubi batetik zeharkatuko dugu, arrain-haztegia inguratu eta goranzko bidezidor batetik jarraituko dugu errepide txiki batera iristeko. Ainhoa herriaren sarreraraino jarraituko dugu.

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen 3D (ayvri) ikusteko
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko:

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather